Estatuarekiko menpekotasunei eta inposizio guztiei uko egitea ezinbestekoa da geure zerbitzu publikoak eraikitzeko
Estatuarekiko menpekotasunei eta inposizio guztiei uko egitea ezinbestekoa –
Ikasturte honetan borroka ugari bultzatu ditu LABek Euskal Herriko zerbitzu publikoetan, bere kabuz eta gehiengo sindikalarekin elkarlanean, eta horien artean nabarmendu beharrekoak dira EAEn egindako hiru greba egun arrakastatsuak. EAJren eta PSOEren politika neoliberalek pribatizazioak eta prekaritatea inposatzen dituzte, zerbitzu publikoekin negozioa egitearren.
Ahal diren borroka molde eta aliantza guztiak erabiltzeko apustua egin dugu, eta, oraingoan, sindikatuok, elkarlanean, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdiak bilerara deitu ditugu. Bilera erronda horretan gure egoerarengaineko ikuspegia eta aldarrikapenak partekatu nahi izan ditutu, bakoitzaren ardura maila kontuan edukita.
Oraingoan, gai zehatz baina garrantzitsu bati heldu diogu. Izan ere, euskal langile publikoon lan baldintzak hemen erabakitzearen kontrako norabidean doazen erabakiak hartzen ari dira: batetik, Madrilgo dekretu batek estatu osoko langile publikoen soldatak han mugatuko direla dio; bestetik, EAEko aurrekontuetan soldata horiek Madrilen erabakien menpe utziko direla jaso da. Negoziazio kolektiboa beste behin ukatuz, EAJk eta PSOEk EAEko langile publikoen baldintzak Madrilek erabakitzea eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuei inposatu ahal izatea blindatu nahi dute. Astearte honetan bertan EAJk Madrilgo Gobernuarekin (berriro) adostu du sektore pribatuko herrialdeko edota erkidegoko hitzarmenek lehentasuna edukitzea. Sektore publikoan gauza bera egitea errazago du EAJk, baina badirudi CONFEBASKentzat lortu duen erantzukizuna ez duela beretzat nahi.
Pasa den astean, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten EAEko alderdiak deitu genituen maiatzaren 20an alde biko bileretan biltzera, hain zuzen ere, aipatu dekretuari emendakina aurkez diezaioten eskatzeko. Emendakinak Hego Euskal Herriko sektore publikoko langile guztiei eragiten dien bi eskari argi ditu: batetik, soldata hemen erabakitzeko mugarik ez jartzea; eta, bestetik, birjartze-tasa indargabetzea, enplegua sortu eta kontsolidatzeko prozesu berriak hemen erabaki ditzagun. Bilerara EH Bildu eta Sumar soilik bertaratu dira. EAJk eta PSEk uko egin diote gehiengo sindikalarekin biltzeari, eta nahiago izan dute euren bulegoetan ezkutuan adostu, langileei eta negoziazio kolektiboari bizkarra emanez. «Auzolana» etengabe ahotan, baina ekintzetan inposizioa behin eta berriz.
LABek politika publikoak aldarazteko borrokan jarraitzen du: Euskal Herrian zerbitzu publiko indartsuak eduki ditzagun kanpoko injerentziarik gabe eta inposiziorik gabe, negoziazio kolektiboa errespetatuz, hemen bertan adostuz honakoak: publikotasuna eta publifikazio planak; enplegu beharrak eta ratioak; lan baldintzak eta soldatak; zerbitzuak eta lana euskaraz; neurri feministak…
Sindikatuok hurrengo hitzordua maiatzaren 27an izango dugu Bilbon; 10:30ean Eudelen eta 11:30ean Eusko Jaurlaritzaren aurrean.
Politika publikoak aldatu!
Inposiziorik ez!
Hemen erabaki!
Estatuarekiko menpekotasunei eta inposizio guztiei uko egitea ezinbestekoa da geure zerbitzu publikoak eraikitzeko