Erretzeak hil egiten du. Erretiroa atzeratzeak ere bai.
Erretzeak hil egiten du –
Gauza jakina da elkarrizketa sozialaren eremua izan zela azken urte askotan pentsioetan ezarri den mozketa politikari babesa emateko sortu zen espazioa; baina ez dituzte soilik pentsioak murrizten, langileen eskubideei ere erasaten baitiete. Esaterako, aipa dezakegu 2013ko erreforma, eragile berberek Zapaterorekin sinatu zutena: haren ondorioz erretiro adina 67 urtera arte atzeratu zen, pentsio berrien zenbatekoa zeharo mugatu eta erretiro aurreratuan zein partzialean baldintzak asko okertu zituzten. Pentsio sistema etengabeko erreforma prozesu bat ari da nozitzen; prozesu horrek, aldaketa hau edo bestea gorabehera, aipatutako bi helburu nagusiak ditu: erretiro adin erreala atzeratu eta pentsio berriak murriztea. Horretarako tarteka era guztietako neurriak ezartzen dituzte.
Irailaren 18ko akordioa helburu berera daraman beste urrats bat da. Deigarria da zein unetan gertatu den: Abuztu bukaeran Fedea fundazioak (zeinaren patronatuan banku handiak eta aseguru-etxeak dauden) plazaratu zuen txostenean esaten zen “erretiro adina urtebetez atzeratzeak lehenago hiltzeko arriskua asko handitzen du”; bada, irail erdialdera zenbait sindikaturen ordezkariek eta gobernu “progresista” batek sinatu duten akordioaren xedea da erretiro adina atzeratzea eta langileek erretiro adinetik harago aktibo jarraitzen duten bitartean pentsioa jasotzea. Hots, lehenbailehen hiltzea nahi dute, Gizarte Segurantzaren gastua txikiagoa izan dadin.
Sinatu den akordioa, beste batzuetan ez bezala, aski lausoa da; beraz, sinatzaileek ahapeka esan duten moduan orain lege-testuak zehaztu behar dira eta zein epetan onartuko diren erabaki: Ia dena egiteko dago. Eta testuinguru politikoa ez da txantxetakoa, ia egunero ikusten baitugu gobernuak bere proposamenak aurrera ateratzeko ez duela nahikoa babesik. Beraz, ea zer egin nahi duten (proposamenaren benetako mamia) eta lege aldaketa gauzatzen den ala ez.
Konturik ilunena da lan bereziki nekezak edo arriskutsuak diren kasuetan ezarri beharreko koefiziente murriztaileena. Ez dirudi horrek hobekuntza orokorrik ekarriko duenik. Gainera, zerbait hobetzekotan ere erretiro adina 65 urtetik 67raino atzeratzeko prozesuarekin batera gertatuko litzateke, irailaren 18ko protagonista berberek erabaki zutena. Beraz, orain irabaz liteken apurrak ez lituzke konpentsatuko atzeratuko diren urteak, ez eta erretiro aurreratua okertzeko politika ere. Bestalde, dinamika honen baitan lehia sustatuko dute sektoreen artean, guztiek frogatu nahi izango baitute berena dela gogorrena; azkenean, kaltedunak sektore feminizatuak izango lirateke (hala gertatzen da egun kasu hauetan eta errelebo kontratuarekin ere).
Jakina, aldizkako langile finkoek kotizatutako aldiak aintzat hartzeko modua hobetzea positiboa da, baina ez zaie aurre egiten kolektibo hau gero eta handiagoa izatea eragin duten zergatiei, eta hau azken lan erreformaren ondorio da.
Egia da ere akordioak erretiro partzialaren araudia hobetuko duela, eta bide batez baita errelebo kontratuarena ere. Baina hobekuntza oso motz geratzen da, izan ere, 2013ko pentsioen erreforma aurretik indarrean zegoen legedia oso urrun baitago gaurko egoeratik.
Nabarmena da, ordea, oso nabarmena, hedatu nahi dela mutualitate patronalek aldi baterako ezintasun edo ITetan duten esku hartzea: Sinatzaileek esan dute helburu horrekin hitzarmenak sustatuko dituztela autonomia erkidegoetako osasun zerbitzuen eta mutualitateen artean. ELAk galdegingo die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aukera honi uko egiteko. Bestalde, argi dago “bonus” sistema berrezarri nahi dutela, hau da, kotizazio sozialak jaistea istripu eta gaixotasun kopurua murrizten duten enpresei. Haatik, bere garaian bonus sistema honek joera arriskutsu bat eragin zuen: lan istripu eta gaixotasunak ezkutatzea, langileak babesik gabe geratzen zirelarik.
Horrenbestez, azkenean gauzatuko diren arauen xehetasunak ezagutu bitartean, pentsioen inguruko azken akordioa ez da inolako ezustekoa izan. Erretzeak hil egiten du; erretiro adina atzeratzeak ere bai.