Errausketa: lobbyak garaitze bidean herritar antolatuen eskutik

zubieta2Duela hamarkada bat pasatxo gipuzkoarrak mehatxupean jarri gintuen proiektua sartu zuten agendan zenbait agintarik. Gipuzkoan, hondakinak erraustearen mamua herri batetik bestera ibili da hango eta hemengo herritarrak izutuz. Denetariko erreakzioak egon dira. Batzuk, mamua bere herrira gerturatu bezala urruntzearekin lasaitu inozoa hartu dute. Beste batzuk harago joan eta, mehatxua desagertzeko, arazoa errotik konpondu behar dela ulertu dute, zaborra sortzeari uzteko neurriak hartu beharra dagoela alegia.

Errausketa bultzatzeko diskurtsoa gezur handietan oinarritu da beti. Herritarren mesedetan egiten omen da, zabortegiak ixteko eta era berean energia lortzeko. Baina honezkero askotan aipatu izan dugun bezala, erraustegiak zaborra toxikoagoa bihurtzen du, berreskuratzen duena baino energia gehiago xahutzen du, eta herritarrei, pozoia eta kostu ekonomiko handia besterik ez dakarkie. Hondakinak ondo kudeatuz gero, murrizketan eta birziklapenean benetan eragiteko neurriak hartuz gero, errauste plantak hegazkinik gabeko aireportuak eta kanporako loturarik gabeko AHTak bezain zentzugabeak dira.

Errauste planta eraikitzeko bultzada ez da beraz herritarrengandik etorri. Zenbait sektore ahaltsuren interes ekonomiko eta politikoen apeta izan da. 11 urte hauetan prepotentziz jokatu dute, herritarron sosak nahieran erabiliz haien proiektua inposatzeko. Baina 11 urte hauetan aurrez aurre eduki gaituzte eragileotako kideak. Gure denbora librea familiari, lagunei eta gure egiteko pertsonalei eman beharrean, herritarren osasuna, ingurumena eta ekonomia orokorraren defentsan ematea lehenetsi dugu. Herritarren jokabide arduratsuak babestuko dituen politika justuagoak bultzatu ditugu. Bestelako interesik ez daukagun eragileak hor egon gara unerik zailenetan ere, egon beharra zegoelako, merezi duelako. Borroka luze honek egin du posible errausketaren inguruko gezurrak ezagutaraztea. Borroka luze honek egin du posible hondakinak arazo izatetik aukera izatera pasa daitezkela jakinaraztea. Borroka luze honek egin du posible hondakinak kudeatzeko era berri eta probetxugarriak geurean abian izatea.

Urte asko dira herri honetan lobby handiek eta bere zerbitzuko agintariek herritarren interesen aurka prepotentziz inposatutako proiektuak geratzea lortu ez dela. Aurrera pausu handia izan da uztailaren 12an GHKk irregulartasunak salatuz proiektua suspentsoan uzteko erabakia. Lobbyen proiektua geratu bakarrik ez, eredu aldaketarako abiapuntua martxan dago jada. Eredu kontsumista, zabar eta zabor sortzailetik, eredu arrazional, jasangarri eta efizienterako bidean gaude Gipuzkoan.

Hemen bildutako eragileok, Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Koordinakundea, Eguzki, Gipuzkoa Zero Zabor eta Zubietako herritar kaltetuak urteak daramazkigu errauste plantaren eraikuntzak gipuzkoarroi sortuko dizkigun kalteak salatzen. Osasuna eta ingurumen kalteez gain ekonomikoak. Fiskala berandu dator gipuzkoarron interesak babestera. Non zegoen Carlos Ormazabalek gidaturik eta Denis Itxasoren babesarekin GHKk 400 milio euroko proiektu ilegala esleitu zuenean, swapak kontratatu zituztenean? diru publikoarekin angulak afaltzera joan zirenean?

Albiste garrantzitsu honen harira mundu guztitik jasotzen ari garen zorion mezuak, errauste plantak inoiz izan ez duen zentzua indartzen dute. Kanada, Argentina, Mexiko, Italia, Salvador, Amerikar Estatu Batuak… denak begira dauzkagu, zorionak eman eta aurrera segi dezagun animatuz. Besteak beste, hondakinen kudeaketa egokia bultzatzeagatik ospetsuak diren Paul Connet, Rossano Ercolini eta Joan Marc Simonen zorion mezuak jaso ditugu. Epelkeriak eta luzapenak alboratu eta arazoari erantzuna errotik emateko, ausardiaz jokatzeko, laguntzeko prest izango gaituzte herri agintariek. Hitzak hitz, epeak eta helburuak finkatu eta Zero Zaborrera iristeko kudeaketa abian jartzeko garaia heldu da. Antolatzen bagara eta lanerako prest baldin bagaude, azken garaipena ere gure esku egongo da. Guztion artean Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izatea lortuko dugu errausketa BEHIN BETIRAKO lehenbailehen baztertuz.

Zubietan 2013ko Uztailaren 23an

Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Koordinakundea

Eguzki

Gipuzkoa Zero Zabor

Zubietako herritar kaltetuak