Erlijio aniztasuna EAEn (ZABALDU#2)
Erlijio aniztasuna EAEn (ZABALDU#2) –
ZABALDU #2
Erlijio aniztasuna EAEn
ZABALDU argitalpen-bildumaren helburua da aniztasunari buruzko gogoeta soziologiko bat eskaintzea, aniztasuna zentzurik zabalenean ulertuta.
Erlijio-aniztasuna EAEn izeneko bigarren zenbaki honetan, