Erretzaileari

Erretzaileari –

Laura Freijok Uriola agerkarian.

Erretzaile agurgarri hori,

ErretzaileariHau ez da paternalismo ariketa bat, ez bainator esatera erretzeari utzi behar diozunik, ez eta zure bizitzarekin nahi duzuna egiteko eskubide osoa ez duzula. Hau eskaera gutun bat da, kontzertuetan, antzokian, tabernetan, gaztetxeetan… ez erretzeko eskaera formal bat.

Badakit, ziur aski, esageratua naizela pentsatuko duzula (askotan leku itxi baten barruan ez erretzeko esan dizudanean pentsatu duzun bexalaze), baina; tira, nik ahalegina egingo dut eta erabakia zure eskuetan utzi.

Ezin gutun hau bukatu eskaera hau egiteko arrazoiak aipatu gabe: nahiko nekatuta nago leku itxietan sartu eta zure zigarroaren keak uzten duen airea arnasteaz, eta ostegun, ostiral eta larunbatero janzten dudan arropa guztia (bai, bufanda ere) garbitzera bota behar izateaz. Nekatuta nago bileretan zure ondoan jarri ezin izateaz, ke guztia irentsiko dudalako nahiz eta jakin badakidan niri ez botatzeko ahalegina egiten duzula. Nekatuta nago, kontzertu bat ikustera joan eta erretzen ez duzun bitartean albo batean gordetzen duzun zulo fabrika den zigarroaz pendiente egoteaz, kontzertuaren haria etengabe galduz. Nekatuta nago txosnetan garagardoak zerbitzatzen dituzun bitartean zigarroa atzamarrean zintzilik duzula ikusteaz. Nekatuta nago.

Beste gabe, eta nire eskaera kontuan hartuko duzulakoan, agurtzen zaitut.

.

Adeitasunez,

Eztabaidatzeko prest dagoen ez erretzailea.

Erretzaileari

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.