Erorien Monumentua, betirako

Erorien Monumentua betirako –

PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen arteko akordioak ondorio nabarmen bat izango du: Erorien Monumentua hor geratuko da betiko, izena eta funtzioak aldatuagatik ere edo eraikineko osagairen bat kenduagatik ere. Tamalez, bi neurri horiek ez dira nahikoak monumentuaren esanahia aldatzeko, ez eta milaka lagunentzat dakarren oroitzapen tragiko eta lazgarria deuseztatzeko ere.
Erorien Monumentua betirako
Arg: Frobles

Funtsean, adostu dutena da monumentua ez dela eraitsiko; hortik aurrera alderdi bakoitzak bere kontakizuna osatu du, bere peoiak kokatu ditu hitzartutakoaren alde egiteko eta gaitz txikienaren argudioa baliatu du azken justifikazio gisa, hots, egia aldaezin moduan.

PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen akordioaren alde entzun diren adierazpen ozenekin ezkutatu nahi da behin betiko baztertu dela eraispena, arrazoi legalistak direla eta, Iruñeko Udalean eta Parlamentuan gehiengo nahikorik ez dagoela eta… Historia bihar bukatuko balitz bezala eta hiru alderdion arteko akordioa azken aukera bailitzan; baina zertarako? Hor iraun dezan eta betirako blindatuta gera dadin? Gainera Maravillas Lambertoren izenarekin, badaezpada kritikei aurre egiteko hartu duten ezkutu gisa?

Bide batez, ustezko herritarren kontsulta ez ote da beste ezkutu bat, erabakiak besteren gain uzteko eta erantzukizunak lausotzeko bide bat, tokiko demokraziaren aitzakiapean? Nork bozkatuko luke, soilik iruindarrek ala nafar guztiekBaina mingarriena da faxismoa eta bere sinboloak bozkatzeko aukera izatea: Hori hautu demokratiko bat ote da?

Kontu bat nabarmena da: Monumentua duela 82 urte dago hor; zerbait egin behar da, lehenbailehen. Adibidez, eraisteko lan egin, fronte politiko, juridiko eta legalean.

Politikari dagokionez, PSN, EH Bildu eta Geroa Bai kontsentsuaren eta akordio zabal baten aldekoak dira, baina dirudienez behin oinarri horiek lortuz gero, edozein eduki omen da balekoa; baita Erorien monumentua sekulako zutik uztea ere. Izan ere, eraispena bideratzeko akordio zabala lortzeko asmoa baztertu dute, hau da, eztabaida politikoa ez dute azkeneraino eramango, kosta ahala kosta, sinbolo faxisten alde eta kontra daudenen arteko muga marrazteko. Zein puntutan legoke gaur eztabaida EH Bilduk eta Geroa Baik lan honi 2015ean, duela hamar urte, ekin izan balioteEroriak botatzeko gehiengo politikoa bazegoen unean?

Elkarte memorialistek arlo juridiko eta legalean Udalean eta Parlamentuan aldaketak proposatu dituzte eraispenari bide emateko; haatik, bi erakundeetan agintzen duten alderdiak aukera hori propio galarazten ari dira. Erabakirik ez hartzeko “segurtasun juridikoa” argudiatzen denean politika eraldatzailearen porrota ontzat ematen da. Edozein lege aldatuz gero errekurritzeko aukera izaten da, baina parlamentuek eta udalek ez diote horregatik legeak eta arauak egiteko aukerari uko egiten. Kasu honetan, ordea, PSN, EH Bildu eta Geroa Baik gauzak bere horretan utzi nahi dituzte, esanahia aldatzeko axaleko ukituren bat eginez.

ELA errepresaliatutako erakundeetako bat izan zen Gerra Zibilean eta frankismoaneta bat dator elkarte memorialisten etsipen eta haserrearekin; gure iritziz ez da egia monumentua eraisteko bide politiko eta juridikoaren amaierara iritsi garenik. PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen arteko akordioa auzia gaizki ixteko era bat da; biktimen saminak hor dirau, eta erabakia amore emate historikoa izango da.

Hori hala izan ez dadin hurrengo urratsa larunbat honetako manifestazioan parte hartzea da; denbora agortu nahi dute, eta ezer egiten ez badugu urte asko igarota ere Erorien Monumentuak hor jarraituko du, bere presentzia ilun eta beldurgarriarekin; eta horren zergatia gure bilobei azaldu beharrean izango gara. Azalpenak eman behar izango dizkiegu ere ez eraisteko itxi zen akordioaz, epe laburreko kalkuluen ondorioz, nahiz eta laster arrazoi horiek barregarriak gertatuko diren gure gainean zelatan jarraituko duen erraldoi bortitz eta astun horren aldean; berdin da beste erabilera eta izen batekin bada ere

Saioa Urriza, Nafarroako Gizarte Ekimeneko Arduraduna

Iván Giménez, Komunikazio Arduraduna

Erorien Monumentua betirako  Erorien Monumentua betirako

Elkartasuna, eraldaketa eta justizia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude