Errealitate distopikoa Zarauzko ikastolan, Hezkuntza Saila ispiluaren aurrean
Errealitate distopikoa Zarauzko ikastolan –
Giza Eskubideen Deklarazioko 26. artikuluan, seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzerakoan gurasoek duten lehentasunezko eskubidea azpimarratzen da. Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 13. artikuluan, agintari publikoek sortutakoez bestelako eskolak hautatzeko gurasoen askatasunari zor zaion errespetua jasotzen da, horrela seme-alabek beren gurasoen sinesmenekin bat datorren hezkuntza jaso dezaten.

Espainiar Estatuaren konstituziora jotzen badugu, 27. artikuluan, botere publikoek gurasoek duten eskubidea bermatzen dutela dio, seme-alabek beren sinesmenekin bat datorren prestakuntza jaso dezaten. Eta pertsona fisiko eta juridikoei ikastetxeak sortzeko askatasuna aitortzen zaie.
Ikastolen 7. batzarrean, Iruñean, adostu zen beren hezkuntza eredua aukeratzen duten familia orori ateak irekitzea, bat etorriz gurasoen eskubideekin.
Hori jakinda, Zarauzko ikastolako azken gertakariek bizi dugun hezkuntza eredu distopikoa agerian jartzen dute. Zortzi familiak beraien seme-alabentzat hautatua duten ikastetxea (kasu honetan Zarauzko ikastola) Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zigortu egin du 140.000 euroko isunarekin, haur horiei atea ireki izanagatik. Zigorrik gabe gelditu dira, aldiz, beraien familien edo gurasoen borondatearen aurka adingabeak beraien zentroetan atxikitzeko prest agertu diren edo atxikitzen dituzten ikastetxeak. Halaber, zigorrik gabe utzi dituzte gurasoei ateak itxi dizkieten beste ikastetxe edo ikastola batzuk ere, non gurasoek beren seme-alabak matrikulatu nahi bait zituzten.
Zarauzko ikastolako hezkuntza komunitatea, zortzi familia horien eskubidea eta ikastolaren betebeharra gauzatu duena, Hezkuntza Sailak jazarri egin du boterekeriaz; miatu, zelatatu eta zigortu.
Ez sinistekoa da. Aitzakiaz aitzakia, tokian tokiko Administrazioak giza-eskubideekiko duen jarrerak bere izaera demokratiko faxista nahiz diktatoriala agerian jartzen ditu; jarrera horrek ispiluaren aurrean jartzen du.
Eta garrantzitsua da gurasoek, guraso gazteek, dituzten eskubideen jakitun izatea, eta Eta garrantzitsua da gurasoak, guraso gazteak bereziki, dituzten eskubideen jakitun izatea, eta eskubideak praktikara eramatea, galdu ez ditzaten.
Eskubideak unibertsalak dira non nahi eta noiz nahi.
Segregazioak ez dira gainditzen giza-eskubideen urraketaz, larriagotu baizik.
Zarauzko ikastolaren erantzuna hemen irakurri, entzun eta ikus liteke, baita lagundu ere:
https://zarauzkoikastola.eus/eu/albisteak/2025-01-21-hezkuntza-sailak-jarritako-isunari-erantzuna
Zorionak!
Aitor Unanue Albizuri
Azpeitiko Ikastola Ikasberri koop.e. ko Lehendakari ohia
Hezkuntza Sailari buelta etorriko zaio. Egi bakarraren diktadura honek ezin du iraum. Eurak, ongia eta moralaren zaintzaile jainkotiarrak direnak, infernuan erreko dira.
1- Horrelako gauzak esaten dituzuenak, esaten ari zarete kasu honetan Eusko Jaurlaritzak PREBARIKATU egin beharko zukeela.
2- “Eskola hautatzeko eskubidearen” ondorioz (zeharo ideia neoliberala), zentroen arteko desoreka sozioekonomiko-kulturalak eta logika konpetitiboak agertzen dira. Ikastolen elkarteak ez du inoiz batere gogoeta seriorik plazaratu horren inguruan, beraien kontua ez balitz bezala.
1. Ez litzateke lehen aldia izango. https://independentea.eus/kilometroak-2024-barkatu-ikasleok/
2. Hainbat gogoeta plazaratuak ditu. https://zuzeu.eus/euskal-herria/hezkuntzan-segregazioa/
Gatazka honetan agerian gelditu dira egungo EJ-ren Hezkuntza politikaren kontraesanak eta faltsukeriak. Ezin da planteatu Itunpeko eskolak (eskola pribatuak, alegia) hezkuntza sare publikoko parte direnik.
Artikuluaren hasieran aipatzen diren eskubideen interpretazio maltzurra egiten ari da. Aitorpen, itun eta lege horietan guztietan babesten den eskubidea da gurasoek beren gustuko hezkuntza aukeratzea, hau da, ez egotea derrigortuta estatuak agindutako eskolara joateko, baina inolaz ere babesten du ustezko eskubide bat estatuak ordaintzeko gurasoek aukeratutako eskola. Gure kasuan, onartzen badugu itunpeko ikastetxeak direla sare publikokoak, gurasoek onartu behar dute sare publikoko araua. Ez badute gustuko, inork ez die debekatzen beste eskola batera joatea. Hori bai, beraiek ordainduta. Eta ikastolek ez badituzte onartu nahi sare publikoan aritzeak suposatzen dituen betebeharrak (guztion eskubideak bermatzeko eginda daudenak, baita etorkinenak ere), utz dezaten ‘sare publikoa’.