Estatu konfederala ala akordioa
Estatu konfederala ala akordioa –
Guztiok bizi nahi dugu lasai, besteekin ongi konponduz, liskarrik gabe, elkar errespetatuz. Elkarrizketa, adostasuna, akordioa, bakea, aldebikotasuna… nik ere nahi nituzke. Nork ez?
Baina jendea gosez hiltzen da, armaz, erraz senda daitezkeen gaixotasunez. Jendea kalean bizi da, mehatxupean, beldurrez, ihes egitera behartua dago. Jendea ez da hilabete amaierara iristen, esklabo da, beste batzuentzat lan egitera behartua dago miseria baten truke, askotan ezeren truke. Hilabeteko kontratuak, egun batekoak, bi ordukoak. Eskubide bat bestearen atzetik urratzen da. Oinarrizko eskubideak, sozialak, zibilak, politikoak. Desberdintasunak handitzen ari dira, demokrazia pobretzen.
Basoa erdi betea edo erdi hutsik ikus daiteke. Batzuetan alde onei erreparatzen diegu, besteetan txarra paratzen zaigu mutur aurrean. Dena den, berdin jarraitzea erabakitzen dugu, bakearen izenean, bizitza gehiago ez konplikatzearren. Hobe gauzak bere horretan uztea, izan ere, zailtasunetan eta liskarretan sartuta ere, zer lortuko dugu? Erdi ongi edo erdi gaizki egonda ere, hobe lasai, ezaguna zaigun egoera batean; zertarako sartu nola amaituko diren ezin asma dezakegun abentura utopikoetan?
Esango nuke gehienak hor kokatzen garela; arruntena dela gure ezin egonak eta hausturak barnean gorde eta egunerokoarekin jarraitzea iskanbilarik ez sortzearren. Zenbaitetan, ordea, zerbait gertatzen zaigu, aktibatu egiten gara ez dakigu nola, eta bapatean espero ez genuen borroka batean aurkitzen gara, korronte ezezagun batek bultzatuta. Katalunia da adibide bat.
Euskal Herrian, ordea, ez gaude puntu horretan. Aukera egon liteke, dena den, inflexio puntu batean sartzeko, Kataluniak eraginda. Kontua da batzuek inflexio puntu horri heldu nahi diotela kosta ala kosta eta beste batzuk, aldiz, ahalak eta bi egiten ari direla aukera hori uxatzeko.
Arre ala so honetan etorri da Urkullu Lehendakariaren Estatu konfederalaren proposamena. Aldebikotasuna eta akordioa Espainiarekin, Estatu konfederala ortzimugan. Eta Egibarrek argitu digu zer den Estatu konfederala: Europar Batasuna da adibide bat.
Galdera da: Ibarretxek 2004ean proposatu zuena ez al zen gauza bera? Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen erabakitze eskubidea jasotzen zuen Estatutu berria, eta Kongresuan ez zioten eztabaidarako ere atea zabaldu. Estatuan nazio politiko bakarra dago, eta berak soilik du erabakitzeko eskubidea. Garaian esaten zen Estatutu berriak ez zuela kontsentsu nahikorik lortu EAEn, PSEren adostasunarekin etorri balitz desberdina zitekeela; Kataluniara begiratzeko, haiek ari zirela Estatutu proposamena ongi josten.
Halaxe zen, 2005ean Kataluniako parlamentuan %89ko babesa jaso zuen tripartitoaren estatutu proposamenak. Kataluniako PP bakarrik azaldu zen kontra. Zapaterok esana zuen Kataluniak onartzen zuen estatutua bere horretan onartuko zuela. Baina ez. Madrilen ezinezkoa zen estatutu hori zetorren moduan onartzea (Katalunia nazioa da zioen estatutuak) eta Artur Masek Zapaterorekin akordioa lortu zuen Katalanek onartutako estatutua desitxuratuz (nazio hitza sinboliko bihurtzen zuen) sekretupean egindako bilera batean.
Estatutu desitxuratu hura 2006an onartu zen Kongresuan gehiengo osoz, eta ondoren Katalunian erreferendumean herritarrek baietza eman zioten, parte hartze eskasarekin eta atsekabe puntu batekin.
