Espainiako Itzulia eta Israel Premier Tech Euskal Herritik kanpora!

Israel Premier Tech –

Datorren irailaren 5ean Espainiako Txirrindulari Birako etapak Gasteiz eta Maeztu arteko ibilbidea egingo du. Honako kirol ekitaldi hau milioika ikuslek segitzen dute, telebistaz zein streaming plataformen bidez, eragin mediatiko ikaragarria dauka, eta berriz ere Euskal herriko lurrak zeharkatuko ditu. Aurten ere, gainera, Israel Premier Tech taldeak parte hartuko du, eta horrelako kirol-ikuskizunek ematen duten ikusgarritasun mediatikoa estatu sionistaren irudia zuritzeko baliatuko du. Ez bata eta ez bestea ez dira kasualitate hutsa. Israelgo erregimen kolonialak sustatutako taldearen parte hartzea estrategia zehatz baten barruan kokatzen da. Estrategia hori Hasbará (Propaganda) Ministerioak markatzen du; 2005ean Israelgo ordezkarien parte hartzea mundu osoko musika, arte eta kirol ekitaldietan bultzatzeko asmoz sortutako ministerioa; eta nazioarteko foroetan erregimen genozidaren presentzia normalizatzeko helburua dauka.

Israelgo txirrindulari taldea, gainera, ez da ohiko talde bat, eta apartheid erregimenarekin dituen loturak nabarmenak dira. Halaxe aitortu du adierazpen publikoetan Sylvan Adamsek, taldeko jabeak: «Gure kirolariek badakite Israelgo taldean daudela eta euren herrialdeko enbaxadoreak ere badirela». Adams enpresari kanadar milioiduna da, hirigintza inperio bat eraiki zuen enpresari judu baten ondorengoa. 2017an lortu zuen hiru urte lehenago Ran Margaliot txirrindulari profesionalak eta Ron Baron zaleak sortutako taldearen jabetza eta dirutzaz haziarazi zuen. Izan ere, hain da ezohikoa txirrindularitza Israelen, non 2014an eratu zen lehenengo talde profesionala, Jerusalem Mendebaldeko Nes Harim kolonian. Taldea kanpotik kontratatutako kirolariz osatu dute, gehienbat, eta bost baino ez dira israeldarrak; besteak beste, Guy Niv, Sniper ezizenez ezagutzen dutena bere militar garaietan frankotiratzaile lanetan aritu zelako.

Israelgo txirrindularitza talde honen parte hartzea, beraz, erregimen sionistaren krimenak zuritzeko eta normalizatzeko estrategia baten barruan kokatzen da, areago, Israel mundu osoaren jomugan dagoenean azken urtean Palestinan burutzen ari den genozidioa gogortu duelako. Gisa honetako ekitaldiek Israelen iraupena bermatzen dute eta sustengua ematen diote Palestinaren aurkako genozidioari. Gure partetik, aldiz, Palestinar herriari egin ahal diogun ekarpenik handiena kolaborazio horiek eten daitezen presioa egitea da, Israelen parte hartzearen normalizazioa apurtuz, boikotaren bidez! Eta herri guztietako langileen elkartasun internazionalista antolatuz!

Basakeria sionista ez da bere kabuz geldituko, eta geu ere ezin gara geldirik egon. Palestinarren erresistentzia mundu osoko zapalduontzat eredugarria da, eta geuk ere elkartasunik eraginkorrena eman behar diegu, sionismoaren eta sionismoa zuritzeko saiakera guztien kontrako borrokari eutsiz.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diego Arabako herriterrei, datorren irailaren 5eko etapako ibilbidera joan daitezen, eta gizarte zibilak eskura dituen bailabide guztien bitartez, genozidioa zuritzeko ekitalde honen normalizazioa apur dezaten, eta ohiko kanaletatik gizarteratuko ditugun deialdiei adi egon daitezen. Eta dei egiten diegu, halaber, gasteizko, Arabako eta EAEko administrazioei, ez ditzaten zentsuratu Palestinarekiko elkartasun adierazpen herrikoiak, Gasteizko txupinazoan gertatu zen bezala. Elkartasuna ez da delitua!

Espainiako Itzulia eta Israel Premier Tech Euskal Herritik kanpora!

Ez erabili kirola kolonizazioa eta genozidioa zuritzeko!
Palestina askatu! Israel eta bere konplizei aurre egin!
Gora palestinar erresistentzia!

Israel Premier Tech

Israel Premier Tech

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude