Errelatoa, Gogora-k gerritik lotuta
Errelatoa, Gogora-k gerritik lotuta –
Urtzi Urkizuk Berria egunkarian.
Ikus-entzunezko zenbait ekoizlek diote ETBk ez dituela memoria historikoarekin eta euskal gatazkarekin lotutako lanak laguntzen edo ematen baldin eta Gogora institutuaren babesa ez badute. Bestalde, New Digital Mediak hainbat lan egin ditu EITBren eta Gogora-ren hitzarmenari jarraituz.
Ikus-entzunezko lan ugari egin dira azkeneko hamarkadan memoria historikoarekin eta euskal gatazka politikoarekin lotuta, baina ekoizle guztiek ez dute izan bide bera finantzaketa lortzeko. Zabalpena ere ez da beti iguala. Duela gutxi arte, euskal ekoizleek zuzenean ETBra jotzen zuten halako gaiei lotutako proiektuak aurrera ateratzeko. Zenbait ekoizlek azaldu dutenez, eragile berri bat sartu da orain erdian: Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua —Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, 2015ean, eta Aintzane Ezenarro da zuzendaria—. Karmelo Vivanco Baleuko ekoiztetxeko zuzendariarenak dira hitzak: «EITBn aldaketa ikusi dugu: dena Gogora-ren bitartez ari dira bideratzen. Lehen, proiektuak zuzenean aurkezten genituen ETBn. Orain, esaten dute harreman zuzena izan behar dela Gogora-rekin».
Badu horrek garrantzia: zenbait proiektu blokeatzeraino iritsi daiteke. Kasu batzuetan, ekoizleek ezin izan dute ETBren laguntza jaso, aurretik Gogora-ren babesa ziurtatu behar zutelako. Baina Gogora-ri ez zaio nahikoa gidoiak begiratzea babes hori emateko, baizik eta lana ia amaituta behar dute aurkeztu —inoiz, Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza Sailak jarri zuen galga, Gogora-k ikus-entzunezkoak babesteari heldu aurretik—.
Ibaia Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidente Marian Fernandezek ezagutzen ditu bi ekoizle hori bera gertatu zaiena: «ETBk esan zien Gogora-ren bitartez bideratu behar zutela egitasmoa». Horregatik, Fernandezek ETBn galdetu zuen ea zertan zen «Gogora faktorea». Hasieran, Ibaian ez zuten erantzunik jaso. «Baina duela egun batzuk bilera bat egin dugu ETBrekin. Esan digute soilik behin erantzun diotela ekoizle bati proiektuarekin Gogora-ra joan behar duela». Baina Ibaiak badu biren «konstantzia».
Badira kasu gehiago ere. Bi arnas dokumentalarena —torturari buruzkoa da— azaldu du lan horren ekoizle Imanol Arzuaga Kima-k: «Bi arnas dokumentalari diru laguntza emateari ezezkoa eman zion ETBk, horrek gurea bezalako proiektu xume batentzat dakarren galera ekonomikoarekin». Filma ETBn emateko eskariari dagokionez, hasieran ezezkoa jaso zuten. «Esan ziguten EITBko administrazio kontseiluak erabakia duela memoriaren eta gatazka politikoaren gaiak jorratzen dituzten ekoizpenak emititzeko baldintza nagusia Gogora institutuak parte hartzea edo ekoiztea dela. Beraz, Gogora-k ez badu parte hartzen, ETBk ez duela emitituko».
Bi arnas lehen aldiz telebistaz Kataluniako TV3k emango duela argiratu zuen BERRIAk duela bi aste. Handik bi egunera, ETBren deia jaso zuen dokumentalaren ekoizleak. «Azkenean, ETBren Primeran plataformarako emisio eskubideak erosteko proposamena egin digute». Egoerarekin kritikoa da ekoizlea, edonola ere: «EITBk Gogora institutua baliatzen du galbahe gisa gatazkari eta memoriari lotutako gaiei buruzko ekoizpenak emititu ala ez erabakitzeko». Arzuagaren iritziz, ETBk, «hedabide publiko bat den heinean», gaiarekiko dauden sentsibilitate guztiak islatzeko aukera eman beharko luke, eta kontakizun guztiek toki bera izan beharko lukete.
Euskal preso erien gaineko Tipularen sehaska kanta dokumentala ere ez du lagundu ETBk, eta ez du emititzeko asmorik. Ekoizleek deialdira egitasmoa aurkeztu zutenean, Gogora-rekin duen akordioa aipatu zien ETBk. Ekoizleek, ordea, ez dute Gogora-ren lankidetzaren berririk izan. Kanaldudek eman du berriki.
.
EITB-Gogora hitzarmena
Zuhur mintzo dira denak gaiaz. Fernandezek zera dio: «Nire iritziz, EITBn ez dute ezer artikulatua. Gogora-rekin sinatutako hitzarmenaz harago, behintzat». Zein da hitzarmen hori? EITBk ez du hitzarmen horren testua igorri nahi izan. Erreportaje honetarako galderak ere ez ditu erantzun.
Bi urte atzera: 2021eko otsailaren 24an, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen EITBk eta Gogora-k hitzarmen bat sinatuko zutela. Egun berean, PP-Ciudadanos taldeari erantzunez, esan zuen ez ziotela jarraipenik emango Altsasu telesailak hartutako bideari, «polarizazio politikoa» ekar dezakeelakoan. Telesail hori gaztelaniara bikoiztuta dago, baina ETBk ez ematea erabaki du.
Gogora-ren eta EITBren arteko hitzarmen bat egongo zela iragarri eta hilabete gutxira, Memoria Eraikiz programak argia ikusi zuen, 2021eko azaroan. New Digital Media ekoiztetxeak, lehiaketa publikora aurkeztu, eta lizitazioa irabazi zuen. «Modu horretan jaio zen Memoria Eraikiz, urtean lau dokumental jasotzen dituen proiektua [ETBk estreinatzen ditu]», azaldu du Maite Ibañezek, New Digital Mediako ekoizle eta dokumentalgileak. Ekoiztetxeak lan hauek egin ditu Gogora-rentzat: Ahots beldurraraziak —bizkartzainarekin bizi izan ziren PPko eta PSEko zinegotzien lekukotzak—; Euskal rock erradikala?! —sare sozialetan kontrako hainbat kritika jaso zituen—; Ahanzduratik ateratzen —polizia indarkeriaren gainekoa—; eta Emakume fusilatuak. Oroimen absentea —36ko gerran fusilatu eta hildako emakumeen ingurukoa—. Iaz iritsi ziren gehiago, tartean GALi buruzko lan bat.
Ibañezek esan duenez, lekukotzen hitzak eta emozioak dira narrazioaren ardatza. «Gure asmoa da minarekin enpatizatzea memoria demokratikoa eraikiz. Dokumentaletan ideologietatik harago joan nahi dugu, baina haiengandik ihes egin gabe», gaineratu du Ibañezek. Ekoizlearen arabera, Gogora-ren funtzioa «aholkularitza» eta «erraztea» izan da lan horietan. Programaren parte dira ekoiztetxea, Gogora eta EITB.
EITBk ez bezala, Gogora-k erantzun egin du gaiaz. Hitzarmenaren berri ere eman du, eta lehen atala aipatu: «Hitzarmenaren xedea EITBren eta Gogora-ren arteko lankidetza esparru egonkor bat sortzea da, bizikidetza demokratikoak oinarri dituen printzipio eta balioen defentsaren memoriak dakarren ondare kolektiboa babestu, garatu eta zabaltzeko. Memoria hori biktimen testigantzan aurkitzen da, eta ondare horren zati ordezkaezina da». Hitzarmenaren esparruan garatutako ekintza eta egitasmo guztiek «publiko zabalarentzat interesgarriak» izan beharko dutela zehaztu du Gogora-k. Hori dela eta, multimedia produkzioko sistemekin egingo dira, eta transmedia gehigarria garatu ahalko dute. Dokumental bakoitzak bere podcasta izan du, eta Youtubeko saio bat sortu zuten gazteentzat.
Memoria Eraikiz programako dokumentalak EITBren Nahieran zerbitzuan eta New Digital Media ekoiztetxearen webgunean ikus daitezke. Ibañezek zera ohartarazi du: «Memoria Eraikiz ez da soilik iraganeko gertakizunak gogoratzea. Memoria egitea gertaerek izan duten dimentsioa ulertzea da, bidegabekeria ulertzea, eta gizartean egon diren mehatxuak ere bai».
Gogora-k aipatu duenez, irizpide profesional eta etiko batzuen arabera garatu dira edukiak: «Printzipio demokratikoetan oinarritutako sozietate aurreratuen gobernantza publikoari dagozkionak; EITBren estilo liburuan jasotako kazetaritza printzipioak; eta hitzarmenaren xede diren ezagutza arloetan ikerketa zientifikoa zuzen aplikatzeari dagozkionak». Izena eman nahi izan ez duten ekoizle batzuk kexu azaldu dira, Gogora-ren eta EITBren deialdi publikoaren berri izan ez zutelako, nahiz eta deialdi guztiei adi egoten diren.
Beste alde batetik, Gogora-k balorazio eta hautaketa irizpide batzuk finkatuak ditu dokumentaletarako eta liburuetarako diru laguntzak emateko —sarean kontsulta daiteke deialdia—. «Martxan edo amaitzear dauden ekoizpenak laguntzeko diru laguntzak dira». Ikus-entzunezko lan bakoitzarentzat 10.000 eurorainokoa, gehienez. Laguntzen ezaugarriengatik, ez daude berez industria diren ekoiztetxeentzat zuzenduak, herri ekimenentzat eta giza eskubideen elkarteentzat baizik. Zenbait ekoizleren arabera, laguntza horiek prozesuaren amaieran emateak ez du konpontzen proiektuek hastapenetan ETBren laguntza falta izatea.
.
ETBren (nora)bideaz
Kontakizuna ulertzeko moduez iritzi kontrajarriak badira. Kontakizun hitzaren beraren esanahiaz ere bai, kontuan hartuta zer esaten duten irrati-telebista publikoaren arduradunek eta zer pentsatzen duten zenbait ekoiztetxetako produktoreek. EITBko zuzendari nagusiak, 2021eko udazkenean, hainbat tokitan eman zuen EITB 2030 estrategia planaren berri, eta, BERRIAk jaso zuenez, honela esan zuen 2021eko urriaren 22an: «Gure garai honetan, ikus-entzunezko produkziorik gabeko herrialde batek ez du errelatorik». Vivancok esan duenez, EITBko zuzendari nagusi berria iritsi zenean, «beste irizpide batzuk» finkatu zituzten. «Lerro bat dago hor, argi eta garbi». Baleukoko zuzendariaren arabera, ikus-entzunezkoak «salaketarako baliagarriak» izan daitezke. «Horri uko egitea ez dut ondo ikusten. Zinema eta telebista aukera bat da, eta ez nago ados hori baztertzearekin», gaineratu du ekoizleak.
Beste alde batetik, memoria historikoarekin eta euskal gatazkarekin lotutako lan ugari estreinatu dituzte azkeneko urteetan Donostiako Zinemaldian. 2020an, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuten, eta Mikel Zabalzaren auziari buruzko lan hori lehenago eman zuten Kataluniako TV3 katean, ETBn baino. 2021eko Zinemaldian, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra komando autonomo antikapitalisten kideari buruzko Bolante baten historia estreinatu zuten, eta hori ere TV3ek eman zuen —baita Kanaldudek ere—; ETBk ez du oraindik eman, nahiz eta urtebete baden emititzeko eskubideak dituela. ETB Primeran plataformarako ari da «gordetzen» lan batzuk.
2022ko Donostiako Zinemaldia: euskal gatazkarekin lotutako hiru dokumental. ETBren laguntza zuen bakarra Gesto izan zen, Bakearen Aldeko Koordinakundearen historia kontatzen duen lana. Hiruretako bat Karpeta urdinak dokumentala zen; Jaurlaritzaren Memoria eta Bizikidetza Sailaren torturari buruzko txosten bat du erdigunean. Proiektuak Jaurlaritzaren Kultura Sailaren, Gogora-ren eta Frantziako Gobernuaren laguntzak dauzkan arren, ETBren babesik ez du. Filmeko ekoizleek zera esan dute: «Gu saiatu gara ETB sartu zedin, baina irteerarik gabeko zirkulu batean ibili gara bueltaka. Proiektuak argia ez ikusteko kinka larrian egon ginen horregatik». Zinemaldiaren ostean, besteak beste, IDFA jaialdian (Amsterdam) eta Fipadoc jaialdian (Lapurdi) proiektatu dute.
Ziurra da lan batzuk ez dituztela ETBn emango. Esaterako, intsumisioaren inguruko Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala (Lander Garro, 2020) ez erostea erabaki zuen ETBk, «alderdikoia» edo «lerrokatuegia» zelakoan. Telebistaz ikusi ahal izan da dokumental hori, Kanalduden, iazko urtarrilean.
Vivancok zera ohartarazi du: «Garrantzitsua da belaunaldi berriei iragana transmititzea ikus-entzunezkoen bitartez». Ikusteko dago kontakizun denek izango duten horretarako aukera.
Errelatoa Errelatoa Errelatoa Errelatoa Errelatoa Errelatoa Errelatoa Errelatoa Errelatoa