Eskuetatik ihes egin die Ertzaintzak

Eskuetatik ihes egin die Ertzaintzak –

Zertan datza Ertzaintzako mugimendu “antisindikal” delako hori? ELAk uste du korporatibizazio prozesu baten emaitza dela fenomeno hori, Gasteizko gobernuak berak aspaldidanik hauspotu izan duena. Baina, nolakoa izan da prozesu hori?

Duela bi hamarkada ELA zen Ertzaintzako sindikatu nagusia. Bere xedea zen eta da lan baldintza duinen alde borrokatzea eta polizia eredu zibilaren eta demokratikoaren alde egitea; giza eskubideekin errespetuz jokatuko duen zerbitzu publiko baten alde egitea, alegia. ELAk aldarrikatzen duena eragozteko, ordea, Segurtasun saileko arduradunek, bata bestearen atzetik, sindikalismo korporatiboari eman zioten bultzada. Sindikatu horiek eredu klientelarra ezarri dute, eta keztaguago daude euren afiliatuentzako bigarren mailako kontuak lortzeaz (opariak, bidaietarako deskontuak, 0 kuota, debaldeko gaitegiak…) bizi eta lan baldintza hobeak baino. Gainera, sindikatu horiek Eusko Jaurlaritzari komeni zitzaiona egin dute; ez dute eskatu giza eskubideak zaintzeko ardura mekanismorik. Botere politikoarentzat oso funtzionalak izan dira, beraz.

Batzuk poztu dira sindikalismo korporatiboak indarra hartu izanarekin -ELA gutxiengo izatera eraman duen joerarekin-, baina horrek eragin du eredu sindikalaren inguruko erreferentziak galtzea eta hauspotzea azpikultura polizial gorrotagarri bat. ELAren klase sindikalismoa deserosoa da botere politikoarentzat. ELAk herria du xede eta marra gorriak ditu, baina; Gasteizko gobernuek bigarren planoan kokatu du hori edo alde batera utzi. Horrenbestez, mugimendu “asindikala” soilik gisa honetan uler daiteke: EAJko eta PSEko arduradunek hamarkadatan elikatu duten korporatibismoaren adierazpenik muturrekoena da. Eurek ere onartu dute azkenean: “Ertzaintzarenak eskuetatik ihes egin digu”.

Beraz, harritzekoa ote da polizian bertan erreferentzia mobilizatzaile anonimo eta ordezkaritzarik ez dutenak nagusitzea, agintariek tinkotasun politiko eta demokratikorik ez dutenean?

Duela egun batzuk Arkauten Urkulluk zioen Ertzaintzan “esku-hartze antolatuak” daudela “bizikidetza eta bizimodu demokratikoa baldintzatzen dutenak”. Urkulluk ez luke zertan ustezko esku-hartzeekin kezkatu behar, ezta ertzainei sermoirik bota ere: bere gobernuaren erantzukizuna zein den aztertu beharko luke.

Duela berrogei urte inguru, autogobernua berreskuratu berri zela, gazte belaunaldi batek bere gain hartu zuen sistema instituzionalaren oinarrizko (eta oso eztabaidatua zen) tresna bat, polizia, gorpuzteko ardura. Gazte horiek bazekiten zein zen herriaren aldarria: “Alde egin dezatela Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak”, hau da, Estatuaren errepresioaren bitartekoek. Lau hamarkada igarota, Ertzaintza zahartu egin da. Estatuko beste segurtasun indarrekiko harremana normalizatu ez ezik, Ertzaintza guztiz asimilatuta dago. Azpikultura polizialik okerrena finkatu da hemen ere, munduko beste edozein poliziatan bezala. Eta ez dago ereduari buruzko inongo eztabaidarik (arduren kontu emateko bideak, jendartearekiko harremana, giza eskubideak, trebakuntza, hautaketa…), ezta Gasteizko Legebiltzarrean ere. Klase erreferentziak, esaterako ELA, zeinak Ertzaintzaren baitan beste polizia eredu bat aldarrikatzen duen, zokoratu egin dute. Baina hori guztia ez da ertzainen, ez ETAren, ez marea “asindikala”ren errua. Arazoa politikoa da eta aurretik dator. Jaurlaritzak orain biktimaren papera hautatu du, ardura bere gain hartu eta zerbait egin ordez. Atsekabetuta omen daude eurek “mugimendu klandestinoa” deitutakoak ez dituelako maite.

.

Xabier Anza, ELAko ejekutibako kidea
Igor Eizagirre, ELA Gizalaneko idazkari nagusia

Eskuetatik ihes egin die Ertzaintzak

Eskuetatik ihes egin die Ertzaintzak

ELAko formazio arduraduna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude