Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu
Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu –
Alex Sarduiren adierazpen batzuen inguruan egosi den putzopila ikusita, jaiki eta ozen hitz egiteko garaia heldu zaidala erabaki dut. Hementxe uzten dut adierazpen horiek entzuteko esteka, gehiago irakurri aurretik entzuteko gomendioarekin, zuhurra eta bidezkoa baita, sarritan egiten ez bada ere, juzgatu behar denaren berri zuzena izatea. www.dailymotion.com/video
Belarrian entzumena eta buruan zentzun apurra duen edonork ulertuko du Alex Sarduik bere poza adierazten duela argi eta garbi, euskal kantagintzaren panoraman azken aldian hainbeste emakume gazte ikusita, eta nabarmentzen duela egoera berri honek ekarri duen aberastasuna. Nola liteke horrelako adierazpenak egin ondoren, ikusten ari garen erreakzio bortitz neurrigabea sortzea? Hasieran nioen bezala, arrazoi nagusia seguru asko izango da, harrikatzaile gehienek adierazpenak ez dituztela entzun. Hori sinetsi nahi nuke behinik behin, zeren hori ez bada, zer ote orduan? Zer esan du infernuko garrak gora jauzika ipintzeko?
Bada, esan du, berak, bere inguruan eta bere denboran ez duela diskriminaziorik ezagutu, beti ikusi duela tratu berdina ematen, neska nahiz mutilei. Eta bere iritzia zintzo eta xalo azaltzeak Inkisizio berriaren aulkira eraman du, gizajoa.
Kazetariaren itaunketaren nondik norakoari ez dio nonbait atzeman, inozo. Ala errebelde? Emakumeen gorakada nabarmendu duenean, argitaratu gabe baina nonbait indarrean dagoen estilo libururen batek aginduta edo, iritsi zaio lehen galdera: Bai baina,… gauzak lehenago ez ziren horrela, ezta? Erantzuna, berriro jarrera baikorrean, (asko irabazi dugu horregaz) ez da katiximak agintzen duena izan, eta beraz, bigarren galdera heldu zaio, hau ere erantzun zuzena zein zen iradokiz, nahiz eta galdera erabat ulertezina izan (egia da eta beharbada azkenean, ez?, asko badakigu zelan biolentzia matxista eta holako gauzak eszenatoki gainean eta kanpoan eta musikaren inguruan bebai, horrek asko zabaltzen du aukeria, ez?, igotzeko eta ausartzeko). Alexek zer erantzungo eta berak bere inguruan ez duela diskriminaziorik sumatu. Orduan kazetaria, nabarmen harrituta, kantagintza arlokoa ez den arren, eta Alex bere esperientziaz diharduen arren, esandakoa zuzentzen dio womansplaining bete-betean (zuk ez zenuen ikusiko baina beti egoten da diskriminazio punttu bat,… gizartea horrela delako). Eta Alex koittaduak berriro ezetz, berak ez duela ikusi bere inguruan, noski inoiz zalantzan jarri gabe beste tokietan horrelakoak gerta daitezkeenik.
Katiximapean hazi ginenok ezin katixima usaina ez sumatu, zabaltzen den tokian. Eta pasadizo honi kiratsa dario. Dogmaren kirats nazkagarria. Inkisizioaren kirats higuina. Sorgin ehizaren kirats ustela. Alex Sarduik barkamena eskatu behar izan du, Espainiako errege zahar lapurra bailitzan, sorgin ehiztari eta inkisidoreen gogoan baino ez dagoen hutsagatik. Barkamena eskatu behar izan du, zintzo eta xalo bere iritzia askatasunaz emateagatik. Nekez errepikatuko du. Askatasuna ebatzi diote. Digute esan beharko nuke zehatzago, denak bizi garelako Inkisizio berriaren begiramenean, eta soineko urratzaileen beldurrez. Ez Alex, ez zara libre zinez uste duzuna adierazteko. Obeditu, zure ibilbideaz zerorrek baino gehiago dakien kazetariari, eta aintzat hartu egiten dizun galderak berarekin daraman erantzun iradokia. Gainerakoan sorgin ehiztarien tropa zintzurrera jauziko zaizu ausikika.
Izenburua argituz amaituko dut. Bizi dugun garai honetan sorgin ehizaren berrinterpretazio sinplifikatu bat nagusitu da, elkartasun panfeministaren apologiaren eskutik. Sorginak beti emakumezko, eta inkisidore, torturatzaile eta borreroak beti gizonezko. Sorginak emakume indartsu eta ahaldunduak zirelako erretzen omen zituzten gizonek. Nagusituta dabilen sinplekeria honetan ordea, besteak beste, funtsezko elementu bat falta da:. Nor ziren salatzaileak? Gutun hau ez da sorgin ehizari buruzko tesi bat azaltzeko leku egokia, baina aurreratu dezaket egin berri dudan galderaren erantzuna biziki lagungarria dela edozein eremuko eta garaiko sorgin ehizak antzemateko, nola sortzen eta garatzen diren ulertzeko eta salaketa arrazoituaz deuseztatzeko. Zoritxarrez, duela 300 urtekoak ulertu gabe diraugun honetan ez da batere harritzekoa berriak sortzea.
Beno, Alex nahiko memelo eta inozoa izan da. Bogan eta indarrean dagoen feminista-monjenen katiximaren aurka iritzia ematea ere. 😉
Arras ados. Makurrena gazteen artean heldu dena.
Sarduik barkamena eskatu die emakumeei: “Deklarazioak lekuz kanpo daude, ez dut horrela pentsatzen”… “Benetan nago damututa, hanka sartu dut”… https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9587982/sarduik-barkamena-eskatu-die-emakumeei-adierazpenak-lekuz-kanpo-daude-ez-dut-horrela-pentsatzen/
Sardueri elkarrizketa entzun ondoren ezin dut ulertu zergaitik eskatu behar duen barkamenik. Entzutean ematen du zintzotasunez eratzun du bera bizi izan duenaren esperientzian ez duela ikusi emakumekiko diskiminazio, bazterkeria, Euskal Herriko gau egungo musika munduan.
Baina argi eta garbi dago ez dela konbengarria zintzotasunez erantzutea, eta bereziki emakumeen buruz gaiaz ari ganerean.
Inkizizio ultrafenimista bat dugu gure artean,
Gai honi buruz beraiek inposatzen dute zer esan, pentsatu behar dena eta zer ezin da esan.
Eta azkenean erabakitzen duzu hoberena mutu egotea.
Zoritzarrez Alez Sardui behartuta egon da neo-inkizizioaren aurrean “autokritika” umilagarri egitea.
Sektarismo eta dogmatismo kiratsa gero handiago eta narda ematen du hainbeste fanatikoekin aurre egitea egunero.
Azkenean fenimismo dogmatiko eta sektario eredu honek lortuko duena gero eta gizon gehiago emakume eskudideen aldeko mugimendutik aldendu eta hare gehiago aurka egotea.
Hemen jokoan dagoena, beste gauzen artean, adierazpen askatasuna eta bakoitzak libre izan zintzoki pentsatzen duena esateko eta idazteko, barkamenak eta aurre baimenak eskatu behar barik.
Emakumea beti da biktima eta kito –feminismoaren biktimak esana.
Adierazpen askatasuna eta lau zoro hauen diktadura gaitzesten duen sinadura bilketa egin beharko genuke.
Sardui boxeo-zaku gisara erabilia izan da. Frustrazioa askatzeko eskura izan duten lehenbiziko izen-abizendunaren “hanka-sartzea” probestu eta sekulako jipoia jasan behar izan du gizonak.
Zilegia izan al da? Norbaitek eztabaidatzen ahal zion, modu hezi eta ganorazkoan. Baina ez. Horren ordez, neurrigabea izan den erantzuna jaso du, zeinak ez dion utzi berak esandakoari ñabardura bat ezartzeko aukerarik eman. Zuria edo beltza, aukeran. Desenkusa eta lotsa edo amildegia.
Gauza zinez garrantzitsuagoetan erantzun zinez epelagoak ikusi izan ditugu.
