Espainiartasun eza aldarri

Espainiartasun eza aldarri –

Badakit, askorentzat amets txar bat bezala bizi dutela, oraindik urruti ez ditugun garaiak, eta zerbait berriaren zain daudela ere badakit. Parentesi batean barne gaudela, alegia.

Espainiartasun eza aldarri

Tarteka, Donostiako Kontxari begira, eskudel dotorea helduz, azken hamarkadetan bizi izandako hainbat argazki etortzen zaizkit burura. Egia esan, ez dakit nola eta zergatik, baina antzeko zerbait gertatzen zait gure herriaren gainean dugun Azkua mendi tontorrean nagoenean. Handik ez da ikusten hondartzarik baina bai mugarik gabeko lurralde ederra, begien gozamenerako.

Auskalo zergatik, ez diot tankerik ere ematen, baina argazki denak ikusten ditut batera. Beti gertatu zait gauza bera, baina azken bolada honetan ez, orain beste zerbait ere ikusten dut, beste egoera politiko berri baten atarian gaudela, ikusi, sumatzen dut. Ez dakit nora eramango gaituen, baina berria izango dela bai.

Badakit, askorentzat amets txar bat bezala bizi dutela, oraindik urruti ez ditugun garaiak, eta zerbait berriaren zain daudela ere badakit. Parentesi batean barne gaudela, alegia.

Parentesi bat nioen, eta ezin hobeto irudikatu gaurko egoera. Handik eta hemendik isilarazi eta ezkutatu nahi izan diren arazo nagusi gehienak, zutik eta bizirik, aurrez aurre ditugunean.

Ez dut esango azken berrogei urte luze hauek alferrik galdu ditugunik –ez baita egia–, baina lehen genituen arazo berberak ditugula bai. Beraz, harrokeria gutxi.

Ez dago zalantzarik, frankismoaren aurreko eta ondoko arazo biziena, nazionalitateak eta Autonomiaren arteko harreman zail bezain korapilatsua genuela eta dugula. Autonomia aipatzen denean Estatutuak jartzen ditugu mahai gainean, eta honekin, bere baliagarritasuna. Hor gakoa. Hego Euskal Herrian, askok, naiz orain arte espainiar gobernu guztiak –bata bestearen ondotik– argi eta garbi frogatu, ez dutela Estatutua «betetzeko» asmorik, ez dute besterik entzun nahi, Estatutua da aurrera egiteko beraien tresna bakarra. Gero agertuko dut zergatik.

Espainiartasun eza aldarriBeste askorentzat –ni tarte– Euskal Herriaren askatasunaren ibilbide luzearen urrats bat besterik ez da –betea ala ez–, Autonomi Estatutua. Euskal Herriaren jatorrizko eskubidea ez baita inoiz, Madriletik eta borondatez emango diguten zerbaitekin agortuko. Gure eskubideak, sabel emankorragoa behar du. Euskal gizartearen kontzientziak, borondateak eta irudimenak, muga dezakete bakarrik, jatorrizko eskubidearen etorkizuna.

Lan asko dago aurretik, batez ere, ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den, gertatzen ari dena. Eta lan horretan ez du batere laguntzen, bai historia, soziologia edo kultura arloan, Herri desintegratu baten antza handia izateak. Eta ez administrazio mailan soilik.

Dena dela, desintegrazio honen gainetik, integrazio borondate bat dagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, baita nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria delako. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da, «oraindik» historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Alegia, gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori aldatu beharra dago.

Gaur egun, espainiarrak bide «bakarra» bultzatzen dutela frogatuz, PSOE, PP eta bere ingurukoek eskaintzen duten integrazioa ezinezkoa da, ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe. Bestela ez da integrazioa, kolonizazioa baizik. Gainera, integrazioa espainiarra bultzatzen dute, eta oker ez banago, hauteskundeen emaitzak diotenez, euskaldun gehienak ez daude ados, beste zerbait nahi dute.

Beraz, mezulariak ezagutzen ditugu, mezua ere bai. Elkarbizitza da aldarrikatzen den helburu ukaezina, bale, ados. Baita erabakitzeko ahalmena, ados ere, bale, baina zer erabakitzeko, espainiar «nazionalistak» nahi dutena, hala abertzale euskaldunak nahi duguna? Espainiarrak izatea derrigortuz, inposatuz? Hori da elkarbizitza?

Dena dela ez da arazo bakarra, arazoa ez baita hauteskundeetako herri honen borondatea, kontzientzia eta sentiberatasuna baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak, urte luzeetan sakonki nahasi duena.

Espainiartasun eza aldarriEgia da orain arte emandako urratsak emaitzak eman dituztela, baina onartu beharra dago –egia baita–, garai batean uste genuen baina latzagoa izaten ari zaigula, Autonomia Estatutua desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia, independentziaren antidoto gisa erabili duela botere menperatzaileak, aurreko tresna guztiak porrot egin eta gero, noski.

Bide beretik dator gaur PSOE –aginteko ardurak galdu eta porrot bat bestean ondotik jaso dituenean, noski– bultzatu nahi «omen» duen federalismoa. Beharbada onerako izan daiteke, baina baita beste urrats bat, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino tranpa hilkorra suerta daitekeena, herri honetako askatasun aukerari begira.

Beraz, ez dago zalantzarik, denok nahi omen dugun egitasmo hori, –nire ustez behintzat– konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu, «nekez inork» ekarriko du normalizazioa eta bakea, herri honetara. Eta beldur naiz politiko euskaldun batzuk bide horretatik doazela.

Zazpigarren paragrafoan emandako hitza betez –ez dago zalantzarik–, Estatutua + EAJ + X = Ajuria Enea.

Ekuazio honek, Ajuria Enean sartzeko, ukaezinezko bermea erakutsi du urteetan zehar, baina bide honek beste zerbait ere erakutsi digu; Euskal Herria aske, independentea eraikitzeko bidean, tarteko urratsa baino, oztopo nagusia bilakatzen dela.

Euskal Herria aske, independentea, eraikiko da –dugu– helburu horrekin bat egiten duten guztien artean. Abertzale izan ala ez, eskuin ala ezkertiar izan, baina helburu honen aurka lan egiten dutenekin, sekula ez. Ezinezkoa da. Horregatik dira Estatutuaren defendatzaile sutsuak, horregatik «orain» federalismoa eskaintzen gaituzte, Euskal Herria aske izatearen alternatiba izan dadin.

Zoritxarrez askatasunaren aurkari hauek ez daude bakarrik, togadun nagusiak jarri dituzte beretzat lanean. Kataluniarrak bezala, euskaldunok, aspaldidanik dakigu Botere Judizialaren inbasioa bizitzen ari garela, izan ere, bestelako instantzietan ebatzi beharko liratekeen gatazkak hartzen dituzte euren gain. Hala ere baikor naiz, kataluniar abertzaleak, herriak eskainitako bozaren indarrak, zuzen eta irmo kudeatuko dituztela.

Zuzenbidearen eta justiziaren arteko urruntzea bizitzen ari gara. Garai bateko doktrina zaharra egunean dago, non zuzenbide «positiboa», gaur, justua ere bada. Horrek gauza bakarra esan nahi du: posizio totalitarioak defendatzea, alegia.

Hasieran aipatzen nituen lau hamarkadek irakasten digute, dagoeneko ekiteko unea iritsi dela, benetako aktoreak eszenara igotzeko sasoia dala. Trantsizio –parentesi– sasoian gaudela eta errealitate batetik beste batera igarotzeko, aldaketa kualitatiboak eman behar ditugula.

Errealitate berria kontuan hartuko duen sasoi berria ezarri, eta gaurkoa eteteko prest gaude. Baita errealitate horren sail bakoitzak aldaketa-erritmo jakin bat beharko duela. Beraz, nahitaezkoa dugu historiaren norabide berri hau atalka garatzea. Ezin diegu hutsik egin horrenbeste urtez «trantsizioan», parentesi ikaragarri luze batean, aurrera begira etorkizunean sinetsi dutenei. Nik dakitenez, prest daude betidanik.

Beraz, gure herria prest dago bere eskubideak gauzatzeko. Bere buruaren jabe izan nahi du, eta inoren eskusartzerik gabe erabaki. Libreki adierazitako erabaki demokratiko  hori, errespetatzea nahi du gure herriak. Hala bedi.

Espainiartasun eza aldarri  Espainiartasun eza aldarri  Espainiartasun eza aldarri

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.