Espainiar nazionalismo soziologikoa
Espainiar nazionalismo soziologikoa –
Ia konturatu gabe baina urte hauetan ikasle garaiko istorio oso ezaguna den antzezpen baten aurrean gaudela dirudi. Bibliak berak dionez, Abraham eta Sararen biloba bikien arteko aferan aurrez aurre jarri gaituzte euskaldunei. Nola Esau eta Jacob anai bikiak izanik, lehenak -Esau berak- anaiari, oinordekotzak daraman onura guztiak, dilista plater baten truk eman zizkion, gosea asetzeko asmoz.
Nire ustez ez da bide zuzena, baina egia da, urteak daramagu ontzat ematen ofizialtzat hartzen den diskurtsoa, egungo estatu eredua mantentzeko hain zuzen, berak eraikitakoa. Diskurtso honen bitartez berezko konpromiso etengabea eszenaratzen dute hartu dutenek. Zertako eta, egungo estatua legezkotu asmoz.
Diskurtso amarruti honen bidez nahi dute “beste” diskurtso baten gaurkotasuna estali, zaharkituta eta agortua balego bezala, baina errekuperatu egin behar dugu, bera baita sustraiei lotzen zaiona, arazoaren muinari alegia. Gakoa ez baitago Estatua legezkotu lukeen nazioaren gabezian, baizik eta bere baitan dauzkan estatuarekiko arrotzak sentitzen diren nazio ugariak izatean.
Horregatik ez da harritzekoa, urteen poderioz, eta esperientzia pilatzeko aukera izana baliatuz, zentzu politikoan, gaur egungo sistema “demokrazia formal” gisa definitzen denean, batzuek bekozko iluna jartzea, haserre, gutxiesgarritzat jotzen dutelako.
Aldiz, nik ez dut uste gure gizartea hain demokratikoa denik. Benetako gizartea, zatitu gabeko eta hierarkikoki klasetan sailkatu gabeko herritarrak, boterean modu eraginkorrean aritzea baldin bada demokrazia, argi dago demokraziatik urrun gaudela.
Agerikoa da era berean, klase diktadura erregimen baten bizi garela, indarkeriaren bidez inposatzen den klase boterearen pean. Baita indarkeria horren tresnak instituzionalak eta konstituzionalak badira ere. Eta hori hain maila handian gertatzen denez, nekez inork aldarrikatzen ahal du “hemen” benetako demokraziarik dagoenik.
Horregatik – eta hauteskunde guztietan bizitzen dugun bezala – arbitrariotasuna, bidegabekeria, edota burokraziaren ustelkeria salatzean “estatuaren boterea” aipatzen dugunean, esan nahi du; administrazioa, polizia, armada, finantza taldeak eta “estatuaren aparatua” deitu ohi den gauza zehaztugabe eta usain txarreko horretaz ari garela.
Garrantzia eman beharrean gaude, askotan, botere politikoa itxuraz, harekin inolako zerikusirik ez duen erakunde batzuen bitartez gauzatzen baita. Independente plantak egiten dituzten, baina ez diren erakundeen bitartez. Izan ere, botere politikoa batzuk uste duten baino askoz ere sakonagoa da.
Botereak euskarri gune eta puntu “ikusiezinak” eta ezezagunak dauzka. Hala, gutxien pentsatzen dugun lekuan dago haren benetako indarra eta iraupena. Ez da nahikoa gobernuaren, Estatuko aparatuen atzean klase menderatzailea dagoela esatea, jarduera eremuak kokatu behar dira, hau da, menderatze hori gauzatzeko lekuak eta tresnak.
Menderatze hori ez denez zapalkuntza ekonomikoaren adierazpen politikoa bakarrik, haren tresna baizik – zapalkuntza hori posible egiten duen tresna- lehena desagerrarazi nahi badugu, bigarrena sakonki ahuldu beharrean gaude. Ez dago beste biderik.
Hortik aurrera, sistemako “eragileek” – batez ere espainiar nazionalismo soziologikoa osatzen dutenek- hartzen dute esku, behin eta berriro Sabin Etxean sortzen dituzten itunek erakusten duten bezala. Sistemarentzat nahitaezko aktoreak dira, haiek gabe aurretik aipatutako menderatze ekonomikoa asko ahulduko bailitzateke.
Hamarkada luzez horrelako egoeran murgildurik bizi garela eta nor berak bere kabuz ezer gutxi lor dezakeela ikusirik, urrats berriak eginez, beldurrak eta nagiak baztertzeko egunak heldu direlakoan nago.
Askotan irakurri eta entzun izan diet belaunaldi desberdinetako erakunde abertzaleetako buruzagiei, euren helburua Euskal Herriaren askatasuna dela. Zalantzan jarri ezin badut konpartitzen dudan helburu horren aldeko jarrera, ordea, ez dakit nola egin daitekeen jomuga horren alde, gaur egun egiten ari direnarekin.
Izan ere, historia errepikatu egiten da, eta bizitza politikoa batzuetan oso zaila dela frogatzen du. Dirudienez, behin eta berriro beraien izaera politikoa aldarrikatzea behartuta daudenak, ez dute ikusten, estatu espainiarraren indarkeria ez dela erantzuna, hau da, indarkeria hori iraunkorra dela eta bere interes estrategikoak inposatzeko erabiltzen duela.
Beti defendatu izan dut, inori ezin zaiola koherentziarik eza leporatu, denboraren poderioz ikuspuntuak moldatzeagatik. Eta hori pertsonen kasuan onargarria bada, alderdi politikoekin, zer esanik ez.
Alabaina, nire ustez, zenbait kasu jakin heltze naturaletik urrunago ikusten ditut. Zenbait jarrera erabat aldatu izanak, hain modu nabarian, gaitzespen edo arbuioa bereganatzeak, ez litzake harritzekoa izango.
Dena alde izanik, sistemaren babes osoarekin, nagusiei ildoa jarraituz, eta hala ere mahai gainean “eltzea hutsa ikusteak”, agian hausnarketarako beta eman dezake.
Historiak egiaztatzen du, duela lau hamarkada bezala, gaur ere norbaitzuk hasieran aldarrikatzen zituzten definizioak moteltzen ari direla. Begiak ireki eta aurrera begiratzea da bide bakarra. Herria, beraien herria, denen herria, dute zain. Zorte on.