Emakumeek presentzi eskasagoa dute musikan, umore monologista edo asmatzaile bezala eta abarretan. Baina arrazoia ez da estrukturazko matxismo edo heteropatriarkatua, ez. Herrialde musulman teokratikoetan bai, baina Euskal Herrian ez.
Arrazoia da sormen eta arrisku-gogoa ezberdina dela, besteak beste, gizon eta emakumeen burmuinak ezberdinak direlako. Gizona txarrenean (hiltzaile, etxegabe…) eta onenean (asmatzaile, ekintzaile…) destakatzen du.
zuzeu-n bertan artikulu bat atera zen hau azalduz: https://zuzeu.eus/tekno/gizon-eta-emakumeen-adimena-ezberdina-da/
Gizonak ikusi duena azaldu du. Musikaren munduan egin duen ibilbide luzean ez duela erasorik ezagutu esan du garbi aski. Kazetari bezala aurkeztu denak behin eta berriz presionatu du erasoren bat aitor zezan nahiz ez ikusi. Sano eta natural ikusi dut kantaria, neska ez bezala. Gizartean hedatu den wokismo zoroaren beste atal bat gehiago izan da hau. Elite ekonomikoen hatzaparretan erori den jende askok halako egoera zital askotara eramanen gaitu oraindik. Erne ibili beharko dugu eta nolabait autodefentsa antolatu.
Kontzertuetan gizonak kriminalizatzen ditu ia zer pasatzen zaigun burutik esanaz (denok bortxatzaileak omen), tira ba, merezi ez izan arren hortxe du emaitza
Euskadi Irratiko “Distrito Euskadi” saioan, oraintxe, Alex larrutzen dihardute, emakumeen kontrako jarrerak babestu izan balitu bezala, emakumeak geroz eta presentzia handiagoa izateaz pozten dela adierazi duenean. Ternuliano nazkagarriak! Diskurtso irabazlera gehitu eta puntuak irabazi nahian ari dira, errukirik gabe.
Alexek bekaturik egin badu, baldin horrela bada, bere inguruan ematen den bazterketa ez ikustea izango da, inolaz ere bazterketa horren alde egotea, baina horrela bailitzan jokatzen ari dira Alexekin. Gainera, nik entzun ditudan kritiketan bederen, ez dute adibiderik aipatu ere egin, zertan datzan Alexen inguruan, musikagintzan, ematen omen den bazterketa hori. Irainak utzi eta adibideak jarriko balituzte, jende gehiago legoke haien alde, baina kontua ez da hori, “feministena” eta “woke”ena zein den lehian irabaztea baizik, bere X edo Instagram perfilean jartzeko.
Gatibuk kantatzen duen bezala, “Eskuzabala izen naz ni bueltie etorko dala pentseurik. Zenbat bider fidxeu nazen eta popatik emoztie.
Engaineu egin nabe sarri, horregatik ein jot nik ikesi ezagun asko dodala inguruen. Lagunek? lagunek lau bakarrik.”
Aukera ona dauka orain Alexek benetako adiskideak eta bueltan dabiltzan putreak bereizteko. Animo Alex!
Galdera bat Juan Inazio:
Idazlan hau (nire uste apalean bikaina) Berria-ra bidaltzeko asmorik baduzu? Agian egin duzu honez gero?
Alex Sarduiren kasuan ikusi dugun bezala, gai hau hurrenegi joan zaigu, eta epe luzera ez du gauza onik ekarriko.
Elkarrizketa horretan bertan esan zuen bera ez zuela inork zentsuratuko, eta gero, emakumeek* egurra eman diotenean, bideo negargarri bat argitaratu du barkamena eskatuz. Nire ustez, bideo honen atzean ondorioen beldurra dago, eta ez konbentzimendua, baina ez dakit nahikoa izango den inkisizioaren atzaparretatik libratzeko…
Alex Sardui ez dut gustuko, baina oraingoan pena eman dit.
Sakristauari erantzunez, Berrian arazoren bat edo beste izan dut iraganean gauzak argitaratzeko eta beraz Zuzeu.com da nire plaza. Zalantzarik ez dut osteratxoa egiten dutela egunero hemengo berri izateko, eta honez gero irakurri dutela nire gutun hau, baina ez dut uste hemen argitaratutakoak berean ere argitaratzeko ohitura dutenik. Dena den, zerorrek bidali nahi badiezu, argitaratzea merezi duela esanez, aurrera lasai. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Ez dut uste nire bitartekaritza lagungarria izan litekeenik. “Prentsa” txarra dut nik euskal prentsan.
Hala ere zorionak artikuluarengatik eta erakusten duzun adore eta zintzotasunarengatik.
Sinatzaileen zerrenda ikusteko kuriositatea sartu zait, eta hara hor sorpresa: bertan ikusi ditut Neomak taldeko hainbat partaide, Elektropottotte, eta Alarma Morea. Talde hauek osatzerakoan gizartearen %50 diskriminatu dute, horretaz harro daude, eta besteei lezio moralak ematera ausartzen dira.
Gizartean egiten ari diren kaltearengatik ez balitz, txiste txar bat izango litzateke.
Eskerrik asko, Juan Inazio!
Tristeena da feminista hauek haserre, ziurtasun falta izugarriarekin, urduri edo/eta triste bizi direla bere bizitzako egun gehienetan. Pozik egongo balira tira, nik behintzat gustorago irakurriko nituzke beraien sorgin-ehizak.
Nik ez diet feminista erradikal deitzen, nahiago dut monja-feminista deitzea. Izatez deskriptiboagoa da. Erlijio moduan bizi dute emakumeen* (*deitu dioten) aurkako eraso edo ustezko erasoak.
Nork du soldatarik baxuena? Emakumeak.
Zeinek egiten du lanik gogorrena? Emakumeak.
Homosexualen artean, zeinek pairatzen ditu eraso gehien? Emakumeak.
Arreta zentruetan nori tratatzen zaie okerrago? Emakumeei.
Eta horrela, inolako froga edo adibiderik eman gabe, behin eta berriro esaten eta errepikatzen duten mantra, egia dela sinisten dute.
Eta hauxe nire galdera: Zein interes dauka kapitalismoak, Jaurlaritzak, ezker politikoak eta abar luzeak monja-feministei hainbesteko oihartzuna emateko? Nik behintzat ez dut ulertzen. Edo susmagarria egiten zaizkit bururatzen zaizkidan erantzunak.
.
Oraindik ez diet feministei entzun izan Ukraniako lehen lerroan paritaterik ez dela ematen, bitxia benetan!!!! Hildakoen ehuneko larogetahemeretzia gizonezkoak izanik, arrakala zeharo nabarmena, ezta????
Diskriminatuak? Euskal Herrian emakumeak aktibitate ekonomiko guztietan dira promozionatuak. Jakin badakit, zenbatetan lanpostu bat irekitzean “ahal bada emakume bat aukeratu” entzun behar dugun. Begira unibertsitateko matrikulazio zenbakiak. Ikusgarritasuna eman behar zaiela, diskriminazio positiboa… EAJren betiko rolloa. Beraz gezurretan ari dira feminista hauek noski. Denok dakigu. Hau gutxi ez, eta gainera taktika mafiosoak erabiltzen dituzte egitate bat dena azaltzeagatik.
Galdera bestelakoa da. Zergatik ari dira alderdi politikoak sorgin ehiza hauek elikatzen? Zer lotura dituzte botere internazionalekin? Nortzuk dira lobby lotura egiten dutenak? Hau argitu behar dugu eta maskara kendu.
Animo Sagarduiri, ez dakit honek begiak ireki dizkion, edo beti jakin duen eta horregatik esan zuen esandakoa. Gatibu gehiago existituko ez denez, ea hurrengo bere musika proiektuan ikuspegi erresistenteago bat erakusten duen.
