Espainiako hauteskundeak, ondo komunikatuak al gaude?

Espainiako hauteskundeak, ondo komunikatuak al gaude? –

Gurea diogunean, edo gureaz ari garenean, ez gara toki, leku, batez ari, nahiz eta, izatez eta berez, gurea “leku batean” dagoen erroturik, “leku batetik” datorkigun, eta “leku batean” izan den garatua. Gurea eta gure arteko delako “ euskal zera horrek”, hau edo beste izan, honelatsukoa edo halatsukoa izan, hemen hasi eta han buka, leku batek, toki batek, leukakeen zamatik du eta leku baten zenbait ezaugarri ezin ditu gainetik kendu. Hemen dago gurea, eta guretik ari garenean, derrigor hemendik ari gara.

Hasteko eta behin, toki bati buruz zer edo zer galdegiten dugunean, ondo komunikatua ote dagoen izan daiteke eginiko galdera ohikoenetariko bat. Ondo komunikatua ote al dago gure Euskal Herria? Orain Espainiako Hauteskunde Orokorrak bekoz beko ditugun honetan, Madrilerako gaudelarik, horrelako galdera inoizkorik premiazkoen geneukakeen okasioetariko bat ere badugu. Ondo komunikatua al dago gurea? AHT eta bestez arituko da prentsatzen irakurlea galdera irakurri eta berehala. Nire galderak, baina, ez dauka hortik ezer. Madrilerako gaude, haranzko gaude, eta, horren harira, harantz egote horrek berekin zer ekarri beharko lukeen, zer zentzu edo esanahi hartzen duen galdegiten dut nik.

Gurea, Euskal Herria, gauza eta toki askorekin dago komunikatua, batzuekin hobetoxe eta beste zenbaitekin ez horrenbeste. Madrilekin ere, ez dakit ondo, edo horren ondo, baina, onerako zein txarrerako, oso komunikatua dago. Orain, hauteskunde hauek tarteko, Madrileranzko gauden aldetik, egon, bagaude, Madrilekin komunikatuak. Iñaki Segurolaren Sed qua sua liburuak gogorarazitako Xalbadorren hausnarrak orain propio hona ekarriak, zer esan beharko genuke toki bat ondo edo gaizki komunikatua egoteaz?; “zernahik ondo komunikatua egon behar duela nagusiki bere buruarekin, edo hobeki, bere baita osoarekin; arin, eroso eta merke egon behar duela toki batek komunikatua bere buruarekin eta bere zera guztiarekin; bere baitako joan-etorri eta harat-honatekin”.

Non duzun erdigunea eta barne-muina, halakoxea ere komunikatua egote horren zer nolako eta zentzu guztia. Orain Madrilerako gaude, eta ez gaude fisikaz ari, ez gaude zinematikaz ari, A eta B puntuen arteko ibilbide hutsaz,… ez. Madrilerako gaude, baina Madrilekikoan zer gaude? Harantz joanean hemendik? edo, aldiz, harantz bueltan hemendik pasata? Madrilen zer gara, “etorkin” edo “joankin”?

Nago eta gaude, eta Xalbadorrekin esanda, “gero eta arin, eroso eta merkeago” gaudela komunikatuak Madril den “horrekin” eta “bere zera guztiarekin”. Gero eta arin, eroso eta merkeago mugitzen gara hangoarekikoan, gero eta ideia eta kalkulu gehiago ditugularik hangoarekikoan. Espainiako negozio nazionala dutenen botileroak izanda, hemengoarekikoan aldiz, Euskal Herriko kontuekin aldiz, gero eta merke-zurreango.

Joankin edo etorkin? Zer goaz Madrilera? Horren arabera, agian, hemen, geldi-geldi hobe!

Igor Goitia

Espainiako hauteskundeak, ondo komunikatuak al gaude?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.