Errealitatetik oso urrun

Errealitatetik oso urrun –

Lehendakariak ez du atsedenik hartzen.

Errealitatetik oso urrun
Arg: EAJ

Urriaren 9an Felipe VI. agurtu zuen Confebasken 40. urteurreneko ekitaldian. Ondoren salto batean hegazkina hartu zuen Japoniara joateko, 50 euskal enpresatako ordezkariekin batera, hauen lan ona saltzeko asmoz. Bi aste igarota, hilaren 23an, borboia Euskaldunan berriro agurtu du, Instituto de Empresa Familiar delakoak antolatutako hitzorduan. Zertxobait pentsarazi beharko luke enpresarioek beren izen ona eta gaitasuna goraipatu nahi dutenean borboi bat buru dutela jaia antolatzeak. Baina kontu hau beste batean aztertuko dut.

Agenda bete-betea duen arren, Lehendakariak ez du aukera galdu eta lehenago hasitako hausnarketa bati segida eman dio; hain zuzen ere, duela aste batzuk salatu zuen bere gobernuaren lana higatzeko konspirazio politiko-sindikal bat dagoela martxan. Orain, berriz, Deian bere arrazoibidearen azken alea irakurri dugu: Euskadi: Errealitatea vs. populismoa“.

Artikulu honek harri eta zur utzi nau, hiru konturengatik. Lehenik, bere gobernu-ekintzari eransten dizkion balioengatik eta hari aurre egiten diotenen “populismoa” salatzen duelako. Bigarrenik, bere diskurtsoa legitimatzeko hautatzen dituen datuak medio. Eta hirugarrenik, egiten duen zera publikoaren defentsa hitsagatik. Ez baita asko pentsatu beharrik ondorio batera iristeko, gaurko artikulua euskal sektore publikoan deituta dauden greben harira datorrela.

Egozten diren balioak

Lehendakariak gatazkari heltzen dio irudika litekeen modurik okerrenean: greba komenigarria den ala ez azaldu ordez (hots, guztiz zilegi eta ulergarri litzatekeen zerbait) harekin bat egiteko asmoa dutenei irain egiten die. Hauek “populistak” omen dira, eta hainbat deitura botatzen dizkie; beren jarreragatik kargu hartzen die: demagogia, pertzepzio interesatua, datu objektiborik ez eskaintzea, inolako iturririk ez aipatzea, arduragabekeria, arriskutsua, epe laburrera begiratzea, erantzun azkarrak eta errazak, katastrofistak… Hala mintzatu da Urkullu.

Beste muturrean, berriz, bera dago, bere lana eta herriaren alde fede onez lan egiten dutenak. Hauen balioak beste batzuk dira: hausnarketa objektiboa, zuhurtzia, gardentasuna, apaltasuna, efizientzia, oreka, auzolana, hobekuntza…

Lehendakariaren ikuskeran herri honetan jende zintzoa eta gaiztoa dago. Gaiztoek oinarrizko eskubide bat, greba, gauzatzen dute. Zintzoek, berriz, bere ikuskerarekin bat datorrena egiten eta esaten dute. Hau da, beraz, herri honetako enplegatzaile nagusiaren pentsamoldea.

Datu hautatuak

Aurreko artikulu batean lehendakariak liburu bat aipatu zuen, Factfulness, zeina Espainian Deustok argitaratu duen (hau berez nahikoa esanguratsua da); liburuko tesi nagusia da mundua ez dela dirudien bezain txarra, eta beti aurki daitezkeela hori frogatzeko datuak. Hori zen abiapuntua; artikulu berean, gaur hizpide dugunean bezalaxe, lehendakariak sasoiko euskal adierazlerik onenak hautatzen ditu esateko gure herria ziztu bizian doala. BPGa dela, osasun edota herritar bakoitzeko hezkuntza-gastua, eta abar. Ez du azaltzen zer dela eta, hain onak izanagatik ere, sektore publikoan behinbehinekotasuna hain altua den (sektore pribatukoan dagoenaren bikoitza); zergatik aspaldian ez dagoen negoziazio kolektiborik; edota zein den arrazoia Euskadin hartu beharko liratekeen oinarrizko erabakiak Madrilen har ditzaten (birjartze-tasa, soldatak…). Hamaika datu eman genezake, era guztietakoak! Lehendakariak bere ikuskeraren aldeko datuak aukeratzen ditu, baita arrazoia kentzen diotenekin ez ikusiarena egin ere. Hau da, lehendakariak guztiok egiten duguna egiten du: ikusmolde baten, kudeaketa baten, programa baten, interes jakinen alde jokatzen du. Ez luke zertan lotsatu horregatik; baina ez digu horregatik irainik egin behar beste zerbaiten alde gaudenoi.

Publikoari buruzko gogoeta

Esan bezala, artikuluko pasarterik okerrena da egiten duen sektore publikoaren defentsa tristea: egin beharrekoa omen da “gizarte bezala aurrera egiteko aurreztea, inbertsioak egitea eta enpresa mundua babestea (…) Izan ere, lankidetza publiko-pribatuak gure ongizatea ekarri digu”. To! Sektore publikoaz ari denean bere ondorioa da premiarik handiena enpresa pribatua babestea dela. Esan zezakeen, halaber, gure herriko presio fiskala Europakoa baino askoz ere txikiagoa dela eta, horrenbestez, diru-bilketa handiagoa izan beharko litzatekeela, gastu handiagoa egin ahal izateko. Esan zezakeen ere zorra oso txikia dela, eta aurreztea ez dela zertan lehentasuna izan milaka euskal herritar pobrezian bizi denean.

Deskonexioa

Sektore publikoan deituta dauden greben bezperan lehendakaria enpresaz mintzo da; Felipe VI.ren, Botinen eta Feijooren aldamenean esertzen da, eta ez sektore publikoan ordezkaritza duten sindikatuekin. Oso urrun dago kaleko jendearengandik.

Lehendakariak behin eta berriz aipatzen duen liburuak beste zerbait ere esaten du: arriskutsua da gaiztoa identifikatzea eta erru guztia berari leporatzea. Horregatik, zergatiak bilatu behar dira, ez bilauak. Baina ez da orrialde horretaraino iritsi, antza. Irakurtzen segiko ahal du… eta eskertzekoa litzateke beste liburu eta datu batzuk ere irakurriko balitu!

Errealitatetik oso urrun Errealitatetik oso urrun Errealitatetik oso urrun Errealitatetik oso urrun

ELAko formazio arduraduna

Zer duzu buruan “Errealitatetik oso urrun”-ri buruz

  • Hauteskunde kanpaina egiten subrogazioz. Pena euskal sindikalgintza honetan geratu izana. Sektoreka egoera ez da berdina eta zuek zuen morrontza eta lan politiko extraparlamentario tarteko, langileok txotxongilo gaituzue bilakarazten eta benetako motibo laboralak daudenean zuen borroka politiko extraparlamentario globalean dituzue kakazten.