Prentsan eta medioetan ageri diren errekazioei begira ibili naiz eta deigarrien egin zaidana aipatuko dut. Batetik, “egiak ez diezazula albiste on bat trakestu” deritzan jokabidea nagusitu da, hedabide gehienetan Sarduik esan ez duen “musikagintzan sekula ez da diskriminaziorik izan” ageri baita, orokortuta eta berak behin eta berriz azpimarratzen duen bere esperientzia pertsonalarekiko lotura ezkutatuz. Ez da harritzekoa, sorgin eta hereje ehiza giroko ohiko joera baita. Harrigarria egin zait baita ere, generoaren araberako bereizketa, adierazpen askatasunari dagokionez. Sarduik inor iraindu gabe bere inpresioa kontatu duelako, Mari eta Maju elkartu eta ortziak eztanda egin du. Aldiz, feminismoaren ikurra bide den Ane Lindane delako batek bere Twitter kontuan, honelakoak txiokatu ditu, Alexen barkamen eskaeraz ari dela: “… le hemos hecho agachar a cabeza” eta “… nos enorgullece que sintáis miedo y vergüenza. Jodéos” (bortxaz behartutako barkamen eskaeraz ez litzatekeela harro egon behar, edukazioz egindako iruzkin bati erantzunez). Hitz hauek sor arazi duten zalapartarik eza egiaztatu ondoren, exajeratzeko beldurrik gabe esan daiteke adierazpen askatasunak generoaren araberako ezberdintasunak dituela gure herri honetan. Azkenik, norbanako batzuek iruzkinetan adierazpen askatasunaren aldeko jarrera azaldu den arren, komunikabide batean ere ez dut aurkitu horren aldeko aldarrikapen instituzionalik. Hamaika aldiz bestelako gai eta alorretan adierazpen askatasuna exijitu duten hainbaten idatzietan ere ez dut adierazpen askatasunaren aldeko ñabardura edo keinu zipitzik aurkitu. Bada zer gogoetatu.
Zure hitzak arnasa dira niretzat. Zein faltsua den guztia. 150 sinatzaile horietako askok ez dute plazarik, ez dute kontzerturik, baina seguru nago ez dela ez Sarduiren erruz ez inoren erruz. Merkatua, neskak. Merkaturatzen da hau edo beste eta bezerook gogoak ematen diguna kontsumitzen dugu. Horixe da egia bakarra eta, nahi baduzue, gordina. Ez gaude behartuta hau edo beste kontsumitzera. Eta amorratuta bazaudete, zaudete lasai. Sardui kantaria da, bere izaerari buruz nik iritzi bat izan dezaket eta zuk beste bat, bere produktua gustuko baduzu kontsumitu lasai, eta gustuko ez baduzu ez entzun. Sinplea da. Neskak, ni ere neska naiz, eta ikusten dut makina bat lan egin beharra dagoela, baina zuek hartu duzuen bidetik ez. Hori gure kontrara doa. Zuek eta inkisiziokoak bat zatozte. Zuei nork eman dizue eredu izatearen giltza? Erregetza hori nondik? Saiatu ondo egiten zuen lana eta zorte on musikagintzan, baina beste guztia soberan dago. Sorginak erre zituzten lehen eta sorginak erretzen ari zarete zuek. Beldurra ematen duzue eta pena. Zorionez, gizarteak lepoa emango dizue eta gehienok BECen zein nahinon egingo dugu dantzan gustura asko Sarduirekin zein umorez datorren beste edozeinekin. Umoretik zabiltzate eskas.
Zer gertatu da adierazpen askatasunarekin? Sarduik ezin du bere iritzia eman ala? (okerturik egon ala ez). Neoinkisizio berri baten pean bizi gara. Gora Torkemada!!!! (gaur egungo feminismoa).
Lerro hauetatik, nire elkartasuna Alex Sarduiri. Berak ere eskubidea du nahi duena esateko. Eta agian, arrazoia dauka!!
Sarduik bere iritzia besterik ez du eman. Ez du ezer gaizki egin. Berehala zentsura gainera etorri zaio isildu nahian, eta bere hitzak zuzendu ditu. Zergatik? Zer gertatzen ari gure gizartean? Zergatik iritzi pertsonal batzuk, errespetuz eginak, eta inor iraintzen ez dutenak, berehala halako uholde eta tsunamia sortu dute 150 izenek sinatutako idatzia motibatuz eta iritzi aldaketa bat eragin arte? Hau normala al da?
Hau ez al da abusua? Hau ez al da gehiegikeria?
