Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak irekiko du Tokyo International Film Festivaleko Euskal Leihoa

Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak irekiko du Tokyo International Film Festivaleko Euskal Leihoa –

Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, TIFF Tokyo jaialdiko Euskal Leihoak ‘20.000 erle espezie, ‘Sultanaren ametsa’, ‘Arnasa betean’, ‘Las buenas compañías’ eta ‘O corno’ filmak hartuko ditu.

Urriaren 23tik azaroaren 1era bitartean izango den A kategoriako zinema jaialdiaren World Focus sailean kokauko da leihoa, “Spotlight: Basque Cinema” izenburupean.

Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak irekiko du Tokyo International Film Festivaleko Euskal Leihoa36. Tokyo International Film Festivalek hasiera emango dio aurtengo edizioari hurrengo astelehenean, urriaren 23an. Egun horretan bertan, abian jarriko da Etxepare Euskal Institutuak jaialdiarekin batera antolatutako ‘Spotlight: Basque Cinema’ euskal leihoa, non azken urteetako euskal emakume zinemagileek zuzendutako bost film ikusiko diren. Euskal Leihoa World Focus sailean kokatuko da, munduko zinemaren egungo joerak islatzen dituzten filmak aurkezten dituena.

Euskal zinemak Asiako zinema jaialdirik garrantzitsuenetarikoan eta munduko esanguratsuenetarikoan lekua izango du lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Euskal zinemaren erakusleiho honek Donostia Zinemaldiaren eta Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso du, eta Euskadi Japan 2023 programan kokatzen den ekintzetako bat da.

‘Spotlight: Basque Cinema’ zikloak urriaren 23tik azaroaren 1era bitartean bost euskal film aurkeztuko ditu. Leihoari hasiera emango dio Estibaliz Urresolak zuzendutako ‘20.000 erle espezie filmak eta Isabel Hergeraren ‘Sultanaren ametsa’, Jaione Cambordaren ‘O corno / The Rye Horn’, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien ‘Arnasa Betean: emakume zinemagileak’ eta Silvia Munteken ‘Las buenas compañías / In the Company of Women’ filmekin batera, euskal zinemari eskainitako atala osatuko dute.

Film bakoitzak lau proiekzio izango ditu, eta urriaren 31n, ‘20.000 especies de abejas’ eta ‘Sultanaren ametsa’ filmen proiekzioen ostean, Estibaliz Urresolak eta Isabel Herguerak bakoitzaren filmaren inguruko solasaldia egingo dute bertatik bertara. TIFF Tokyoko Euskal Leihoaren programazioa osorik zinema jaialdiko webgunean dago eskuragarri.

.

Euskal zinemaren koktela

Etxepare Euskal Institutuak Tokioko 36. Nazioarteko Zinemaldiaren baitan izango den Euskal Leihoa aurkezteko ekitaldi bat antolatuko du Tokion, urriaren 30ean. Ekitaldi honen helburua ‘Spotlight: Basque Cinema’ euskal leihoa aurkeztea eta euskal eta nazioarteko zinema industriaren arteko topaketa izatea da. Berau, Euskadi-Japan 2023 sektore anitzeko ekimenaren baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzaren programa honek Euskadi eta Japoniaren arteko harremanak indartzea eta proiektu eta lankidetza berriak sortzea du xede.

Aurkezpen ekitaldia hiriburu japoniarreko Imperial Hotelean egingo da eta bertan izango dira, besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Hedatu eta Sustatzeko zuzendaria, Estibaliz Urrresola ’20.000 erle espezie’ filmaren zuzendaria eta Isabel Herguera ‘Sultanaren ametsa’ filmaren zuzendaria. Gainera, Japoniako zine industriaren ordezkariak, Japoniako euskal komunitatea, Tokyo University of Foreign Studies-en Institutuak sustatzen duen irakurletzaren ikasle eta irakasleak eta gainerako komunitate akademikoko kideak ere bertan izango dira.

Aurkezpenean Bingen Zupiriak euskal zinemak bizi duen urrezko aroan jarriko du azpimarra eta euskal kulturak beste kulturekin harremantzeko duen bokazioa balioan jarriko du. Hitza hartuko dute ere, Shozo Ichiyama Tokyo International Film Festivaleko programazio zuzendariak, Hiroyasu Ando Tokyo International Film Festivaleko lehendakariak eta Irene Larrazak.

Koktelaz Eneko Atxaren Eneko Tokyo jatetxea arduratuko da, euskal pintxoetan oinarritutako eskaintza gastronomiko baten bidez.

.

Euskadi Japan 2023

Euskadi Japan 2023 sektore anitzeko ekimena Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak areagotzea eta agerian jartzea du helburu. Bi lurraldeen arteko harreman horiek indartzea eta lankidetza berriak sortzea da proiektuaren helburua, hainbat alorretan: kultura, gastronomia, turismoan, ekonomian, kirolean…). Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Japoniaren arteko harreman eta lankidetza kulturalei dagokionez loturak estutzeko dihardu.

2023an zehar, aldebiko programazioa garatuko da Japonian eta Euskadin, bi lurraldeetako alor anitzeko jarduerak sustatzeko helburuz. Zinemaren arloan dagoeneko bizi ditugu programazioaren ekintzetako batzuk, hala nola, 71. Donostia Zinemaldiak egindako Hiroshi Teshigahararen azterabegirakoa, egunotan Donostiako Okendo Kultur Etxean abian den ‘Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak’ erakusketa eta Azkuna Zentroan aste honetan hasi den ‘Mangatik zinemara: zinema japoniar garaikidea’ zikloa. Bueltan, martxoan  ‘Unicorn Wars’ filmak Niigatako Zinema Jaialdiko programazioan parte hartu zuen eta Tokyo International Film Festivalen Euskal Leihoa atala erakutsiko da. Hurrengo hilabeteetan aldebiko ekintza gehiago izango dira bi lurraldeetan.

Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak irekiko du Tokyo International Film Festivaleko Euskal Leihoa