Errausketaren kontra egiteko

Errausketaren kontra egiteko / Errausketaren kontra egiteko / Errausketaren kontra egiteko

Argia astekariko Gaitzerdi blogean Estitxu Eizagirrek errausketari kontra egiteko argudio batzuk zerrendatu ditu, “Errausketa eztabaidatzea Gipuzkoan eta Europan” jardunaldietatik jasoak:

Errausketaren kontra egiteko

Errausketari buruzko 15 gezurri erantzuteko datuak

1.- “Atez atekoa = ezker abertzalea= sistema madarikatua”. Badirudi sistema hau nazioartekoagoa dela, Gipuzkoako periodico salduena ailegatzen ez den lurretan ere zabaldua. Bermejo: “Europar Batasunak 2016ko konferentzian atera zuten ondorioa izan zen formula egokiena atez atekoa dela. Formula anitzetan: adibidez, herritar bakoitzaren poltsak kode bat izanik, ongi eta gaizki nork egiten duen identifikatzeko”.

.

2.- “Gipuzkoan itsutu egin gara zaborrekin”. Barczakek oso bestela baloratzen du Gipuzkoako esperientzia: “Gipuzkoa orain 2 urte ezagutu nuen eta Europan noan toki denetan kontatzen dut Gipuzkoako historia. Gipuzkoa eredu da, arrakastaren historia da bertakoa. Orain esaten didate atzera egin duela Gipuzkoak 25 urte, oso tristea iruditzen zait”.

.

3.- “Ez dago frogatuta erraustegiak minbizia sortzen dutenik”. Frantziako Osasun taldeak ikerketa eskatu zuen eta ondorioa atera zuten erraustegiak direla dioxina eta furano iturri handienak eta baita ere dosi batetik aurrera dioxinak hilgarriak direla. 1997an Minbizia Ikertzeko Agentzia Internazionalak frogatutzat eman zuen dioxinek minbizia sortzeko duten gaitasuna.

.

4.- “Erraustegi modernoek ez dute osasunean kalterik eragiten”. Suberbiola: “2004an modernoak ziren erraustegien ikerketak baditugu eta emaitzek diote minbizi tasak igo egiten direla”. Eta erraustegi modernoenek ere, istripuak izaten dituzte: “Bada informe bat dioena ia 50 istripu izan direla Europan azken 10 urtean. Suteak, leherketak… Alemanian, Frantzian, erraustegi ‘moderno’ ereduzko horietan. Zer ondorio dituzte erraustegi modernoetako istripuek osasunean? Prentsak hainbeste isiltzen duen gaia izanik, ez dago ikerketa zehatzik istripuenik. Baina datuak baditugu Italiako Sevesoko kimika fabrikarenak. Sevesoko istripuan han ziren biztanleek, 20 urte beranduago, gorputzean dioxina kopuru handiagoa izaten jarraitzen dute beste herritarrek baino, eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Ebidentea da istripuetan liberatzen diren dioxinak ezin direla kontrolatu, eta osasunean eragin zuena dutela ere bai”.

.

5.- “Nire herrian joango ez denez, bost axola”. Suberbiola: “Ikerketa batzuek diote 10 kilometroko erradioan duela eragina eta Zubietatik 10 kilometroren barruan 300.000 biztanle bizi gara. Ondorioak garbiak dira: Tumore gaiztoak (bular, urdail, kolon, haur minbizi…), sortzetiko malformazioak (horietako batzuek hilgarriak), arnasketa eta bihotz gaixotasunak eta haurrengan asaldura hormonalak ikusi dira (sexualak eta tiroideoak)”. Eta ordaindu, egungo eta hurrengo hiru belaunaldietako gipuzkoar denek ordainduko dugu.

.

6.- “Biodonostiak Zubietako erraustegiari buruzko 5 urteko ikerketa egingo du”. Suberbiola: “Nazio Batuetako Komite Zientifikoak dio gutxienez 10 urteko epea ikertu behar dela tumoreei buruzko ikerketa sendoak egiteko. Albistea argitaratzea oso erraza da. Baina medio jakin batean publikatu izanak ez du esan nahi ikerketaren diseinua eginda dagoenik eta gainbegiratuta”. Gainbegiratu behar dutenen artean dago nazioartean oihartzun handia duen Carlos III Osasun Institutua, eta honek 1997-2006 arteko minbizi kasuak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen erraustegitik 5 kilometroko erradioan batez ere minbizi mota batzuek askoz gehiago egiten dutela gora.

.

7.- “Zabalgarbin lan egiten dut eta osasuntsu nago”. ETBk Zabalgarbiz egin zuen “albistean” (oraindik ez dakigu zehazki erreportaje haren albistea zein zen) agertu zen Zabalgarbiko langile bat esanaz oso osasuntsu zegoela. Suberbiola: “Hori da nik kamara aurrean esatea bezala ‘begira, zigarroa erretzen ari naiz eta ez naiz akabatzen!’. Dauden ikerketa gutxiek diote bertako langileek askoz osasun arrisku handiagoa dutela gainerako herritarrek baino”.

.

8.- “Europako herri aurreratuek erraustegia dute”. Bermejo: “1970ean izan zen Europan erraustegien urrezko aroa, baina egun gutxitzera jo du. Jabetu dira dituen kalteez. Hemen ez, dirudienez”. Barczak: “2020rako Europan hondakinak erraustea debekatu beharko genuke. Gutxienez, hondakin mota jakin batzuekin. Europan helburutzat jarri beharko genuke gehienez pertsonako urteko errefusa zenbatekoa izan beharko lukeen: 50 kilo baino gutxiago. Orduan, ez ditugu gaur adina erraustegi beharko”.

.

9.- “Erraustegiek sortzen duten energia berriztagarria da”. Barczak: “Behin betiko esan behar dugu ezin diogula berriztagarri deitu nahi ez dugun zerbaiti. Hondakinak ez ditugu sortu nahi eta kito, argi eta garbi esan behar da hondakinak ez direla energia berriztagarri, ez direla hondakinak sortu behar”.

.

10.- “Erraustegiek hondakinen balorizazio energetikoa egiten dute”. Bueno: “Zabalgarbiko ziklo konbinatukoa da: behar duen energiaren %70 gas naturaletik datorkio, eta erre den gas bero hori berriro ur eta bapore galdara berotzeko erabiltzen da, eta bigarren fase honetan erabiltzen dira hondakinak (sortzen duen energiaren %15 da hondakinak errez lortzen duena”. Bermejo: “Zabalgarbikoa martxan jarri zutenean, motoa saltzen ziguten: ‘Sekulako energia pila sortuko du!’ bai, baina gas naturala erreaz, ez zaborra erreaz”. Bueno: “Hondakinen balorizazio energetikoa egiteko, elektrizitatea sortu behar du, baina bigarren fasean, ur eta bapore galdara berotzean. Zabalgarbik 2003an lau hilabetez ez zuen batere argindarrik sortu. 2005ean gorabeherak izan zituen sortu zuen argindarrean eta 2007 arte 40 megawatio sortuz jardun zuen, gas turbinarekin bakarrik funtzionatuz, eta beraz, hondakinak erretzetik batere argindarrik sortu gabe. Hau guztia legala da, esan ezin dena da tona pila hondakin balorizatu direla. Argindarrik sortzen ez duen hondakina ez da balorizatzea. Energetikoki ere, hobea da balorizatzea materia osoetan, zeren birziklatzen dugun material bakoitza sortzeko ere energia kopuru bat behar da. Objektu baten balio energetikoa handiagoa da materia modura duena, erretzean eragiten duena baino”.

.

11.- “Erraustegiak efizienteak dira”. Bueno: “%18-%25 arteko efizientzia dute erraustegi modernoenek. Zabalgarbiko efizientzia osoa %43 ingurukoa da, baina erraustegi arrunt bat baino altuagoa den arren, gas naturaleko plantekin alderatuta askoz txikiagoa da. Alegia, gas naturaleko planta batekin efizientzia gehiago lortuko genuke, zaborrik erre behar izan gabe. Zabalgarbi sorreratik baliatu da energia berriztagarrien primez: 2012an 20 milioi jaso zituen prima hauetan eta erabat ilegitimoak dira (Zabalgarbik sortzen duen energiaren %15 bakarrik delako berriztagarria). Zabalgarbik gas natural pila behar du martxan egoteko, eta Zabalgarbitik irteten den argindarrak merkatuan duen prezioa  txikiagoa da behar duen gas natural kostua baino”.

.

