Erretolikatik erretorikara
Gaztelu plazara bidean hainbat lagun ari ziren zenbait aldizkari eta informazio orri banatzen eta saltzen. Prezio merkean gehienak baina irakurtzeko erakargarritasun gabekoak denak. Nire eskuetara ez zen erraz eta gustuz irakurtzeko moduko ezer heldu: testu denak ziren astun, luze eta aspergarri. Eta beste hainbeste gertatu zen plazara heldu eta entzun behar izan genuen amaiera ekitaldiko hitz jario zaparrada lehorrarekin ere. Manifestazioko mezua altabozetatik ematen hasi orduko ekion zion jendeak albokoarekin komentario graziosoren bat egiten, aho zabalka edo aspaldiko ezagunen bat urrutira bistatu nahian.
Manifestazio hartatik AHTaren (eta horrek sinbolizatzen duen guztiaren) aurka lana hobeto eta gehiago egiteko indarrez eta ilusioz gainezka atera behar genuen, sututa, baikortasunez. Hara joateak merezi zuela sinestuta. Eta ez manifestazioak uzten duen nekeaz etxeratzeko gogoz, mitina lehenbailehen bukatuta.
Iruñean ere Joxerra Gartziak ateratako liburuaz gogoratu nintzen eta hurrengo manifestaziora komunikazio gaitasuna lantzeko hamar bat liburu motxilan ditudala joango naizela hitz eman diot neure buruari. Komunikatzaile onak falta zaizkigulako herri mugimenduetan (ere). Torlojurik onenak egitea alferrik baita gero saltzen asmatzen ez bada.
Tori entretenigarri bideo hau:
Komunikatzaile onak ez ezik, komunikazioan adituak eta arituak falta dira, nire ustez, inguruotako erakunde, enpresa eta gizarte eragile gehienetan. Komunikazioaren ikuspegi sakona duten adituak,komunikazio estrategia eraginkorrak sortzeko gai direnak.
Erretorikan ez ezik, gogo-mapak, posizionamenduak, sormen handiko ekintzak ere pentsatzen eta garatzen asmatu behar…