Ulertu nahi dut hau dela estatutu berriaren bidea elkarrizketa, aldebikotasuna, akordioa eta legea (Konstituzioa) errespetatuz egitea. Ez? Hau da, estatutu berritik nazio hitza eta erabakitze eskubidea kendu behar da Kongresuak gehiengoz onartu eta aurrera egin dezan. Berdin du Katalunian, zein Euskadin, zer kontsentsu lortzen duen.
Gauzak horrela eta konstituzioa errespetatuz, Kongresuko oniritziarekin eta kataluniarrek erreferendumean emandako baietzarekin estatutu horrek aurrera egin beharko luke, ezta? Bada ez. PPk Auzitegi Konstituzionalera jo zuen estatutu horren aurka, eta Konstituzionalak, bide legal guztiak egin zituen estatutu desitxuratu hura are gehiago desitxuratu zuen 2010ean artikulu batzuk antikonstituzionalak zirela ebatziz eta baliorik gabe utziz. Hortik dator, hein handi batean, gaur egun Katalunian bizi dena.
Beraz, ikusi dugu Espainian aldebikotasunak, elkarrizketak, akordioak eta bidea konstituzioak markatzen duen moduan egiteak nora daraman. Ezinezkoa da erabakitze eskubidea jasotzen duen estatutu bat aurrera ateratzea bide horretatik. Ibarretxeren saiakerak erakutsi zuen. Kataluniak egin zuen bideak are gehiago. Espainia ez da Britainia Handia. Espainia ez da Kanada. Nahi genuke, baina ez da, azken hamarkadak ezin argiago erakutsi digun moduan (aurretik konbentzituta ez baginen!).
Hortaz, Espainian Estatu konfederala aldebikotasunez eta adostasunez lortzea oximoron bat da, zirkuluaren koadratura. Bata ala bestea, ezin dira biak elkarrekin eman. Kontu da proposamen hori eginda zer bilatzen duen Urkulluk: aldebikotasuna eta adostasuna Madrilekin, gauzek bere horretan jarrai dezaten, ala Estatu konfederala, Kataluniak bultzatuta, hemen aldaketa prozesu batean abia gaitezen.
Esango nuke Lehendakariak berak erabili zuen esaldiak argitzen duela kontua, “en el horizonte de un estado federal” esan baitzuen. Ortzimuga ezin da inoiz harrapatu, gerturatu ahala ihes egiten baitu.
” Zer bilatzen du Urkulluk proposamen horrekin”
Koiuntura gainditu. Ezegonkortasun zantzu guztiak itzaltzen lagunduko duen guztia egingo du. Izan ere EAJ egunean bizi da, epe motzera, asko jota hurrengo hauteskundeei begira.Katalunian hurrengo belaunaldiei begira ari diren bitartean. Joko bikoitzean: Kandela bat Katalunian bestea Madrilen. Praktikan, Kataluniarren aspirazioei kalte egiten. Praktikan Kataluniako herritarren burruka eta lanetik erredituak etaratzen (gizalegez?). Praktikan, bere oinarrietako abertzaletasuna, burujabetzarako grina anestesiatzen.
Zorionez denbora EAJren kontra dago. Beharrak (ekonomiak) lagunduko dio estrategia aldatzen: Madrileko jauntxoen baliabide/diru-gose aseezinak eta euskal herritarron askatasun premiak.
Aipatzen dituzun puntu gehienekin ados egonda ere, urriaren 12a eta abenduaren 6a gainean ditugunean, ELAk bere miltanteak jai egun espainol hauetan lanera joateko deia egin behar al die/digu? Horretarako kanpainarik martxan jarri behar al du ELAk?
Gurea, Espainiako jai egunak ospatuz Kataluniarekin elkartasuna adierazten duen herria da.
Andaluziako estatutuan jartzen du Nazioa direla ta konstituzionalak ez zun ilegaltzat jo. Katalunian bai,hori delako etorkizuna erabaki nahi dutenek aurkituko dutena Espainian. Mexpretxua,iraina,ukazioa,errepresioa… Ta “aldebikotasun” hortan EAJ ondo aurkitzen da.
Catalunyaco processoa Europa mailacoa da. Europac orain auquera paregabea daduca Eguiazco Nationeen Europa eraiquitzecotz ceinetan baileudeque Scocia, Catalunya, Navarra/Euscal Herria, Portugal, Espainia/Gaztela…
Anglaterrac ere nahi balu…
Erraz erraça liçate vorondateric baliz.
Compombidea ez da Catalunya’ independente bilhacatzea. Araçoa haratago doa.