Espainiako Konstituzioaren gertakari paranormalak

Espainiako Konstituzioaren gertakari paranormalak –

Ospakizun berezi bat dute gaurkoa hori ospatzera deitutakoek, Espainiako Konstituzioa. Kuriosoa gero festa eurena! Ez agian festa duten aldetik, bai baina ospakizun duten horrek, Espainiako Konstituzioak (EK), bere baitan barne-biltzen dituen ezin konta ahala kontraesanengatik eta horiek sortarazten duten nondik ulerturik ezagatik, eta, azken buruan, EK, oro har, berez den nahaspila izateagatik, besterengatik ez balitz ere. EK nirekin inondik ere ez doan kontu bat den aldetik, agian datozen lerroetakoak soberan beharko luke berez, eta horrela aitortu beharko nuke jada izkiriatzen hasi aurrez. Halarik ere, euriarekin antzo, EKren zipriztinek busti izana, edo, beren erasanez, zenbait eta zenbaitetan are mela-mela eginda ere geratu beharra, ezin dugu saihestu, euria gustuko izan edo ez. Dena den, artefaktua dugun guardasola ere hor dugu, eta horretaz baliatuta, artifizialki bada ere, lehor-lehor begiztatu dezakegu EK, euria guardasolpean antzo. Nolanahi ere den, EK-k, nahitara behintzat, ikutzen ez nauen aldetik, har ditzadan, baina, lerro hauek soil-soil ironia-kritika gisa, eta berez dirudien denbora-galtze hau dibertimendu merke huts ez dadin izan niretzat.

EKren lehenengo gertakari paranormala: “España se (auto)constituye…”

Jada iazko artikuluan esan nuen moduan, EK, gertatakari edo ekintza gisa, zinez harrigarria da, kuriosoa oso, eta Espainiaz dakigun guztia ez bageneki, are mirakulutsutzat ere jo genezake. Paranolmaletik-edo ere leukakeela eman lezake. Izanez ere, bere 1. artikuluan, erdaraz, honelaxe diosku: “España se constituye en un Estado social y democrático de Derecho”; euskara ekarrita, aldiz, beste honako hauxe: “Espainiak zuzenbideko Estatu sozial eta demokratiko bat eratzen du”. Horratx, hortaz, aipatu mirari edota gertakari paranormala; nork eta Espainiak, zer eta, estatu bat ezarri egiten du. Non zegoen baina, zein zen baina auto-eraketa horren aurretik? Ez lasai! Antza denaz, ez zegoen inon, edo bai, bazegoen nonbait, baina hor baino ez, gaur dagoen leku horretan hain justu. Kontua baina besterik da. España, “auto-metamorfosiz”-edo, “auto-metanoiaz”-edo, konstituitu egiten da (“se constituye”), konstuitu egiten bere burua. Euskara gaixoak, aldiz, mirari horrelakotsurako ezinduta, auto-transformatzen den subjektua deskribatzeko ezinduta, subjektu eta objekturen arteko ekintza bat deskribatu behar du derrigor. Pena baina!, usteak erdia ustel euskararekin hasi orduko, misterio eta mirarietarako itxaropen guzti-guztia euskarak uxatua, kaka! Halarik ere, euskararen bertsioak ere bere misterio-apurra gehitzen du, bere ekarpentxoa egiten dio EK-ri; izanez ere, Estatua (Espainiako Estatua,alegia) Espainiak ezartzen duenez, zera galdetu beharko genioke segi-segidan geure buruari: Zein da “Espainia” delako hori? Estatu izan aurretiko hori? Gurea bezalatsuko estaturik gabeko nazioa ote? Ez da izango bada! Kurioso-kuriosoa dena!

EKren bigarren gertakari paranormala: “La Constitución se fundamenta…”

EKren edukian barrena jarraituta, “misterio” gehiagorik ere topatuko dugu. Konstituitzearekin lotutakoa ikusi dugu, bada, “fundamentatzearekin” ere nahas-mahas dabil oso gure Espainia delako hori: “La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles” dio 2. artikuluak. Bigarren adierazpen hau sor eta lor uzteko modukoa dugu. Konstituzioa bera inkonstituzionala ote, akaso? Ezen, adierazpen aurreko hori baino inkonstituzionalagorik edo akonstituzionalagorik, nekez aurkituko beste inon! Izanez ere, arautu gabe zegoen zerbaitean hartzen du oinarri Konstituzioak, berak araukizun duen zatiezintasun delako hori, hain justu ere, zer, eta oinarri, “fundamento”. Horratx beste naturako mirari bat! Zer metafisika klase-suerte dugu hau? Zer esentzialismo, edo pre-existentzialismo betierekoa, eta betiren betikoa, dugu hau? Eta, are garrantzi handiagokoa, noiztik arautzen dira horrelako konbikzio ontologikoak? Bestela, zer arraiotan gelditzen gara bada? Espainia indibisible delako hori zergatik da zatiezin? Berez eta izatez? Edo, aldiz, Konstituzio-testuaren indarrez? Zertan gelditzen da orduan Espainiaren kontua?

EKren hirugarren gertakari paranormala: Nonbait, euskara hizkuntza kontituzionala da, gaztelania ez bezala

Noan aurrera, 3.artikuluarekin orain: “el castellano es la lengua española oficial del Estado. Las demás lenguas españolas serán también oficiales en las respectivas Comunidades Autónomas… Bada, hirugarren artikulu honek dakarkinguna ez da makala inondik. Rafael Sanchez Ferlosiok zera dio zuzen onez, konstituzio batek ezin duela honelako “es” (da) erabili, alegia, kasu honetan zera esaten, gaztelania “dela” ez dakit zer eta badakit zer. Izanez ere, egia esatera, “da” horrek berez aurrez bazenaren berri baino ez du ematen, hau da, berez jada Konstituziotik kanpo bazegoena, denboran atzera eginez gero. Espainiak esentzialismorako duen joera gaixoti ezin kontrolatuzkoarekin egiten dugu topo honako honetan berriz ere. Ofizialtasun bat abiatzen ari denak, berorretan hasten ari denak, konstituitzen ari denak, ezin deklara dezake gauzak “ofizialki hala direla”. Ezin litekeen gauza da; “zerbait hala dela” Konstituzioa gora-behera. Gaztelania Espainiako hizkuntza ofiziala “da”, hortaz, berez, izatez eta naturaz edo ez, aldiz, bortxaz, aginduz edo legeztatzez? Horrelakoa al da kontua? Ez dakit nik bada… Beste hizkuntzatxoak, aldiz, besteetan beste gure euskara, ez “dira” berez, izatekotan, “izango dira”, nonbait, Kontituzioaren bertutez “izango dira”.

Kontuak horrela, hortaz, hizkuntza konstituzional bakar-bakarrak azken hauek baino ez ditugu, hau da, katalana, galegoa, euskara… eta ez inondik ere gaztelania, azken hau Konstituziotik kanpo dagoelako “betidanik”. Gaztelania, beraz, hizkuntza inkonstituzionala dugu. Harrigarri gero kontua!

Konstituzio mailako (“Carta Magna” mailako) mirarietan edota gertakari paranomaletan sinisten ez dugunez, eta futbol jokalari batek, korner bat atera eta, batera, berak berorrek gola sartu ezin dezakeen moduan, eskuarteko kontu honetan ere, oinarri (“fundamento”) dugun zerbait ezin oinarritutako geroko horren parte izan; bata edo bestea, ezin biak bateratsu.

Hau esanda, amaitze aldera, busti egin behar naiz, tamalez EK-k derrigor bustitzen gaituen bezala, bustiko naiz eta, behin konstituzio-mirarietarako aukerarik ukatuta, zera galdetuko nioke neure buruari; zer parte da egiazko, zer da salbagarri EK-tik? Bestelako argudio-zergatirik ezean, denbora hurrenkera, edo, horren arabera, espero izateko den testu hurrenkera (espero dezagun bigarrena dugun artikulu hori horren ostekoak direnak baino lehenago idatziko zela) errespetatze aldera egingo nuke nik. Logika hutsez!, egia esatera. Eta… logika hutsez, sen on hutsez, zera aitortu behar dugu, derrigor eta ezinbestez aitortu ere; EK-k miraritik deusik ere ez, bai baina asko inkonstituzionaletik. EK guztiz inkonstituzionala da, guztiz! Izan al liteke ondorio-konklusio azkeneko hau, alegia, Konstituzioa inkonstituzionala izatea, azkenerako, benetako miraria? Hurrik eman ere! Zabarregia miraria izateko! Zabarregia gertakari paranormala ere izateko!

Igor Goitia

Espainiako Konstituzioaren gertakari paranormalak

Espainiako Konstituzioaren gertakari paranormalak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude