Eskuinari kontrapisu egiteko sinadurak
Eskuinari kontrapisu egiteko sinadurak –
Ekimena mugimendu migratzaile eta antiarrazista autonomoak bultzatu du. Euskal Herriko herri desberdinetan ikusi ditugu lan nekaezinean jardun duten kideak, tokiko talde eta eragileekin artikulaturik sinadurak jasotzen ekimen eta mobilizazio bakoitzean. Azken hilabeteetako lan honek emaitza gisa izan du 38 mila sinadura baino gehiago jaso izana. Izan ere, herriak eta hizkuntzak zuten norantzari gai gehiago lotu zaio lehenengo ardatzari.
“Eskubide guztiak pertsona guztientzat” diogu eta bitartean, joan den astean eskuin muturrak berriz ere aireztatzen zuen parrasta arrazista lehentasun nazionalaren izenean. Zoritxarrez diskurtso honek sektore batzuk blaitu ditu goitik behera eta aurre egin beharko diegu; munduak hartu dun itxura latzari aurre egiteko beraz laguna altxa adi.
Baina ez dezagun ahaztu eskuin muturreko diskurtso ireki eta esplizituki arrazista den hau ez dela ezerezean sortzen. Haztegi bikaina aurkitzen du pertsona migratuak eskubide osoko hiritar izatea ukatzen duen legeak dauzkaten herrialde batean; muga gurutzatu nahi duten pertsonak hiltzen dituen agintari artean, pertsona migratuen inguruko gezurrak zabaltzen dituen komunikabide artean.
Eskuak burura eramaten ditugu zerbitzu edota laguntza sozialen sarbiderako autoktonoen lehentasuna defendatzen duten faxismoaren diskurtsoen aurrean. Bitartean ezin ditugu begi bistatik galdu pertsona migratzaileen eskubideak defendatzen dituztela esan eta hauen egoera aldatzeko aukera duten horiek; Atzerritartasun legearen araudia moldatzera jarri eta udara honetan lan esku merkea errazten duten aldaketak baino ez dituzte ezarri, hain zuzen ere, tokiko pertsonek nahi ez dituzten lanpostuak pertsona migratuek har ditzaten.
Urrun joan gabe, hilabete hasieran Eusko Jaurlaritzak onartu duen Enplegu Publikorako legeak, berriz ere urratzen die baldintza berdinetan sartzeko eskubidea nazionalitaterik ez daukaten pertsonei.
Guzti honek agerian uzten du orain inoiz baino gehiago erdigunean jarri behar dugula arrazakeriaren egiturazko izaera seinalatzen duen diskurtsoa. Behingoz gaindituz tolerantziaren aldeko asmo oneko diskurtsoak, oinarri arrazista daukaten botere harreman eta desorekak ukatzen dituztelako. Behar beharrezkoa dugu akusazio-hatza indarrez prekarietatearen, diskriminazioaren eta are gehiago mugan gertatzen diren heriotzen erantzuleei zuzentzea; bultza hainbat borroka ederren martxari kontrapisu eginez eskuin balantzari.