Estatuaren itzulera

Estatuaren itzulera –

Azaleko eztabaida politikoen azpitik, eguneroko gertakizun, aldarri edo zenbait politikariren ateraldi merkeen gibeletik, mundua ulertzeko eta sentitzeko modu jakin bat nagusitzen da aldi historiko bakoitzean. Politika publikoak garatzeko unean, garaiko izpiritu hori —zeitgeist— zein den antzematea komeni da, lurrazpiko korronteak agintzen duen logikatik at gera ez gaitezen. Horixe izan da ziurrenik Euskal Herriaren erresilientziaren gakoa: beti egon garela Mendebaldeak bizi izan duen abagune historikoarekin sintonian. 

Izua da egun nagusitu den izpiritua. Iraultza antikapitalistaren mamuak ez du jada beldurrik sortzen. Terrorea ez du ezkerrak bultzatutako borroka kulturalak piztu, gizarte eremu klase-gabetu batzuk aztoratzen dituen arren. Iraultza teknologiko betean bizi gara eta azkartze aldi hauetan kapitalaren pilaketak errenta arrakala areagotzen du, jendartean egonezina barreiatuz. Alabaina, beldurra sakonagoa da: zaharra erabat desagertu ez, eta berria oraindik egonkortu gabe dagoen honetan sortu diren munstroek izutzen gaituzte. Mendebalde menderatzaile izan zena menderatua izateko bidean dago. Erantzun sistemikoa bikoitza da. Batetik, antsiolitiko ideologiko merkea eskaini digu eskuinak: inoiz bizi izan ez genuen iragan idealizatura itzultzea, malenkoniara. Eta bestetik, globalizazio garaian desagertzear omen zeuden estatua eta nazioa itzuli zaizkigu. Baina ze estatu?, ze nazio? Pablo Gerbaudori eta Mario Draghiri kasu eginez gero, Mendebaldeko gune zentraletan bederen, estatuak bere jarduera ohikoak berreskuratuko ditu: inbertituko du, kontrolatuko gaitu, eta nazioa babestuko du.

Estatuaren itzulera
Arg: Ejercito de Tierra

Lehenik, estatuak gastu publikoa handituko du. Amaitu da bere burua erregulatzen zuen merkatu askearen sasoia. Zertan inbertituko du baina? Trumpek hobetsi dituen negozio-gune neo-inperialetatik kanpo aritzea ez da erraza izango. Zedarriak lobbyak zabaldu berri du eztabaida, eta isilbidez bada ere, hautua jada egina duela dirudi: Polo-ak ekoizten zituen lekuan, akaso tankeak fabrikatuko ditu Volkswagen-ek —metalgintza alemaniarrak badu horretan eskarmentua—, eta ITP, Sener, SAPA, Aernnova edo gure makina-erremintak eskabide-zorro ederra izango dute armagintzari esleitu behar bazaio BPGaren %5. Prest al gaude halako negozio mota are gehiago bultzatzeko? Egia da burdinolen garaitik armagintza izan dela gure industriaren zutabeetariko bat, baina euskal metalgintzak, euskal gizarteak, ezin du belizismoa sustatu, alternatibak serioski aztertu beharko dira. Era berean, pilaketa kapitalistak energia-ereduaren aldaketa dakar. Deep Seek algoritmoa gartxuagoa omen den arren, adimen artifiziala elektrizitate xurgatzaile aseezina da. Ondorioz, hidrokarburoak erretzen jarraituko dugu –«zula dezagun, baby»–, prozesu naturalak (ura, haizea, eguzkia) neurririk gabe ustiatzen eta, gutxi bazen, arriskurik gabeko gailu nuklear modularrak erabiltzen hasiko gara.