12.- “Erraustegia ekonomia zirkularra da”. Barczak: “Ekonomia zirkularraren norabidea hartu du Europak. Eta ekonomia zirkularraren barruan ez du erraustegiak existitzen Europako batzordearen arabera. Digestio anaerobikoa, biogasaren eta metanoaren ekoizpena da ekonomia zirkularrarekin bateragarria den bakarra. Iaz Bilbon aritu nintzen ekonomia zirkularraz, Eusko Jaurlaritzak antolatutako hitzaldi batean. Erraustegiaren kontra hitz egin nuen, eta harrituta geratu ziren nire adierazpenekin”. Bermejo: “Erabat inkoherentea da esatea erraustegia jarriko duela eta ekonomia zirkularraren alde dagoela”.

.

13.- “Zabortegien alternatiba da erraustegia”. Intxaurrandieta: “Errausketatik 50.000 tona zepa ateratzen dira urtean eta 10.000 tona errauts toxiko (eta horiek ere zabortegira bideratuko dituzte)”. Bueno: “Zalla eta Igorreko zabortegira eraman zituzten 2009-2012an Zabalgarbitik ateratako 208.000 tona zepa. Izan daitezke arriskutsuak edo ez, hori jakiteko karakterizazio bat egin behar da eta Aldundiak ez du egiten”.

.

14.- “200.000 tona erretzeko moduko erraustegia behar dugu”. Intxaurrandieta: “prognosi okerrean oinarritzen da erraustegi proiektua. Errealitatea makilatu egin digute, eurek egin nahi duten errauste plantan enkajatzeko. Lotsarik gabe diote hazkunde demografikoa emango dela Gipuzkoan, INE eta EUSTAT eta denek diotenean gero eta jende gutxiago biziko garela. Prognosiaren oinarrian esaten da kanpotik etorriko dela jendea bizitzera gure pentsioei eta eusteko, eta horregatik egingo duela hondakin kopuruak gora. Errauste planta gaindimentsionatuta dago. Erraustegiaren gaitasuna, euren hitzetan, 200.000 tona erretzeko izango da. 2015ean 163.000 tona errefus jaso ziren, baina TMBtik igarotzean 117.000 tona irten ziren, beraz, egun dugun hondakin kopuruaren bikoitza hartuko luke erraustegiak. Argi dago, kanpotik ekarriko dute zaborra erretzeko”. Bermejo: “Ez du zentzurik ekonomiaren ikuspegitik erraustegiak: Hondakinak gutxitzen ari gara eta zabor kopuru handia behar duen erraustegia da planteatzen dena. Gainera Europak dio 2025erako %65 birziklatu beharko dela, eta erabat bereizi organikoa. Zenbat zaborrekin geratuko zara? zer jarriko duzu, mini-mini-mini erraustegi bat?”.

.

15.- “TMBak birziklagarria den dena bereizten du, beraz, errefusa da erreko den bakarra”. Intxaurrandieta: “Errauste plantaren aurretik TMBa planteatzen digute, Tratamendu Mekaniko Biologikoa. Zein da bere helburua? Hondakinak prestatzea hobeto erretzeko. Tratamendu Mekanikoan metalak bakarrik kentzen dituzte, metala erretzeko ez delako ona, arazoak ematen dituelako. Eta organikoak duen ura kentzea da tratamendu biologikoan egiten duten bakarra, ura ere erretzeko txarra delako. Baina kartoiak, ontzi arinak… hori dena ere erre egiten dute, ez dute bereizten”. Barczak-ek bestelako TMBen alde hitz egin zuen: “TMB planten helburua izan behar du ahalik gehien berreskuratzea. Materialen %33 berreskuratu dezakegu. Beti ezin da kalitate goreneko materiala lortu, baina horiei ere erabilera bat lortu behar diegu, eta ez zuzenean erraustu”.

.

Errausketaren kontra egitekoErraustegi bat? beste bat?

Barczak: “Europako estatu bakoitzaren errausketa gaitasuna aztertzen du gure dokumentuak, eta ikusten da errauste gaitasun handiegia dutela. Miarritzen erraustegi bat dago eta hondakinak eskatzen ditu, beraz, zergatik ez dituzue errefusak hara bidaltzen? Erraustegi berriak sortu baino, lehenetsi beharko genuke martxan dauden erraustegietara bideratzea hondakinak”.

Barczak-ek oihu honekin bukatu zuen hitzaldia, euskaraz: “ERRAUSKETARIK EZ!”

 

“Errausketa eztabaidatzea Gipuzkoan eta Europan” jardunaldietan aditu hauek emandako datuak:

Errausketaren kontra egiteko / Errausketaren kontra egiteko / Errausketaren kontra egiteko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.