Eskailerak garbituz, anekdotatik kategoriara
Eskailerak garbituz, anekdotatik kategoriara –
Juan Kruz Lakasta, Euskalerria Irratian.
Iruñeak alkate aurrerakoi eta euskalduna du berriro. Joseba Asiron jabetu da euskaldunon hiri buruzagiko alkate makilaz. Atzoko kronika azkarren ondotik, honatx analisi lasaiago bat.
Anomalia, agerian
Komunikazio politikoaren ikuspegitik adierazpenak behin eta berriz erraietatik egitea jarduera arriskutsua da, guztiz irristakorra. Zentsura mozioak beren onetik aterata, UPNko buruek bi aste eman dituzte erraietatik ateratzen zitzaiena mikrofonoen aitzinean oka egiten eta, azkenean, eskaileretan behera amildu dira, Cristina Ibarrolaren esaldi tamalgarri batek bultzaturik.
Alkate ohi erregionalistak EH Bildurekin agintzea baino eskailerak garbitzea nahiago lukeela esatea anekdotaz harago doa, ederki kategorizatzen baitu errealitatea: UPN eskuin klasista da, atzerakoia eta minoritarioa Iruñea bezalako hiri nagusiki aurrerakoi batean. Anomalia bat zen agintean egotea.
Iruñeko Udaletxe plaza, errealitatearen ispilu
Adierazpen karrankariz adierazpen karrankari, UPN ETAren mamua –edo komodina– berpizten ahalegindu da azken bi asteotan. Iruñeko Udaletxe plazan gertaturikoak, baina, argi utzi du diskurtso horrek PPri eta Voxi oraindik etekinik eman diezaiokeela Ebroz harago, baina jada zeharo antzua dela Arga inguruotan.
Tentsio uneren bat izanagatik ere, festa giroa gailendu zen. Diskurtso apokaliptikoak dagoeneko ez ditu pizten ezta UPNren jarraitzailerik sutsuenak ere. 2015era arte Nafarroa Garaian hegemonikoa zen diskurtso hura guztiz higatu da: erregionalistak dira kudeatzaile on bakarrak, baskoak badatoz Nafarroa hautsiko dute… Mehatxuok ez dira sinesgarriak Barkos lehendakari izan eta gero, Asiron alkate izan ondoren, alderdi sozialistaren eta indar abertzaleen arteko akordioak gero eta ohikoagoak izanda.
Alderdiaren kongresua hurbil duen honetan, UPNk bere diskurtsoa, taktika, estrategia, praxi politikoak urgenteki berritu behar ditu, Unidad Alavesa bihurtuko ez bada.
Normalizazioa eta Unidad Alavesa
Izan ere, atzo Iruñeko Udaletxean gertaturikoa aro politiko berri bat sendotzera dator Iruñean eta, hedaduraz, Nafarroa Garai osoan. Joseba Asiron alkate egiteko EH Bilduren, PSNren, Geroa Bairen eta Zurekinen arteko akordioaren eskutik aurrerapauso garrantzitsua eman da normalizaziorantz bazterrotako bizitza politiko instituzionalean, baita bizikidetza sozialean ere.
Normalizazio horrek hainbat hamarkadatan Nafarroa Garaiko erakundeetan gailenduriko anomalia hori desegitera dator: botoen heren bat izanda eskuin erregionalistak Nafarroa Garaiko erakunde gehienetan agintzearena. Paradigma berria baitakar: gehiengo aurrerakoiko erakundeetan hautagai aurrerakoirik bozkatuenak aginduko duela dioena.
Sanzen gaztatxoen teoriak zutik dirau. Eta paradigma berria kontrako eztarritik joan zaie erregionalistei. Errepika: UPNk azkar birpentsatu behar du bere burua, Cristina Ibarrolak ez badu ibili nahi Enriqueta Benitoren bidea, Javier Esparzak ez badu Pablo Mosquera bihurtu nahi.
Alderdi sozialista: taktika eta estrategia
Askok kritikatu dute PSOEren taktizismoak eman diola alkatetza Asironi, Sanchezen gobernuaren aldeko sei botoren truke. Bistan da atzo Iruñeko Udaletxean gertaturikoaren gibelean hori ere badagoela.
Nolanahi ere, nago PSNren apustua lehenago hasi zela -2019an Maria Txibite indar aurrerakoien eskutik foru lehendakaritzara eraman zuen lema kolpearekin- eta harago doala -ez da mugatzen legealdi honetara, hurrengoak ere baditu gogoan-.
Izan ere, PSNren egungo zuzendaritzako kideak jabetu dira botere instituzional askoz handiagoa erdiesten dutela indar aurrerakoiekin bat eginda UPNren itsumutila izanda baino. Eta analisi politikoa egiterakoan, eragile bakoitzaren interes alderdikoiak aztertzea tresna guztiz argigarria izan ohi da.
Hau da, ene uste harroan, aurrerantzean, orain arte bezala, Ferrazek agintzen duena erabakigarria izanen da PSNren jardueran, baina Sarasateko egoitzaren berezko joera indar aurrerakoiekin akordioetara iristea izanen da.
Pazientzia estrategikoaren ordaina
2007an, abuztukada. 2015ean, aldaketa. 2019an, lema kolpea. 2023an, paradigma berriaren sendotzea. ETAren amaiera, Nafarroa Bairen –gero Geroa Bairen– sorrera, Barcinaren okerrak, M15aren zikloa eta EH Bilduren pazientzia estrategikoa erabakigarriak izan dira kronograma horretan. Pazientzia horrek ederki merezitako sari potoloa ekarri dio indar soberanistari: euskaldunon hiri buruzagiko alkatetza, horrek daukan indar sinboliko guztiarekin.
Alkatetza lortzeko PSN bidelagun edukitzeak indar sinboliko hori areagotu egiten du, Gasteizko legebiltzarreko hauteskundeen bezperotan. Horrek berak, baina, datozen hiru urte eta erdietan kudeaketan zailtasunak ekar diezazkioke Asironi. Ez baita gauza bera 2015ean bezala Geroa Bairekin eta Aranzadirekin agintzea, edo halaber PSNren sostengua behar izatea. Herri mugimenduaren eskaerak izanen ditu batetik, eta PSNren galga bestetik. Pazientzia estrategikoa beharko du, beharko duenez.
Ez nator bat Lakastaren poza eta baikortasunarekin. Ene uste apalean azken urteotako indar abertzaleek PSN-rekin lortu duten entendimenduak deus gutxi ekarri digu Naforroako euskaldunoi. Euskararen egoera gero eta prekarioagoa da. PSN-k argi erakutsi du UPN bezain euskarafoboa dela. Agian beren subentzioak aseguratuta ikusten dituztenek alaitasunerako motibo dute, baina panorama hitsa da.
Aurrerakoi-atzerakoi dikotomia horretan ernegaturik, euskalduntasuna, gero eta okerrago, eta PSNren aldetik jarrera aldaketarik ez da somatzen. Ni oso itxaropentsu ez nauzue.