Eskola 2.0-ko jardunaldiaren ostean
Kezkatuta nago ez dudalako kontu hau oso ondo ulertzen. Asteazkenean, Eskola 2.0-ko aurkezpenean izan nintzen Bilbon. Hitzaldi batzuk interesgarriak izan ziren, batez ere kanpotik etorritako bi irakasleena: Alfons Cornella eta Fernando García Paezena. Cornellak oinarrizkoaz hitz egin zuen eta García Paezek San Walebonson, Andaluziako bere eskolan, egiten ari diren lana aurkeztu zigun. Batak zein besteak aurkeztutakoa fundamentuzkoa izan zen, lehenengoak alderdi teorikoa eta bigarrenak praktikoa erakutsita.
Baina, han geunden irakasle askok beste zerbaiten zain geunden: Hezkuntza Sailak euskaraz prestatu dituen material didaktikoak ikusi nahi genituen. Horiek aurkeztera Antonio Cara atera zen, programak zioen bezala “Eskola 2.0 Planaren on-line baliabide didaktikoak” ikusiko genituen. Baina aplikazio praktikoak erakutsi behar zizkigunean juxtu, teknologiak huts egin zuen, eta bere horretan utzi behar izan zuen bere esku-hartzea. EITBko multibox aretotik atera nintzenean nire buruari galdetu nion ea arazo teknologiko horiek ez ote zuten ezkutatu euskarazko baliabide didaktikoen gabezia. Oraindik ikusteko gaude, inondik ere ez dira ageri.
Eskolan galdetu didate ea zer daukagun ikasleekin lanean hasteko: Gmail, Google, Wikipedia, …. Blogger edota WordPress, Jomla, Picasa, Infarview… Gutxi gora behera hau guztia hasi baino lehenago genuen gauza bera.
OHARRAK (Post scriptum)
Beste bi kontu dira aipatzekoak. Lehenengoa emakumearen presentzia eskasa. Jardunaldiak bost bat ordu iraun zuen, atsedenerako denbora kenduta, eta horietatik ordu erdia baino gehiago ez zen egon emakume baten esku. Oraingoan ere gizonezkoek esan behar digute gehiengo handia garen 5. mailako irakasle emakumeoi zer eta nola egin behar dugun?
Bigarren kontua, euskararena. Bost ordu horietatik ordu erditxo eskasean baino ez genuen euskara entzun, bi emakumeen ahotan hain zuzen. Eskola 2.0-ko baliabideak azaltzeko eman zizkiguten orriak ere gaztelaniaz daude. Holako eskola, horrelako gizartea nahi du Hezkuntza Sailak? Espainola eta Gizon?
Kaixo Arantza:
Arreta handiz irakurri dut zure mezu hau eta iruzkin hau egitera “behartuta” sentitu naiz.
San Walabonso ikastetxearen esperientzia ezagutzen baduzu, jakingo duzu inoiz ez direla administrazioak beraien esku zer nolako materialak jartzen zizkietenaren zain. Aitzitik, horri guztiari aurre hartuz, beraiek diseinatutako jarduerak izan ziren guztion miresmena eta begirunea lortu zutenak.
Nik ez dakit hemengo administrazioak zer arraio prestatuko duen, baina oso gari daukat benetako aldaketa eman nahi badugu, soluzioa ez dela hor egongo. Irakaskuntzan gabiltzanok gure erantzukizuna hartzeko prest ez bagaude, administrazioak gure arazoak konponduko dizkigula pentsatzen badugu, gure formazioaren erantzukizuna beste erakundeen esku uzten jarraitzen badugu… jai dugu.
Gure ikasleei Ikasten ikasteko konpetentzia eskatuko diegu, gure ikas prozesuaren ardura administrazioaren esku uzten dugun bitartean?
Gauza bera esan genezake gainontzeko konpetentzien inguruan, azken finean, orain arte erakusten dugun jarrera “pasibo” horrekin, gure inkonpetentzia besterik ez dugu erakusten.
Ez dakit noren inkopetentziaz eta pasibotasunaz ari zaren; ez dut niretzat hartuko ez baitago horrelakorik.
Kritika egin diot administrazioari:
*Prozesu honetan izan duen helburu nagusia ez delako izan heziketaren kalitatea hobetzea; beste zerbaitek bultzatu du Eskola 2.0 martxan jartzera eta gauzak ez ditu ondo egin, nire ustez.
*Eskola 2.0 aurkezteko jardunaldian ez dituelako zaindu garrantzi handiko bi alderdi (emakumearena eta euskararena), eta horrek islatzen du zeri ematen dion garrantzia.
Ez zegoen besterik, nik idatzitako iritzi artiku horretan.
Bestalde, zurekin ados nago iraultza (teknologikoa izanik ere) ez dela inoiz etorri, ezta etorriko ere administrazio baten eskutik.
Baina, nik ez nuke hitz egingo inkonpetentzia eta pasibotasunaz, ez horixe.
Barkatu gaizki esplikatu banaiz, baina inkonpetentziaz ari naizenean, irakasleon inkonpetentziaz ari naiz. Eta hortxe ni sartzen naiz lehenengoa.
Inkonpetenteak gure ezagutzak, esperientziak, arazoak, baliabideak… partekatzen, inkonpetenteak euskal hezkuntzan gabiltzanontzat sare eraginkor eta eragingarria ehuntzen, inkonpetenteak gure proiektu propioak lizentzia libreekin guztion esku uzten, inkonpetenteak argitaletxe eta bestelako erakundeen zain gelditzen garelako, inkonpetenteak ulertzeko teknologia gure etsaia ez dela…
Zalantzarik gabe, hori ez da irakasle guztien errealitatea, baina, zoritxarrez, bai gehiengo handi batena. Eta, azken finean, horiek dira, nire ustez, XXI mende
Zure artikuluaren gainontzeko aspektuekin ados nago. Nik ere pentsatzen dut administrazioa mugiarazi dituen arrazoien artean, heziketarekin zerikusia dutenak, baldin badaude, pisurik baxuen izan duten arrazoiak izan direla. Bipuntuzerismo nazkagarrienaren jantziaz atondu nahi izan dute egitasmo hori, baina 2.0 izateko lehen baldintza partaidetzarena izanik, garbi dago proiektu hori nahi duten bezala salduko digutela, baina euren aurpegia garbitzeko egitasmo mediatiko bat baino ez dela pentsa dezakegu.
Kontua da, horrela izanda ere, gure esku dagoela horri eman nahi diogun erabilera zein den. Nik oso garbi daukat aukera paregabea izan daitekeela argitaletxeen “monopolioarekin” amaitzeko, irakasleok gure gauzak gainontzekoekin partekatzen hasteko, ditugun esperientziak besteekin alderatzeko… Hau da, benetako 2.0 filosofia ikastetxeetara eramateko.
Ikastola batean nago eta Ikasys proiektuaz baliatu naiz beste mila gauza egiteko. Izan ere, proiektu horrek, nire iritziz, ohiko metodologiaren errepikapen digital bat baino ez da. Tira, proiektuari ezezkoa esateaz gain, proiektu horrek gure ikastolara ekarri zituen baliabideak erabili nahi izan ditut ikasleak beren rol pasibotik ateratzeko eta bestelako proposamenak aurrera eramateko.
Zergatik ezin dugu gauza bera egin honekin eta zergatik egon behar dugu euskaraz prestatuko dituzten flash zoragarri horiek jasotzeko? Nik ez dut ezertarako nahi “Agrega” euskaldun bat eta ez dut uste horrelako sistema batek hezkuntzari inongo ekarpenik egiten dionik. Aitzitik, ikasleen eta irakasleen betiko rola errepikatu eta metodologia tradizionalaren klon digital bat besterik ez da.
Seguru asko, orain okerrago esplikatu eta nahasmen handiago sortu dudala, baina korrika eta presaka nabil eta auskalo zer nolako astakeriak esan ditudan. Horrela bada, barkatu. Ez baitut inor mintzeko inongo asmorik, ekarpen xume bat egin nahiko nuke, besterik ez.
Luzea izan da zure erantzuna, baina garbi geratu da esan nahi zenuena, edo horrela iruditu zait behintzat. Ados nago zurekin, nik ere pentsatzen dut diseinatzen diren IKT baliabideak testu liburutan ditugun material itxiak bezalakoak badira, ez duela merezi teknologi hauetan inbertsiorik egitea. Baina ikusten dut baita ere zein zaila den irakasle berak sorkuntza lan horretan aurrera egitea. Hemen, inguruan ikusten ditudanak, neu barne, gainezka daude egunerokoak ekartzen dizkigun arazoekin. Eta ez duzu oso urrutira joan behar IKTetan jarduten dutenen nekea (eta batzutan etsipena) sumatzeko.
Dena den, eskertzen dizut gaian sakontzeko egin duzun ekarpena eta ondorioz ekarritako hausnarketa.