Erosketa orgatxoa
Erosketa orgatxoa –
Amaia Karrera Garciak Atarian.
Inoiz entzun al duzue erosketa orgaren teoria? Twitterreko erabiltzaile batek sare sozial horretan hausnarketa gisa argitaratu zuen, eta horren arabera, pertsona bat zintzoa edo gaiztoa den ondorioztatu dezakegu supermerkatuko orgekin duen portaeraren arabera.
Horrela, supermerkatuko gurditxoa itzultzea bezain erraza den zerbaitek, jakinda ez dagoela sari edo zigorrik hori egiteagatik (edo ez egiteagatik), bizitzan zuzena dena egiten dutenen eta egiten ez dutenen alde jar gaitzake. Alegia, keinu xume horrek, gizartearentzako kide ona ala txarra garen erabakitzen du. Ez da nire asmoa xelebrekeri hori teoria baten mailara igotzea, baina ekarri nahi dudan gertakaria kokatzeko aitzakia ematen dit.
Kontua da lehengo egunean txundituta geratu nintzela albiste batekin, hain izan zen nire harridura non uste bainuen albiste faltsua zela, baina ez. Kontatzen zuenaren arabera, Madrilgo marketin enpresa bateko teleoperadore bat lanaldian zegoela bat-batean hil zen bihotzekoak jota, eta han geratu zen hileta zerbitzuak iritsi ziren arte. Bien bitartean, gainontzeko lankideek jardunarekin jarraitu zuten zegozkien telefono deiak egiten. Hilotza aurrean zutela hiru ordu luzez lanean jarraitu zuten eskainitako zerbitzua «funtsezkoa» omen zelako. Iturrien arabera, egoera azaltzen duten hiru arrazoi nagusi leudeke: batetik, langile batzuk shock egoeran zeuden eta ezin izan zuten erreakzionatu; bestetik, langileen arduradunek ez zuten lanpostua uzteko agindurik eman, hau da, inork ez zien langileei bulegoa utz zezaketenik esan eta ondorioz lanean jarraitu zuten; azken arrazoia langileek lanpostua galtzeko zuten beldurra izan zen, lanpostua ez uztea erabaki zuten ekar zitzakeen ondorioak ezagutu gabe. Finean, arduradunek egoeraren larritasuna neurtu zuten arte ez zuten lanaldia eten eta horren aurrean langileek ez zuten ezer egin. Beno bai, gertaera Whatsappez zabaltzen hasi ziren.
Shockaren ondorioz hainbat langileen paralisia defentsa mekanismo psikologiko gisa uler dezaket. Aitzitik, gainerako protagonisten portaera ez dut ulertzen produkzio sistemak eragiten duen lan prekarietatearen esparruan kokatzen ez badut. Langileen alienazioarekin egunez egun elikatzen jarraitzen duen sistema gizagabea zeina etikoki eta moralki zuzena dena zalantzan jartzera eramaten gaituen. Pertsona helduak eta segur aski giza balioetan heziak, momentu hartan zuzena zena erabaki ezinik geratu ziren.
Askatasunaren konstruktuaren hiper-erabileraz nazkatuta nago. Askatasun hitza merke saltzen ari dira/gara, askatasunaren izenean guztia balekoa balitz. Bada ez, askatasuna ez da nahi dugun hori egitea, askatasunak ez du zentzurik gizarte kontraturik gabe, bestearekin elkar-bizitzera kondenaturik gaude, eta eskerrak, talderik gabe indibiduoa ez baita ezer, banakoaren zaurgarritasunari esker taldeak zilegitasuna baitu.
«Askatasuna ez da nahi dugun hori egitea, askatasunak ez du zentzurik gizarte kontraturik gabe, bestearekin elkar-bizitzera kondenaturik gaude, talderik gabe indibiduoa ez baita ezer»
Kontatutakoa, gizateriaren maltzurkeriaren muturreko adierazpena, salbuespena izan daiteke (edo ez, pareko gertaerak ez baitzaizkigu falta). Badaezpada, eta nire askatasunaren izenean, zuzena egiten saiatzen jarraituko dut eta erosketen orgatxoa ondo lerrokatuta jarriko dut, nik alienatuta bukatu nahi ez badut. Ezer irabazi baino gehiago, asko baitut galtzeko.
Masen hezkuntza guztiz funtsezkoa da gure artean. Hezkuntza, alienaziotik aske, aldaketarako eta askatasunerako indarra izango da. Aukera, beraz, otzantzeko hezkuntza alienatuaren eta askatasunerako hezkuntzaren artean dago. Gizaki-objektuarentzako hezkuntza edo gizaki-subjektuarentzako hezkuntza.
Paulo Freire, Zapalduaren pedagogiaren pedagogoa
Erosketa orgatxoa