Nik egunetik egunera gutxiago ulertzen dut eraikitzen ari garen gizartea.
“Nik egunetik egunera gutxiago ulertzen dut eraikitzen ari garen gizartea”.
Kontua da gizarterik ez dagoela; gehienez ere, gizarteak, eta askotan “gizaurkak”, elkarren aurka eraikitzen gara, eta bestearen aurka egiteko, erarik errazena da dotrina, edo ideologia, edo katixima baten inguruan bildu eta denak batera jo, axola gabe noren aurka ari garen. Oraingo honetan Alex Sarduiren aurka.
Bestalde, egungo borroka zelaiak… ez ote diren nahiko “suzedaneoak”, ordezkoak, ETAren arma borroka, esaterako, amaitu zenetik… zeren inguruan sentitu indartsuak garela eta arerioa garaitu ahal dugula…
Zergatik kapitalista aberatsek, ezkertiar alderdi politikoek eta komunikabideek oro har monja-feministen ideologia dogmatikoa babesten dute?
Gizartea deseraiki nahi dutelako. Kapitalismo honentzat etsaiak dira herriak eta bere legeak, familia, etnia/kultura oro… Kapitalistek suntsitu egin nahi dute arrazoi jakinengatik, ezkerrak ere suntsitu egin nahi ditu bere betiereko etsaiak suntsitzeko beste biderik ez duelako ikusten. Kapitalista neoliberal globalistak eta ezkerra (zati handi bat) bat datoz baliabideetan, helburua desberdina izan arren Gero bananduko dira, hori ziur, baina orain behintzat sinbiosi batean bizi dira.
Ane Lindanek Twitter-en esandakoa: “… le hemos hecho agachar a cabeza” eta “… nos enorgullece que sintáis miedo y vergüenza. Jodéos” Sarduik esandakoa baino askoz ere larriagoa da. Non daude 150 sinadura horiek errespetu falta hau saltzeko? Injustizia lotsagarri hau deitoratzeko?
Horrelako astakeria esateko askatasuna badago, eta onartzen da. Alta, Sarduik fede onez eta errespetuz esandakoa adierazteko, badirudi ez dagoela askatasunik. Inkisizio feminista berehala martxan jarri ditu bere mekanismoak, eta erru guztia heteropatriarkatuari eta balizko kultura matxistari egotzi dio. Ederki!
Baina berez egin duena, adierazpen askatasuna ukatzea izan da.
Zer dago guztiaren oinarrian? Benetan gertatzen den guztia matxismo eta heteropatriarkaturen ondorioz gertatu edo sortu da? Noiz arte jarraitu sinplekeria honekin?
Errealitatea beti feminismoaren betaurrekoekin begiratu behar al da? Honen atzean ez al dago hutsune edota gabezi handia?
Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko garaia heldu da!
Bada zer gogoetatu. Jakina baietz!
Adierazpen askatasuna oso garrantzitsua da. Ezin da eskubide bat beste eskubide batez ordezkatu, edo bata lehenetsi eta bestea ez.
Horretaz aparte, Alex-en elkarrizketa entzun behar da, nola esaten duen dena eta ze tonuan esaten duen, hori ere baloratu eta kontutan hartu behar da. Inola ere ez da asmo txarrez emandako erantzuna.
Agian asmo txarra zuena kazetaria izango zen. Eta kontutan hartu ere bai, kazetariak mundu honetan esperientziarik ez zuela.
Sakon pentsatu beharko genuke asunto honen inguruan gertatutako guztia.
Feministek deitzen duten gaur egungo diskriminazioa lanean da “gaizki begiratu nau” tipikoa. Norbaitek gaizki begiratu nau, diskriminazio brutala! Ez digute musika eszenan parte hartzen uzten gaizki begiratu nau!
Gizonek ordea jasaten dutena hil ala bizikoa da:
https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20240926/dos-fallecidos-en-sendos-accidentes-de-trafico-en-nafarroa-en-lodosa-y-en-uroz
Hobe luke ero koadrila horrek hodeietatik errealitatera jaitsi, gizartea gorrotatzeari utzi eta bikote on bat bilatu. Kontua da, jarrera horrekin ezin dutela, eta errua gizon guztiei botatzen dietela. Nahikoa da begiratzea ze emakume ageri diren manifa feministetan edo beste edozer manifetan, esaten dudana ulertzeko.