Abagune kezkagarri honetan, zein izango da gure ekoizpen eredua? Desazkundea, garapen etikoa, edo aurrera jauzi (kapitalista) handia? Herri gisa egin beharreko eztabaidak ezin du gehiago itxaron. Industria edo energia ereduei buruzko erabakiak ezin ditu merkatuak soilik —alegia, enpresa handiek—hartu. Eta herri akordioak ez direnez zerutik heltzen, industria eta energia politikaren diseinu estrategikoan sindikatuen eta beste gizarte eragileen inplikazioa askoz ere indartsuagoa izan beharko litzateke. Langileen eskubideak enpresaz enpresa defendatzen dituzten bezala, industria-ereduaren eztabaidan ere parte hartu beharko lukete. Errenta banaketaren gaia utzi gabe, errenta sortzeko baldintzen eztabaidari heldu behar zaio.

Bigarrenik, argi dago Estatuak kontrolatuko gaituela. Big Dataren kudeaketa adimentsuan oinarritutako teknologiak aukera ematen die gobernuei eta korporazio handiei gure bizitza xehe-xehe deszifratzeko, maiz guk geure burua baino hobeto eta azkarrago. Agintzeko modua errotik aldatuko da. Makiavelok gomendatu bezala gure eskubideak irmo defendatu ditugulako biziraun dugu herri gisa. Ekintza kolektibo ustekabeak, eskubideen arragoa diren gertakizun sortzaileak piztea zailagoa izango da etorkizunean. Modernitatean ezagutu ditugun eskubide eta askatasunen ulermena errotik aldatzen ari da, eta bizitza kolektiboaren ordenua kudeatzeko tresnak ez daude herritarren esku. Gizarte kontrolaren gidalerroak gero eta gehiago polizia-lobbyek definitzen dituzte, eta adimen artifizialaren garaian indarraren monopolioaren baldintzak herri-eztabaidara ekartzea hil ala biziko kontua da, joera autoritarioak nagusituko ez badira.

Eta hirugarrenik, estatuak babestuko gaitu noski. Baina nortzuk gara gu? Zein da babestuko den nazio komunitatea? Naziogintzaren adierarik gotorrena nagusitzen ari da nonahi: migrariak kanporatu edo haien errotzea zaildu eta herritartasunarekin batera datozen eskubideak murriztu, inoiz existitu ez den nazio homogeneoa babesteko. Gurean aspaldi kateatu genituen herrigintza —herritartasun inklusiboaren eraikuntza— eta naziogintza, alegia, euskaran oinarritutako komunitate politikoaren eraikuntza. Eskakizun etiko eta politiko saihetsezina dena —bi dimentsio hauen uztardura— ez da kontu erraza izango, euskal herritar berrien murgiltzea kudeatzeko ezinbestekoak diren estatu egitura sendoak ez dituen nazio minorizatuan. Naziogintza guk geuk kudeatu ahal izateko eskumen osoak behar ditugu zenbait arlotan: harrera, hezkuntza, hizkuntza… Alabaina, tresna juridikoak garrantzitsuak izan arren, arestian bizi izan ditugun modernizazioaren azkartze prozesu guztietan gertatu bezala —gerra zibilaren aurreko loraldian, XX. mendeko 60ko hamarkadakoan—, gizartearen aktibazio militanterik gabe nekez egingo diogu aurre abagune kritiko honi. Harrera herria izatea ederra da, euskarak harrera hizkuntza izateko behar duen estatus sozial eta politikoa eskuratzen badu.

Estatuaren eta nazioaren berpizkundea bada garaiko izpiritua, herri gisa iraungo badugu, izpiritu horrekin bat egitea dagokigu. Eskuinak luzatzen dizkigun irtenbide ustelak baztertu eta subiranotasunaren bidean aurrera egiteko herri-alternatiba sendoa garatzeko unea da. Guk geuk hemen erabakita zertan inbertitu, nola agindu, eta, batez ere, nor babestu.

Estatuaren itzulera  Estatuaren itzulera  Estatuaren itzulera  Estatuaren itzulera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude