“Eskolan umeak sailkatzeko joera klasista dago”. Uri Ruiz Bikandi, irakasle erretiratua
Eskolan umeak sailkatzeko joera klasista dago. Uri Ruiz Bikandi, irakasle erretiratua
Honako elkarrizketa mamitsua Argia aldizkariaren atarian arrantzatu, eta apur bat laburtuta dakargu. Miel Anjel Elustondo da elkarrizketatzailea, eta argazkiak Zaldi Erok egin ditu (Elustondo berak, alegia).
.
“Eskolako ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago”
Andereño ari zen 70eko hamarkadaren hasieran, eta irakaskuntzan eman du bizi osoa, orain urte bi erretretan sartu zen arte. Asko baino gehiago idatzia da, ikastaro asko baino gehiago zuzendua, hizkuntzen didaktika beti kezka. Bitartean, aldi bihurri baten lekuko izan da, eta heterodoxiatik jardun du, zorrotz.
Uribarri Ruiz Bikandi (1950, Durango)
Iurretako (Bizkaia) Catequesis San Miguel ikastolako irakasle zen 1970ean. Hasiera zail, bihurri, korapiloa ezagutu zuen Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzaile zela, ikastoletako lehenbiziko lan gatazkak eta Adela Ibabe andereñoaren heriotza barne. Gero, Gasteiza jo zuen eta Hizkuntza eta literaturaren didaktika irakasle izana da EHUn, Bilboko Irakasle Eskolan. Oroz gain, didaktika izan du ikergai 2015ean erretiratu zen arte.
Gaixorik zaudela jakinarazi didate. Biriketako minbiziak jo zaitu… Zer moduz zaude?
Harrigarri bada ere, ondo. Pozik. Irailaz gero medikurik mediku ibili naiz, frogatik frogara. Luze ibili nintzen harik eta abenduaren 20an minbizia diagnostikatu zidaten arte. Birikak harrapatuak nituela esan zidaten, gauza larria dela, oso larria. Ez dago birikak kentzerik, eta biriketan daukadana kentzerik ere ez dago. Ordu arte susmoak baino ez zituzten. Nik, aldiz, lehenengotik galdetu nien: “Minbizia? Tumorea?”, eta eurak: “Jesus, andrea! Holakorik ez aipatu!”, esanez bezala. Baina minbizia izan da. Fisikoki oso ondo nago, arnasa ondo hartzen dut, ez dut minik… Primeran nago. Badakit zer daukadan, eskanerrean ikusi dut gaitza, baina minik ez daukadan bitartean, oso ondo.
Zelan doazkizu egunak?
Bizi egiten dut, egunero bizi, egunean egunekoa. Oso inportantea iruditzen zait, lehen ez nekien-eta hori. Ikasi egin dut. Orain dela bost-sei urte gorabeherak izan nituen begietan, esan zidaten glaukoma bat nuela begian. Itsu gelditu behar nintzela iruditzen zitzaidan. Horrek sekulako zartada eman zidan, ikara, larritasun handia, eta denbora luzean iraun zuen. Zelan ibiliko nintzen pentsatu baino ez nuen egiten, edozein momentutan oztopo egin behar nuela, non nintzen, norekin nintzen ere ez nuela jakingo pentsatzen nuen. Paparra zikindu eta ez nintzela zikina ikusteko gauza izango… Izugarri sufritu nuen, aldez aurretik! Halako batean, bestela pentsatzen hasi nintzen: “Zer gertatzen da hemen? Ikusten dut, ikusten ari naiz. Orduan, zergatik ari naiz sufritzen, agian gertatuko ez zaidan zerbaitengatik? Beharbada, autobus batek harrapatuko nau lehenago!”. Hemen autobusa! Kar, kar…
Zer dio orain zure barruak?
Pozik nago, jakinaren gainean nagoelako, eta gauza guztiak disfrutatzen. Jasotzen ari naizen maitasun kantitatea, adibidez. Horrek poztu egiten nau, eta indar handia ematen dit.
Hamasei urte zenituela hil zitzaizuen aita, esan duzunez. Zer irakaspen dator hortik?
Egoerari aurre egin behar zaiola. Aita hil zenean, horixe izan zen: egoerari aurre egin beharra. Ama beti izan zen oso adierazkorra, oso maitekorra, baina sekula ez negarti, nahiz eta negar egin behar bazen negar egiten zuen. “Egin dugu negar! Orain, aurrera!”. Irakaspen sakona da: egoera latzaren aurrean berez datorkizu erantzuna, zeure buruari agintzen ibili beharrik gabe.
Ondo hiltzeko elkarteko kide omen zaitugu, Heriotza Duinaren aldeko Elkartekoa…
Ama zelan hil zen ikusi nuen, eta terriblea iruditu zitzaidan. Minbiziaz hil zen, klinika pribatu baten. Suerte txarra izan zuen, Gabonetan gaizkitu zelako eta gabonzahar egunean eraman genuelako klinikara: mediku gutxi, erizainak batek daki non… Gogoratzeak ere ikara ematen dit. Ama oinazetan zegoen, eta gu senideok korridoreetan, laguntza eske: “Mesedez, egizue zerbait!”. Inor ez zen agertzen. Izugarria. Izugarria… Beti pentsatu dut, eta amak ere pentsatzen zuen, eutanasia eskubidearen jabe izan beharko ginatekeela, pertsonak ezin ditugula tratatu animaliak baino txarrago: zaldi bat hilzorian dagoela, arindu egiten diogu sufrikarioa! Eta ama oinaze handiz hil zen, medikuek ez zioten lagundu. Geroago, jakin nuen bazela Heriotza Duinaren aldeko Elkartea, bazela bizi-testamendua… eta elkarteko kide egin nintzen: Euskadiko 22. kidea naiz, nahiz eta, lotsagarria bada ere, ez dudan ezer egiten, dagokidan kuota ordaindu baino. Hala ere, elkarteak hiltzear dagoen jendearen alde egiten duen lana oso ondo ikusten dut.
Zertan laguntzen du elkarteak?
Zaintza paliatiboetan, adibidez. Sufrimendua ahalik eta gehien gutxitzen laguntzen dute elkartekoek, norberaren borondatea bete dadin lan egiten dute, nahi ez duzunik ez dezazun jasan zaintzen dute, zure bizitzaren eta zure gorputzaren jabe ahal den eta gehien izan zaitezen arduratzen dira. Azken momentuetako pautak zeuk agindu ditzazun nahi du elkarteak.
Ama eutanasiaren aldeko zenuela esan diguzu. Usteko nuen gazteagoen kontua zela hori…
Ama oso irakurria zen, asko irakurtzen zuen. Asko, asko, asko. Asko, asko, asko. Literatura zale amorratua zen, oso buru zabala zuen, modernoa zen. Eutanasiaz eta beste gai askoz hitz egin dut nik amarekin txikitatik.
Nondik zetorkion irakurtzeko zaletasuna?
Oso gauza bitxia da, eta istorio polita. Galdera interesgarria, niri asko gustatzen zaidana. Amaren irakurtzeko zaletasuna… Tira, amamarena behar nuen esan!
Amama zen irakurzalea?
Bai. Iurretako baserri batekoa zen, umezurtza. Etxebarrietako Kaikuena zen baserriaren izena, papertegiaren inguruan. Bilboko alkate Azkunaren aitaren lehengusina zen gure amama. Ama hil zitzaion bera jaiotzeaz batera, eta aita koinatarekin ezkondu zen, orduan zen legez. Amamak umezurtz kontsideratzen zuen bere burua, halaxe kontsideratu zen hil zen arte. Amaordeak ez zuen, antza, askorik maite izan. Letrak ikasi zituen Iurretako eskolan doña Leona maistrarekin, gauza oso elementalak. Hamasei urterekin Bilbora joan zen zerbitzatzera, eta Banco Urquijoko ugazaba baten etxean lan egitea gertatu zitzaion. Bankariaren emazteak –sei umeren ama–, oso harreman ona izan zuen gure amamarekin. Oso argia ere bazen amama, eta emakume hark erraztu egin zion amamari liburuetara bidea: etxeko biblioteka zabaldu zion, liburuak irakur zitzan. Eta horrelaxe irakurri zuen asko gure amamak, baina erdaraz! Eta, nire ustez, hor hasten da euskara-erdara kontraesana
Ama baino lehen, zuenean amama da irakurtzen duena…
Eta liburuak asko estimatzen zituena. Alargundu egin zen, eta ultramarinos denda handi bat zuzendu zuen Durangon. Zugaza familiaren etxepekoa zen. Bere urguilurik handiena zen gerra garaian zugazatarren biblioteka handia gorde zuela: “Lasai, neuk gordeko dot eta!”, esan omen zien. Ez dakit zelan gorde zuen, baina amamak bere gain hartu zuen zugazatarren liburutegiaren ardura gerra denboran. Bizi osoan kontatu zuen hori. Liburua gauza sakratua zen amamarentzat. Ez zekien idazten. Dendan, “patata” idatzi behar zuenean “p-t-t” idazten zuen, silabiko moduko bat egiten zuen. Egunkaria ere egunero irakurtzen zuen. Euskaraz elizako gauzatxo txiki batzuk irakurtzen zituen, ez besterik. Euskaraz elizan ere oso gutxi egiten zen orduan Durangon. Jesuitetan egiten zen apur bat. Amamak aita Goikoetxearengana bidali ninduen, errezetan, otoiz egiten, euskaraz ikasteko. Eta ikasi nuen, euskaraz ez dakidala!
.
Gazterik hasi zinen irakaskuntzan, eta 70eko hamarkadaren hasieran ikastolan ari zinen andereño…
Hasteko, 1970-71n Iurretako ikastolan irakasle nintzen. Batxilergo ikasketak laugarren maila arte egin eta Bilbora joan nintzen Merkataritza peritu ikasketak egitera. Han, hirugarren urtean ari nintzela –hamasei urte nik–, aita hil zitzaidan… Kurtsoa galdu nuen… Bulego batean hasi nintzen lanean, eta lan hori gorroto nuela konturatu nintzen. Laster esan nion amari: “Bulegoan ez, ama, ez dut gura behar hori”. “Ume, zer gustatzen zaizu? zer egingo zenuke?”. Eta maistra egin nahi nuela esan nion, nahiz eta aurretik ez nuen nahi izan, maistra izatea Durangon ikasten ari nintzen kolegiokoen bidea zelako. Kolegioan batxiler egindako neska gehienak Durangotik Gasteizera etortzen ziren maistra ikasteko. Nik, berriz, ez nuen hori nahi, ordurako errebelde xamarra nintzen eta. Eskola partikularrak emanak nituen ordea, eta gustatzen zitzaidan. Amak esan zidan: “Bizitzan gauzarik inportanteenetakoa gustuko lanbidea izatea da. Gustatzen bazaizu, egizu, baina zeuretik pagatu beharko duzu, behar egin beharko duzu”. Eta Durangoko moja eskola baten hasi nintzen lanean, haur hezkuntzan, eta libretik etortzen nintzen Gasteizera ikasketak egitera. 1970ean irakasle ikasketak amaitu eta, titulua neukala, zain neukan Iurretako ikastola. Eta haraxe joan nintzen.
Ikuskaritzarekin gorabeherak izan zenituztela irakurri dut Hik Hasi aldizkarian egin zizuten elkarrizketa batean…
Ikasturte hartan bertan etorri zitzaigun ikuskaritza, eta itxi egin zigun ikastola. “Catequesis San Miguel” zeukan izena gure ikastola hark. Martxoan itxi zigutenetik ekainera bitartean etxerik etxe ibili ginen umeekin, inoren etxean beti. Ikuskatzaileak, guk irakatsi ahal izateko, guardia zibilaren eta poliziaren jokabide zuzeneko agiria eta parrokoaren onespena eskatu zizkigun. Parrokoak erraz eman zidan agiria, nahiz eta ni ordurako elizara joateari utzia nion. Guardia zibiletara joan, eta han ez zutela halako egiaztagiririk, ikuskatzaileak berak emango zidala. Ikuskatzaileari agiri eske joan nintzaionean, “usted, peligrosa dirigente de ETA”, hasi zitzaidan, “eskola emateko asmotan zatoz hona? Bizian ez duzu eskolarik emango!”. “Ikusiko dugu hori!”, erantzun nion nik neure aldetik, txitxi baino harroago. “Ikusiko dugu!”, berak. Hogeita bat urte nituen… Don Pablo Sanchez Aizpuru zen ikuskatzaile hura. Fatxa hutsa. “Peligrosa dirigente de ETA” nintzen, abenduan egin zen Burgoseko epaiketa zela eta, itxialdia egin genuelako Durangon. Gaua eman genuen elizan, eta irtekeran, hantxe zeuden guardia zibilak, guztion izenak hartzen.
Eskola ematea galarazi zizun ikuskatzaileak…
Haren egiaztagiririk gabe eskola emateko modurik ez neukan, baina uda hartan bertan ikastoletako irakasleontzako ikastaro batean batu ginen hainbat jende Iruñeko apaiztegian. Hala ere, handik ere bota egin gintuzten. Lekua behar genuen ikastaroan segitzeko, eta nik Durangon zer edo zer topatuko nuela esan nuen. Eta handik gutxira lekua nuen, Iurreta aldean, Arriandin, mojen komentuan. Hantxe egin genuen ikastaroa! Imanol Gaztañaga, Gaztantxo, zen orduan Euban elkartzen ziren Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzailea, baina soldadutzara zihoan, eta niri eskaini zidaten Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzailetza. Irakasleen koordinatzaile nintzen, eta ordaindu ere irakasleek ordaintzen zidaten soldata. Ehun bana pezeta ordaintzen zuten irakasleek, nire soldata osatzeko. Behin ere ez zitzaidan soldata hura falta izan. Oso ondo koordinatzen ziren koordinatzaileari ordaintzeko! Bitartean, irakasle titulua Santurtziko ikastolari utzi nion, erabil zezaten, Sanchezen lurraldetik kanpo. Sasoi hartan ikastaroak eta pedagogiaren inguruko batzarrak antolatzen ibili nintzen, batetik bestera autobusez edo auto-stop eginez. Bulegoa ere bageneukan, Bilboko Erribera kalean, Euskaltzaindiaren egoitzan. Urte bat Erriberan, beste bat Pilota kalean Anaitasuna aldizkariaren egoitzan. Eskola aktiboa, laikoa, modernoa, demokratikoa asmatzen ari ginen.
Zertan zen politika giro beroa?
Ordurako politikoki antolatuta nenbilen. EMK-koa nintzen. Maite nuen eta interesatzen zitzaidan lanean ari nintzen, batetik, eta, bestetik, politikan sartuta nengoen, nahiz eta gauza biak batu egiten ziren. Mentalitate gatazka puri-purian zegoen, euskara batuaren auzia eta hatxearen kontrako borroka. Alde batetik, oso eskuindar zen jendea zegoen, euskal esentzien zaindariak, eta beste aldetik, gu bezalako jendea. Esaterako, gu izan ginen pilulak hartu zituzten lehenbiziko emakumeetakoak. Sartre eta Fanon irakurtzen genituen, Freud irakurrita geneukan. Eubako fraide baten hitzak gogoratzen zaizkit: “Hori marxista dok!”. Bai, marxismoa ere irakurtzen genuen, eta “euskaldun, fededun” legea zen denboran, gu horren kontra geunden, karka hutsa iruditzen zitzaigun lelo hura, oso gauza atzerakoia. Giro horretan, Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzaile nintzen garaian Deustuko ikastolak hainbat irakasle kanporatu zituen, adibidez.
Hainbat herritako ikastoletan gertatu ziren kaleratzeak…
Saltsa galanta izan zen garai horretan. Bizkaiko ikastolen historia idatzi da, baina han horrelakorik ez da agertzen, barne tirabirak ez dira agertzen, baina Deustuko irakasle kanporatu batzuek salaketa jarri nahi izan zuten, euren buruak defenditzeko esanez gizarte segurantzarik ordaindu gabe egin zutela lan. Ikastolen egoera oso larria zen, eta gogoratzen naiz Periko Ibarrak –irakasleen abokatu ari baitzen–, galdetu zidala, ni koordinatzaile nintzela, zer irizten nion irakasleen salaketari. Ez zitzaidala egoki iruditzen esan nion, ikastolaren jokabidea nazkagarria iruditzen zitzaidan arren ez niola etsaiari aterik zabaldu nahi. Marra gorriak ere baziren orduan. Nik orduan ez nekien, baina gero buelta etorriko zitzaidan.
Buelta?
Bai, 1973an, Elorriora joan nintzenean lanera. Hango ikastola guztiz zen ilegala, hilabeterik hilabete lanean eta ez genekien itxiko ote ziguten, ezta soldatarik kobratuko ote genuen ere. Are gehiago, irakasleen artean banatzen genuen soldata: tituludunen eta titulugabeen artean, berdin kobratzen genuen denok. Sei urte egin nuen lan Elorrion. Ikastola legeztatu zenean, 1976an, hasi ziren gorabeherak. Ideien aniztasuna ez errespetatzen hasi zirenean, batzuek kontrol ideologia nahi izan zutenean. Ni, esate baterako, Euskadiko Ezkerraren zerrendan agertu nintzen –baina hamahirugarren tokian!–, 1977ko lehen hauteskundeetan, eta, ordu arte ona baino hobea nintzena –eta nirekin batera beste batzuk–, deabru bihurtu ginen. PNVko eskuin muturra agertu zen orduan, eta PNVko eskuin muturra diot, PNVk bazuelako, Elorrion berton ere, beste alde bat. Ikusi nituen PNVko gurasoak bata bestearen kontra hostiaka hasteko zorian, elkarri paparretik helduta eta builaka, guraso gazteak zahar eta karkari esaten ziola: “Hik zer uste duk, komunistek adarrak eta buztana dauzkatela?”. Herrian abadeak agintzen zuen, haren inguruan antolatu zen gorrion kontrako ehiza. Oso gauza fuertea, ez zen tontakeria izan. Elorrion izan ginen guztiok oso gogor markatu gintuen kontu hark.
Zergatik haserre hori hainbat ikastolaren barnean?
Elorriokoa, esate baterako, Franco hil eta laster gertatu zen, eta jendeak demokrazian jokatzen ez zekien. Ez genekien. “Nire alderdikoa zara, edo etsaia zara”, ez zegoen besterik. Izugarria iruditu zitzaidan. Susto handia hartu nuen, baina ez ikastolan bakarrik, baita ezkerreko mugimenduan ere. Gauza bertsuak ikusi nituen batean eta bestean, nazkagarria iruditu zitzaidan sektarismo hura, horrexek urrundu ninduen politikatik. Gaur egun ere, horixe iruditzen zait politikaren gauzarik nazkagarriena, sektarismo hori, norberaren taldekoa ez den batek egindako lan ona sekula ez onartzea. Gainera, printzipioz ez onartzea! Politikatik kanpo nago, komatxo artean kanpoan, ze jarraitzen dut, baina ez nago bakarrik alderdi batekin, ez zait iruditzen bakarrik batek egiten dituela gauzak ondo, ezta txarto ere. Horregatik gertatzen zait gertatzen zaidana, alegia, sarri askotan ez dakidala nori botoa eman! Bizio nazionala da hori. “Gora gu eta gutarrak” esaten dugu, baina nor gara “gu”? Nik diodana da “gu”? Nire lagunak? Nire kuadrilla?… “Gu” hori oso txikia da.
Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzaile zinen garaian, gertaera tragikoa, andereño baten heriotza latza. Arrasateko ikastolako andereño Adela Ibabe hil zen 1973an, abortu klandestino baten ondorioz…
Garai hartakoak dira Portugalete, Santurtzi, Donostia eta beste ikastola batzuetako irakasleen kanporatzeak. Eskuinak bere erara gobernatu eta kontrolatu nahi zituen ikastolak. Arrasateko gatazka izan zen sasoi hartako adierazlerik nabarmenena, ze hamasei irakasle bota nahi izan zituzten, esanez Marxen argazkiak zeuzkatela gelan… Eta horrelakoak! Terriblea! Behin, kalean, langileek irakasleak inguratu egin zituzten! Oso gauza fuertea izan zen. Ondorioz, 1973an, Bizkaiko irakasleen lehen asanblada antolatu genuen. Pauso inportantea izan zen ikastoletako irakasle guztiok batzea. Ordu arte, zonaka batzen ginen; pedagogia gaietarako, esan nahi dut. Orduko hura bestelako errebindikazioa zen. Eta saltsa horren erdian gaudela, Adelarena gertatu zen.
Adelaren heriotza.
Haurdun zegoen, baina bizimodu estu haren erdian ez zion, antza, denborarik eman bere buruari begiratzeko. Beste aldera joan zen, sarraskia egin zioten, eta oinazetan hil egin zen. Terriblea! Basurtuko ospitalean lagun nuen erizain batek kontatu zidan. Orduan ezagutu nuen Natxo de Felipe, ni Euskaltzaindian nengoela, Gabriel Arestiren poemari –Arestik eta Natxok berak egin zuten testua–, musika jarri nahi ziola eta Alostorrea-ren musikaren bila datorrela. Adela gure arabar lorea, giputz arroka hi, Bizkaiko burdina… Adela gure arabar lorea… [kantuan da Uri] Adela Ibaberen heriotza, ahaztuta egon den zerbait izan da, orain dela hiru urte Edorta Aranak sustatu.eus-en historia berreskuratu zuen arte.
.
Elorriotik Gasteiza etorri eta eskola publikoan hasi zinen lanean. Laster, material didaktikoa sortzen ari zinen.
Polita izan zen eskola publikoan euskara irakasten hastea. Lan handia egin genuen materialak sortzen. Lehenengo, Hegaz sorta egin genuen. Gero, Kalakari. Marraztu, idatzi… denetatik egiten genuen. Bi ohar ere egingo nituzke nik. Batetik, hizkuntza irakasteko beste modu bat bilatu genuen, ordu arteko hizkuntza liburuak aspergarriak baino aspergarriagoak baitziren, eta jarraitzen dute izaten kasu batzuetan. Bestelako liburuak egin nahi genituen, barre egiteko ere balio zuten liburuak. Ikastea eta barre egitea batera joan zitezkeen! Bestetik, nesken presentzia ziurtatu genuen. Hegaz-en, Kalakari-n… neskak eta mutilak proportzio berean erakutsi genituen, irudietan, ipuinetan eta denetan. Gure taldearen legea zen!… Sasoi batean, 1982az gero-edo, eskoletan erabiltzen ziren testuliburuek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren onespena behar zuten, zenbait irakaslek behar ziren txostenak egiten genituen material haien proposamen pedagogikoen gainean, eta nik horixe aipatzen nuen beti: “Bai, baina emakumezkorik hemen ez dago. Haren presentziarik ez dago. Ezin da material hau onetsi eta eskolara bidean jarri, diskriminatzailea da-eta”. Urteak eman genituen borroka horretan, harik eta egun batean leihoa zabaldu zen arte. Baina urte askoan jendeak ez zuen ulertu gure insistentzia.
D eta B ereduetarako material ezberdinak diseinatu zenituzten.
Konturatzen ginen ezin zela berdin irakatsi euskara herri euskalduneko ikasleari eta euskararik ez zekienari. Besterik da zer nolako materiala egin genezakeen garai hartan. Hiru maisu-maistra ginen, Jaurlaritzaren aginduz materialak sortzen ari ginenak B eredurako. Liburu bat edo bi egiten genituen urtean. Ereduak martxan jarrita zeuden 1983rako, eta materiala atera beharra zegoen! 87ra arte egon ginen materialak egiten. Gure kasuan, materiala egin eta irakasleei erakusten genien, zelan jokatu behar zen azaltzen genien. Nolabait, irakasleen prestakuntza zen hura. 81etik 87ra materialak prestatu eta irakasleekin lan egin genuen: materiala egin, irakasleekin bildu, azaldu, eztabaidatu, haiek praktikara eraman, oharrak jaso… Irakasle mintegiak ziren, irakasleekin egin genuen lan. Asko irakurri behar izan genuen garai hartan. “Ezer ez dakit!”, esaten nion neure buruari. Orduantxe hasi nintzen zoroaren pare batean eta bestean begiratzen bigarren hizkuntza zelan irakasten den. Lehenengo, batez ere frantsesez; gero, ingelesez, baina askorik ez nekien ingelesez! Norberaren ibilaldi intelektualaren larritasuna da hori. “Ez dakit… ez dakit… ez dakit…”.
Ikerkuntzan, Hizkuntza eta literaturaren didaktika irakasle izan zarelako joan den aspaldi handian eta erretiroa hartu artean Euskal Herriko Unibertsitatean.
Momentu batean, liburugintza amaitu egin zen. Seigarren mailara arte egin genituen. Bitartean, euskal filologia ikasten ere hasi nintzen, ezer ez nekiela konbentzituta eta neure burua jantzi beharra neukala sinestuta. 87an euskal filologia bukatu eta formatzaileen formatzaile ikastaroa egin nuen Madrilen, hemengo Hezkuntza sailak eta Madrilgo ministerioak antolatutako kurtsoa. Nahiko luzea, klasikoa… Edukiak edukiaren gainetik! Hura amaitu eta PAT Pedagogi Aholkularitzategi batean hasi nintzen, formatzaileen formatzaile. Urtea egin nuen han, baina ez nuen neure burua bertan ikusten. PATen egitura bera ez zitzaidan gustatu, ni neu beste era batera lan egiten ohituta nengoelako, beharbada. Ez nuen esperientzia onik izan, eta, bitartean, plazak atera ziren unibertsitatean. Aurkeztu eta atera egin nuen plaza, Bilbon. Ez Gasteizen! Kar, kar… Erraza zen! Ordurako hainbat testuliburu, artikulu eta zenbait ikerlan argitaratuak nituen eta, bestalde, didaktika zen neure esparrua, urteak neramatzan didaktika lanetan!
Hizkuntzak gurean ez direla ondo erakusten iritzi diozu.
Nire ustez, ez. Askotan nahastu egiten da hizkuntzaren formak ezagutzea hizkuntza erabiltzen jakitearekin. Hizkuntzak linguistikak analizatzen ditu, eta, horretarako, deskonposatu egiten ditu. Besterik da hizkuntza irakastea, hau da, hizkuntza erabiltzen irakastea, batetik, eta, bestetik, berriz, hizkuntza objektu modura ezagutzen irakastea. Hizkuntza objektu modura ezagutzeak, bere formak aztertzearen helburua hizkuntza hobeto erabiltzea da, bestela ez du zentzurik. Oinarrizko eskolaren helburua ez da linguistak sortzea, hizkuntza ondo erabiltzen dakien jende gaitua prestatzea baizik. Horretarako, hizkuntzaren nondik norakoak jakin beharko ditu erabiltzaile horrek, hizkuntzaren barne mekanismoei begiratzeko gaitasuna, esangurari mila ertz bilatzeko ahalmena eta esateko modua zaintzeko nahia garatzea. Horixe da inportantea. Ez du balio gauzak edozelan esatea, helburuarekin, solaskidearekin, egoerarekin bat datorren biderik onena baliatu behar da.
Zergatik ez da egiten? Hain gauza ebidentea…
Ez da erraza, baina. Bada irakaskuntza tradizio luzearen eragina. Irakasleak hitz egiten du eta ikasleek entzun, entzunez egiten ikasiko omen delakoan. Askotan, helburua izaten da hizkuntza kategoriak ulerraraztea, ez hizkuntza praktikan entrenatzea eta hura analizatzea, hurrengoan hobetzeko. Hala da, baina antza, hau dena aldatzea oso zaila da. Bestalde, irakasleak unibertsitatean prestatzen dira, irakasle-eskoletan. Bertako irakasle asko, berriz, literaturaz arduratzen dira. Nik, behintzat, uste dut joera hori duela irakasle unibertsitari askok. Hizkuntzak eta batez ere, bigarren hizkuntzak irakasteko, ez dago gurean prestakuntza berezirik. Unibertsitateak, berez, maila bateko espezialistak prestatzen ditu, baina ez du 3, 4, 10 edo 13 urteko ikasleen hizkuntza irakaskuntza bideratuko duen irakaslerik prestatzen. Orduan, nola trebatu ikaslea hizkuntzaren erabileran maila askotan eta maila askotarako, sakontasun, ñabardura eta zehaztapen askotarako? Irakasleak ezin du bakarrik forma landu, komunikazioa ahaztuta, ezta ontzat eman edozelako komunikazio zarrapada. Joan-etorria planifikatu behar da, diskurtsotik formara joan-etorri etengabeko bidean. Ikaslearen burua ere zelakoa den kontuan izan behar da, alegia, hizkuntzaren puzzlea osatzen lagundu behar diogu, puzzle hori antolatzen erakutsi behar diogu. Horretaz arduratzen da didaktika, eta didaktikak ikaslearen ikuspuntuak aztertzen ditu, ikuspuntuok problematizatzeko bidean jarriz: bata bestearekin harremanetan eta kontraesanetan jartzeko. Nire ustez, galdera nagusia da, hizkuntzaren didaktikan zein beste edozein arlotan, nola planteatzen den problema, nola ikusarazi hain ebidentea ematen duen hori.
Lan nekea ematen du…
Bai. Kontrakoa, lan aspergarria egitea da. Niretzat joko polita da bi hizkuntzarekin egin daitekeena. Gurean ez dago bi hizkuntza baino gutxiago duen umerik. Batzuek hiru eta lau ere badituzte. Hizkuntzen artean konparaketak egitea oso interesgarria da. Zergatik esaten da “lagun bat” euskaraz, eta “amigo uno” ez, gaztelaniaz? Hara! Zergatik, eta nola, eta noiz? Hizkuntza bakoitzaren barne logika, barne puzzleak egitea gakoa da, piezak zelan dabiltzan konturatzeko eta hizkuntza bakoitzari sor zaiona emateko. Itzulpenak, esaterako, hizkuntzari buruz pentsatzeko moduak dira, pentsamendu mentalinguistikoa egiteko era. Baina ez formatan gelditzeko, komunikazioaren konplexutasunaz konturatzeko eta haren finezietan entrenatzeko. Hara, duela bost bat urte lagun batek eskatu zidan alabari lagun niezaiola, euskaraz zailtasunak zituela eta. “Zatoz”, esan nion, hizkuntza materialak hartuta!. “Hizkuntza”, gure kasuan, gaztelania da: “Lengua y literatura castellana”. Euskara, berriz, “euskara” da, ez hizkuntza, nonbait! Etorri zen nire lagunaren alaba hura, eta irakasleak azterketan jarriko zizkion moduko ariketak erakutsi zizkidan: zekizkiokeen, gintzaizkioke… eta ikasleak adizki bakoitzaren ezaugarriak aletu behar zituen! Tradiziorik ustelduenean ere ez dut halako analisi morfologikorik ikusi, esaldirik ere ez! Sentitzen dut, “Nik ez dakit hori egiten, eta ez dut ikasi nahi ere!”, esan nion, “irakasleari esan diezaiokezu ez dizudala honetan irakatsi nahi izan”. Gramatika zalea naiz, inportantea iruditzen zait gramatika, baina adizki haiek modu hartara aztertzea zarama zen, zarama hutsa, ez gramatika irakastea, ez hizkuntzaren mekanismoaz jabetzea.
Eredu zaharkitua salatzen duzu…
Munduak asko aurreratu du! Aipatu dizudan neska horrek ez du euskaraz hitz egiteko erraztasunik, eskolan ahozkoari sekulan ez diotelako garrantzirik eman. Idazten polito moldatzen da, baina naturaltasunik gabe. Dena dela, irakaskuntzaren helburua ez da hizkuntza idatzia irakastea, hori latina irakastea litzateke. Eztabaida sakona behar da, hizkuntzaren irakaskuntzan zer den funtsezkoa erabakitzeko…
Gurean zabalduta dagoen eredua duzu, hala ere…
Ez dakit non den errua ere. Irakasle eskola edo fakultateetara heltzen diren filologo asko literaturaz dakite, baina hurrengo belaunaldiak prestatzeko, hizkuntzez ere jakin beharko lukete. Psikolinguistikaz eta pedagogiaz ere jakin beharko lukete. Irakasgaiak didaktikoki aztertzen jakin beharko lukete, zer irakatsi, eta nola, ondo aukeratzeko. Baina ez dakite. Onenean, CAP edo Pedagogiaren Gaitasun Ikastaroa hala-moduzko bat gainditu dute eta akabo!, Eskolak ematen hasten dira eta urteetan, hurrengo belaunaldiko irakasleak prestatuko dituzte. Ez diot irakasle guztiak txarrak direnik, baina eredua hori dela bai, eta inork ez duela eztabaidatzen ere bai. Unibertsitateak bere jokabidea aztertu beharko luke, seriotan.
Munduak asko aurreratu duela diozu, eta, aldiz, hizkuntzaren irakaskuntza ez doa ongi…
Sistemak agintzen du. Inork ez du gainbegiratzen zelan ematen dituzun eskolak, ikasleek ikasten duenak balio duen edo ez. Horrelakorik ez da egiten, gogoeta eskatzen duelako, analisia, prestakuntza. Unibertsitatean sartzeko, esaterako, tituluarekin batera han-hemen eta aldizkari espezializatuetan artikuluak argitaratuak izatea baloratzen da; artikuluak, ahal dela ingelesez, jakina, euskaraz edo gaztelaniaz publikatzeak ez du berdin balio. Besterik da argitaratzen duzunak irakasten duzunarekin ikustekorik duen edo ez. Hori horrela da.
Zer gertatzen da umeak hizkuntza bat –euskara–, “ikasten” duenean, baina hura erabiltzen ez eta harekin jolas egiten ez duenean?
Galdetzen didazu zergatik ez duen ume euskaldunak euskaraz egiten edo euskaraz bigarren hizkuntzatzat ikasten duenak zergatik ez duen erabili nahi? Egoera eta arrazoi asko daude, jakina: euskara bigarren hizkuntza dutenen kasuan, erraztasun gutxiago izatea da arrazoia. Aldi berean, hor da hizkuntzaren itzal soziala ere: gaztelaniaz egiteak gehiago balio duela irudituko zaie batzuei, hizkuntzarekiko atxikimendua ere hor da… Horiekin lotuta daude, segueruenez, jokabide batzuk. Nik, esaterako, gorroto dut askoren joera, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara etengabe dabilen hiztuna. Joera areagotu egin da azken hogei urteotan, izugarri areagotu da gazteetan eta ez hain gazteetan. Azkena ospitalean bertan ikusi nuen, ama-alabak, euskaldun peto-petoak, gauzak adierazteko zailtasunik ez zutenak, euskaratik gaztelaniara saltoka joan-etorrian! Nire hipotesi eta gorroto guztiak gorabehera, ondo estudiatuta dago hori hizkuntza minorizatu askotan, eta hizkuntzaren heriotzarekin du zerikusia: hizkuntza nahasketa heriotzaren faseetako bat da, gaixotasun sozialaren seinale da. Hori sendatu behar dugu, eta sendatuko dugu hiztun berriei euskaraz hitz egiteko erraztasun nahikoa ematen badiegu. Zenbat eta gehiago egin euskaraz, orduan eta erraztasun handiagoa izango du ikasleak euskaraz hitz egiteko. Zenbat eta gutxiago egin, orduan eta okerrago, nekezago eta totelago egingo du. Euskaldun zaharren kasuan, hizkuntzari eustea da kontua, hizkuntza bakoitza bere horretan mantentzea, oztopo txikienaren aurrean bestera ez pasatzen ohitzea. Hizkuntza menderatzeko automatismoak behar dira lortu eta, horretarako, esapideak barneratu, memorian gorde. Horretarako, praktika asko berreskuratzea komeni da, adibidez, antzerkia gehiago egin beharko litzateke eskolan.
.
Ikastolan hasia lanean baina eskola publikoaren aldeko zara, oroz gain…
Eskola publikoa da niretzat inportantea, denontzako eskola hori. Hemen eskola pribatuaren inflazioa dago, eta hori kaltegarria da. Ideologizazioaren eta klasismoaren bidea duzu hori. Gure umeek “gure” klasekoekin, “gure” mailakoekin bakarrik izango dituzte harremanak. Oso ikuspegi klasista eta estua iruditzen zait. Hezkuntzaren helburua izan beharko litzateke gure umeak munduari begiak zabalik begiratzeko prestatzea. Begirada zorrotza eta irekia izateko. Sekulan ez dut ulertu ezkerreko jendeak ere eskola “partikularrak”, pribatuak, nahi izatea. Ikastolen publifikazioaren garaian, esate baterako, ez nuen ulertu zelan ustez ezkerrekoa den jendeak euren kontrol peko eskolaren alde egin zuen, “euren” eskolaren alde. Hori ez zait gustatzen. Herria hezteko modu txarra iruditzen zait. Aniztasuna eskolatik dator, txikitandik ikasi behar dugu gu ez bezalakoak direnekin bizitzen. Orain baditugu aukerak, baina aukeraren aurrean ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago. Hitza horixe da-eta, klasismoa, nahiz eta ez dugun erabiltzen. Ideologia eta klasismo guztien gainetik egon behar du hezkuntzak, harantzago, sakonagoa da kontua. Bestalde, aldiro-aldiro hezkuntza legeak aldatzen ari gara! Agintari bakoitzak nahi du bere zigilua ezarri, bere aldera eraman hezkuntza. Eta horrela ezin daiteke. Eskolak, nire ustez, hortik kanpo egon behar du, printzipio nagusi batzuen azpian, ez besterik.
Zer diozu ikastolaren gainean?
Ikastolak egoera jakin batean sortu ziren. Frankismo garaikoak, bederen. Bestelako eredu bati erantzun nahirik. Ikastolek pedagogia mailan lan handia egin zuten. Eta, esate baterako, eskola laikoaren bidean beraiek eman zituzten lehenbiziko pausoak. Oso gauza inportantea herri honetan. Ikaragarria da herri honek egin duen aldaketa. Ume nintzelarik familia guztietan zen abade edo erlijiosoren bat. Ohore kontua ere bazen hura. Kristaurik kristauenak ginen Euskal Herrian! Baina oso urte gutxian aldatu zen kontua, eta ikastola askok laizismoaren alde lan handia egin zuten, barruko borroka guztiak gorabehera. Borroka larriak bizi izan ziren ikastoletan, euskara batuaren auziarekin lotuta, bestalde, hatxea eta ez hatxea. Modernotasunaren aldeko borroka ikastoletan egin zen, eta irabazi egin zen. Ikastolen aldekoa naiz, aldi hartako ikastolen aldekoa, behintzat.
“Aldi hartako ikastolak”, diozu.
Ez dut uste gerora ikastolek martxa hari eutsi diotenik. Ikastola askok eremu pribatua aukeratu zuten, eta haien irakasleak ez dira apenas beste sareetakoekin lotu. Sare publikoak eskaintzen duen prestakuntzara orain joaten diren ez dakit, euren bide propioa egin dute, eta zergatik ez esan, negozio propioa ere bai. Gauza asko esan daitezke hor, argitaletxe eta beste. Niri hori ez zait gustatzen, ez eduki dituzten pribilegioak, ez erakutsi duten konpromiso sozial txikia: zenbat etorkin ikusten duzu ikastoletan? Hori da gaur egun gertatzen ari dena, nahiz eta inork ez duen hau horrela esaten. Baina hor daude datuak… herria hezitzea eta euskalduntzea denon konpromisoa izan beharko luke. Haserre serioa izan dut ikastolekin, eta salaketa publikoa egina naiz, ikastolek zabaldu ziotelako, lau urteko haurrei irakatsiz, ingelesari atea. Ikastolek irakaskuntzaren merkantilizazioan gogor jokatu dute. Horrek izen-abizenak ditu, baditu erantzuleak. Ikusi zutenean euren eremutik kanpo ere euskaraz irakasten ari ginela –bezeroak galduko zituzten beldur edo–, ingelesa sartzen hasi ziren. Duela hogei urte idatzi nuen: “Nola da posible, ordea, ingelesari atea zabaltzea horren goiz eta egoera linguistiko guztietan? Ez, mesedez, ez.” Erabili zuten argudiaketa ezin ahulagoa zela, eta euskararen kontra bihurtuko zen jokabidea ikusten nuen. Eta hala izan da. Hortik etorri da Nafarroan UPNk murgiltze ingelesaren zabaltzea euskara ukatzeaz bat. Eta ez bakarrik gurean, PPk laster zabaldu zuen eredua hizkuntza minorizatuko esparrutan. Valentzian hitzaldi baten esan zidaten: “Honen errua zeuek daukazue, zeuok, euskaldunok!”. Eta nik: “Euskaldun jakin batzuek daukate errua, ez denok!”. Ingelesa… eta euskara?
.
Zer egin da ondo, zer gaizki euskararen irakaskuntzan?
Asko inprobisatu behar izan dugu. Badirudi euskaldunok dena nahi dugula, eta momentuan bertan. Horrelakoxeak gara, antza. Nerbioso jartzen gara eta bat-batean nahi dugu dena. “Hiru hizkuntzatan ikasiko dute gure ikasleek!”, entzuten dugu, eta haraxe goaz denok prest, noiz, nola, norekin… jakin gabe ere. Ikerketa, gure arloan, irakaskuntzari eta ikaskuntzari lotuta egin behar da, baina hor eten handia dago. Unibetsitatean eskola zer den ez dakigu, baina hori ez zaio inori ardura, antza. Imajina dezakezu sekulan gaixorik ikusi ez duen edo ospitalean lan egin ez duen medikua unibertsitatean irakasten? Bada, horixe da gurea. Irakasle eskoletan, hizkuntza sailean, euskara irakastea izan da gure obsesio bakarra urte askoan. Tamalez, jendea euskaraz gehiago zekiela zetorrenean, euskara irakasten segitu genuen, gehiago sakonduz, beharbada, baina ez nagusiki hizkuntzaren didaktika irakasten, hau da, hizkuntza nola irakatsi irakasten. Eta maisu-maistrak prestatzen ditugu. Eurena lan praktikoa da, harremanetan, eginez eraikitzen dena. Irakasleak irakatsi behar duena ondo ezagutu behar du, baina gelako funtzionamendua eta umeen ikaskuntza prozesuaren nondik norakoak ere bai, haien ulerkuntza problemak, tartean gertatzen diren emozioak, hizkuntza aztertzeko eta menderatzeko mekanismoak… Instrukzioa ez ezik, hezkuntza da gurea, eta irakasleok horretaz jakin behar dugu. Baina etena gertatu da, unibertsitateak maisu-maistrak prestatuko dituen irakasleak aukeratzean prestakuntza akademikoa besterik ez baitio eskatzen, ez eskolan esperientziarik izatea, ez alor horretako ikerketarik…
Nola zuzendu behar da egoera?
Gauza oso inportantea da hezkuntza ikasketei dagokien karreretan ibiliko diren unibertsitateko irakasleak eskola ezagutzea, eskolan egindako ikerkuntza balioestea, lorpen horiek esperimentatzea. Makinekin lan egin gabeko ingeniari gutxi egongo dira unibertsitatean irakasten… Zergatik onartzen da gure arloan praktikarik eza? Akaso edonork balio dezake irakasteko? Janzkera teorikoaz gain, irakaskuntza maila horiek ondotik ezagutzen dituzten profesionalak behar ditugu. Zentzu honetan ikasleen praktikak oso garrantzitsuak dira, baina unibertsitateko irakasle gutxiri interesatzen zaizkio ikerkuntza esparru legez, eta inork ez ditu horretara behartzen, ez bultzatzen. Baina hor dago profesioaren gakoa, praktikan.
Irakasle eskolako irakasle izana zu, “ez oso optimista”.
Ez naiz oso optimista, egia esan: gobernuak ere ez du honetan interesik erakutsi. Gauza asko egin litzake. Asma zezakeen eskola eta, batez ere, institutuko irakasleen lana sustatzeko pizgarririk, mintegiak eta praktika onak bultza zitzaten, esperientziez ikertu eta idatz zezaten, adibidez, baina ez du egiten. Are gehiago, badirudi Bigarren Hezkuntzarako Irakasleen Prestakuntzarako Masterrean datozen aldaketak gaiztotuko dutela gaurko egoera. Iruditzen zait, sarean ikasiz, berrikuntzak, eta praktikak, gaurkoak bezain exkax eta kontrol gutxikoak jarraituko dutela izaten. Ez da gaizki pentsatzea unibertsitateak horretan batez ere diru-sarrerari begiratzen diola. Agian, eredu hartuta titulua –praktikan–, diruaren truke ematen duten beste unibertsitate batzuk… Gero eskandalizatuko gara PISA eta ebaluaketen emaitzekin. Eta zein da Hezkuntza Sailaren jarrera gai honetan? Erantzukizun handia bai, baina ardura? Zerbait egin nahi bada, behar da helburuak argi izan, dirua jarri eta jendea prestatu.
Irakaslea jomugan dago?
Konfiantza soziala behar da irakasleengan eta aldi berean, nolabaiteko presioa eta presioarekin, saria. Modua bilatu behar da bere lanari perspektiba sakona eman diezaioten eta sozialki estimatuta senti daitezen. Irakasleak gehiago ikasteko, aldatzeko, deskubritzeko, proposatzeko eta egiteko aukerak eta bideak izan behako lituzke. Hausnarketa sendoa beharko luke gure irakaskuntza sistemak. Idealki, ikasketa mailarik altuena daukatenak joan beharko lirakete irakasle ikasketak egitera, komunikatzeko gaitasuna eta sentsibilitate sozial handiena daukatenak, ikaslearen beharrak antzemateko gai direnak, haren ikaskuntza prozesua egoki bideratzeko gauza izango direnak, eta ez ikasleari begiratzen ez dakien jendea. Irakaskuntzarako jenderik onena aukera liteke. Egin liteke, baina borondatea eta dirua behar dira horretarako.