Berriak sorgin ehiza babesten du:
https://www.berria.eus/iritzia/derradan-bidenabar/errealitatea-gizonon-begi-itxietatik_2130983_102.html
Dirudienez, ahaztu dute zergatik sortu zen Berria.
Tenplario Beltza, arrazoi duzu, Berriak sorgin ehiza babesten du.
Eta bere Aita Santua ere badauka: Marcelo II-a.
Feminismo honen azpian, sufritzen eta pairatzen, beste hainbeste gizon eta emakumeak ere badaude, borondate onekoak. Eta botere esparru edo lobby-etan ibiltzen ez direnez, gizartearen aurrean mutu dirautenak.
Goizean jaiki eta nire musika bilduma arakatzen gauza batez jabetu naiz: bertako musikari eta talde gehienak gizonezkoak direla alegia (kasu honetan gizon *-rik gabe idazten da).
Hau eskandalua! Arrapaladan noa hurbilen daukadan Elkar dendara, berdintasunaren alde emakume*-zkoek ekoitzitako gustatzen ez zaidan musika erostera. Bidean errepide ertzean mantenu lanetan zebilen talde bat ikusi dut, denak gizonezkoak ziruditen, baina ez dut misgendering bat egin nahi, beraz hor utziko dugu. Gehienak arrazializatuak, hori bai, hori erraz ikusten da.
Gauean lizunkeriak baino esaten ez dituen genero disidente@#$%&* baten emanaldira joango naiz baita ere, bere talentu higuina goraipatzera. Ostean, haren alde, ekoiztetze guztietara hots egingo dut: milioiak galtzen ari zarie! Milioiak, txo, milioiak!” Esperantza badut ekoiztetxe horietako CEOetatik 1/2 behintzat, gehiago ez bada, emakume*-zkoak izatea.
Behin etxean, sare sozialetan, mundua zeinen gaizki dagoen plazaratuko dut, 20 eta gutxiko neska batzuek musikari profesional izateko haien ametsa bete ezin dezaketelako. Ohera sartuko naiz, goxo-goxo, bihar bulegoan 9etan egon behar naizelako. Baina amets arraro batek loa kendu dit. Heren munduko herrialde batean haur batzuk animal print arropa merkea ekoizten zebiltzan, kedar eta produktu toxiko artean, itolarrian. Bitartean, milio bat neska* gaztek arropa hori janzten zuten oholtzetan, punkiago agertzeko, antisistema, eta larruzko zigorrak airean klaskatzen haur pobreei oihukatzen zieten: “zuek ez dakizue zer den diskriminazioa, zuek ez dakizue ezer. Aaaaah!!!”.
Lanera bidean EHUra doan bus geltokiaren albotik igaro eta hainbat eta hainbat neska* gazte ikusi ditut busa itxoiten. Ez dakite zer terrorezko etorkizuna etorriko zaien gainera! Gehienek maila ertaineko lan bat lortuko dute akaso, gizajoak, NASAra bakarren bat helduko da, baina ez denak… hau injustizia! Eta rockstar? Rockstar izatera ez da haietatik inor helduko. Latza!
Martxelo, zu ere itsu-itsuan sorgin-ehiza honetan? Ez da sorpresa izan, baina tira, hau etsipena! Haren iritzi-artikuluari erantzuteko aukerarik ez dute ematen ere Berria lagun ez bazara. Berria militanteki irakurtzen dut euskara hutsean dagoen medio bakarrenetarikoa delako, baina hartzen hari den bide sektario-panfletario sasifeministarekin botagurea eutsita irakurtzen dut tamalez. Nirekin jai dute Berria lagun izateko, nazkatuta nago! Ah eta sinatzaileen artean besteak beste, Alex Sarduirekin lan egindako hainbat daude, ustezko lagun izandakoak (besteak beste, Izaro, Aiora Rementeria, Zuriñe Hidalgo). Beharrezkoa al zen halako sinadura bilketa eta gupida bariko lintxamendu morala? Halako lagunekin etsaien beharrik ez gero! Kaka eurentzako!
Zuzeketa: Rementeria barik, Aiora Renteria esan nahi nuen, barkatu
Berria, euskarazko egunkari bakarra, denok hori irakurri beharko genuke baina puntu jakin batera arte jasateko prest egon zaitezke. Euskararen izenean edozer zabor jasateko prest ez nago. Eta hori jende pila bati entzun diot. Berria ez da egunkari profesional bat, panfleto politiko bat da. Edozein tabernatan ikus dezakezue: bost egunkari aukeran, denak hartuta Berria ezik. Zergatik? Panfleto bat delako. Zurabegileak: %90 bertsolariak, orain dela gutxi Sarasuak salatu zuen ideia aniztasunik ez duen bertsolaritza kolektibokoak. Badago ba aukera herri honetan bestelako ogibideak dituzten pertsonak zutabegile jartzeko… Baina ez. Gertatzen dena da Berriaren irakurle asko eta asko sektario hutsak direla eta euren ideietatik milimetro bat aldentzen den ideia bakar bat ere ez dutela toleratzen. Berriak hori badaki eta horiek galduko ote dituen beldurrez, “egunkari” sektario bat irakurle sektario batzurentzat plazaratzen du. Punto. Baina kontua da irakurle sektario horientzat Berria besazpian eramateko sinboloa dela, zenbatetan ez ditut bada ikusi Berria albo batera utzi eta beste egunkariak irakurtzen. Beraiek jakingo dute zer ari diren egiten.
Ez dut nik hemen jada egin ez den iruzkinik egingo, errepikatzea izango litzateke. Berriz esango nuke halere, kazetariak Sagardui erantzun bat ematera bideratu nahi izan duela, kazetariak berak erantzuna azpimarratuta eskainiz; besteak ez dio eskaintzari heldu eta bere ikuspuntua garbi azaldu du. Hori da elkarrizketa baten helburua, iritziak, alde batekoak ala bestekoak biltzea.
Alde bateko iritziak ikusten ditut hemen, eztabaida falta sumatzen dut. Hartsuagak egindako gogoetekin ados ez dagoenik ere izango ote da irakurleon artean.
Ni ere Argia eta Berriako irakurlea naiz eta egia esan, asunto hau dela eta, dezepzionatuta nago. Sarduiren ditxosozko elkarrizketa arreta apur batekin entzunez gero, edonor konturatzen da bere esperientziaz ari dela, ez sistemaz, justu kazetariak argitzen ez dion puntua. Ez dakit nahita izango zen (ikusita ondoren etorri den guztia) ala kazetariaren hizkuntza gaitasun apalak eragindakoa.
Gauza da hilabete badela horretatik eta oraindik ia astero agertzen dela artikuluren bat zorioneko autua berritzen duena. ARGIAko urriaren seiko musika atalean, Chill Mafiaren agurrari buruzko kritika dator. Bada, hor ere aipatu behar Alex Sarduiren elkarrizketa. Hitzez hitz dioena:”Denak ez duela zertan betirako iraun, hori argi baino argiago dugu. Eta hobe dela orain, irauteagatik irautea baino. Begira Gatibu: 25 urte matraka ematen , eta azken esprintean erakusten digu bere benetako aurpegia. Tira, benetako aurpegia baino, bere betikoa, baina onartezin”.
Azkena aste honetako osteguneko BERRIAn, urriaren 17koan, honela dio iritzi artikulu batean, gizonezko hutsez osatutako musika taldeak kantzelatzeko beharraz ari dela, hara zer dioen Gatibu taldeaz :” Gatibu taldea aspaldi joan izango zen BECik bete gabe”.
Hasieran esan dudan moduan, dezepzio modukoa sentitzen dut aspalditik harpidetza dudan bi euskal agerkari hauetan, horrelako kritika destruktiboak , funtsik gabekoak onartzeagatik. Ematen du euskal musikaren merkatua txiki gelditu dela dauden guztientzat ,eta
25 urtez plazak betetzen diharduen talde honek inbidia eragiten duela.