Diru inbertsioa eskatzen duzu.
Unibertsitatearen lan baldintzak izugarri gogortu dira, batez ere irakasle berrientzat. Soldata miserableaz egiten dute lan askok denbora luzean jakin gabe ezagutza esparru horretan jarraitu ahal izango duten. Azken hamarkada honetan, Mundu Bankuak bultzatuta, hezkuntza merkantilizatu egin da maila guztietan. Bakoitza bere heziketaz ardura dadila da konsigna. Unibertsitatean oso ondo igarri da joera hau, baina liberalismoak maila guztietan ezarri nahiko luke, herriko jendearen kalterako. eta hori, lortutako eskubide demokratikoen etsaia da. Oinarrizko hezkuntzan, diru asko kudeaketa pribatuaren eskuetara doa. Horrek irakurketa soziala ere badu, noski. Gobernuari ez zaio eskola publikoaren aldeko sentsibilitate handirik ikusten. Baina jatorri sozioekonomikoak banandutako hezkuntza sistema areagotuz, hemendik urte batzuetara zatiketa soziala ere areagotuko zaigu, denon kalterako. Hobekuntza sozial handirik ezin espero daiteke aldez aurretik sozialki mailakatutako sistematik atera gabe.
Ados nago Uri-k esaten dituenekin eta ordua dala deritzot fokua benetako ardura dutenengan jartzekoa. Alegia, onerako zein txarrerako hemen hezkuntza-politika pertsona eta sigla konkretu batzuk kudeatu dute 4 hamarkadatan zehar. Ez da broma. Elkarrizketaren azken zatiari lotuta honats gurean gertatzen ari dena:
– Haur- eta lehen- lezkuntzako sarea honela banatuta dago: Ikasatola publifikatua, Eskola publikoen sarea eta Itunpeko Ikastetxe sarea (Elizakoa).
– Auzo “txiroetako” eskoletan etorkin berrien umeak metatzen ari dira eta “bertakoek” ez dituzte beraien umeak hauetan matrikulatzen.
– Erdiguneko eskola publiko eta ikastolako ikastetxean etorkinak gutxiago dira eta bien arteko sekulako lehia (haserre) historikoa dago.
– DBHko bi ikastetxe daude, bata eskola publikoaren ildotik eta bestea ikastola publikoaren bidetik, jakina, itunpekoek berea.
– DBHaren bateratze espress-a agindu du Hezkuntza Sailak, izan ere DBHko bi ikastetxeetako batean etorkinen tasak ez omen dira onargarriak, hain zuzen auzoetako gazte gehienak biltzen dituelako.
– Ondorioak:
. DBH-ko Ikastetxe bat itxi egingo dute (dirua aurreratu).
. Makrozentroa eratuko da, hezkuntzaren helburuak betetzea zailduz, ez baita toki nahikorik eta oraindik hezkuntza-proiekturik ez da.
. Herriko hezkuntza-komunitatea lehen zatitua orain erabat liskartuta.
. Ikastetxeetako langileak erabat etsituta, liskartuta eta motibaziorik gabe.
. Hezkuntza proiekturik gabeko gazte-biltegi gatazkatsua sortuko da.
. Euskeraren erabilpen-tasak lehenago ere baxuak direnak hutsaren hurrengo bihurtuko dira.
. Itunpeko ikastetxeetan matrikulazioa gora eta Ikastola berri baterako lugorria prest (merkantilizazioa, negozio-nitxoa?).
Laburbilduz, gure hezkuntzako kudeatzaile (murrizketen jerente, ez gero pedagogo) trebeen jokaldi itxuraz txapuzeroa baina ezkutuko asmo argiduna:
Hezkuntza publikoa kaxkartzen utzi integraziorako erabakiak hartzeke (Adostasuna bilatu, etorkin-kutoak edo laguntza bereziak aurrikusi besteak beste, noski guzti honek lana eta baliabideak eskatzen ditu);
hezkuntza-komunitatean zegoen ezinikusia sustatu (zatitu itzazu eta garaipena zurea da);
komunitate horretako zati bati eskeitza itxia egin, alegia ikastetxe bakarrarena;
beste zatia xenofobia salaketarekin mehatxatu;
Irakasle funtzionari zein behinbehineko, Guraso Elkarte(Baikara) eta zuzendariak aginduak betetzera “behartu” (bezerokeria, agintekeria);…
Hauxe da daukagun panorama eta utzi diguten pastela hurrengo urteetarako. Eutsi egin beharko zaio eta borrokatzen jarraitu Euskal Eskola Publikoaren alde. Animo ! gure semealabak,hala ere, gu baino hobeak datoz-eta.
Penagarria hezkuntza sistemaren egoera.
Frankismoan guraso euskaltzaleek jasotako ikastolen sarea, berritzailea eta modernoa, estamentu ofizialei oparitu eta burokratizazio betean erorita, salbuespenak salbuespen erantzukizun guztia administrazioari eta irakasleei utzita, kalitatea urtez urte beherantz. PISA frogan emaitza onak lortzea, helburu ia bakar zuzendaritza askorentzat. Errudunak? Guraso egoistak, irakasle funtzionarizatuak eta administrazio politizatua, ongizate komunaren gainetik kalkulu pertsonal/politikoa jarri duena.
Euskararen egoeraz zer esan, eremu erdaldunetan gutxi-gehiago erdipurdiko alfabetizazio bat eman da gazteengan, baina erabileran dago koska oraindik ere. Eremu euskaldunetan hizketaren kalitatea beherantz, erdarakadak non nahi herririk euskaldunenetako baserritar gazteenaren ahotan. Panorama hau nokaren ia erabateko desagerpenak eta tokaren doi-doiko biziraupenak osatzen dute.
Alde positiborik aurkitzekotan alde batetik irakasle euskaltzale eta bertso eskolen lan paregabea, belaunaldi berrien aisia euskaraz bete eta hizkuntza bizi-bizirik mantentzeagatik. Bestetik, milaka irakasle eta guraso konprometituren isilpeko lana, inolako aitortzarik gabekoa, hezkuntza herriaren etorkizunerako giltza dela dakienaren ziurtasunarekin egina. Honelako jendearen lanaren erakusgarri Adunako Herri Eskola bezalakoen proiektuak, etorkizuneko hezkuntzarentzat eredu. Horiei denei, eskerrikasko. Ea gainerakoek ikasten duten eta berriz harro sentitzeko moduko hezkuntza sistema osatzen dugun
Komeniko litzake behin publikatzekotan elkarrizketa osoa jartzea Mami asko bait dago hasieratik bukaeraraino.
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/uri-ruiz-bikandi-irakasle-erretiratua#iruzkinak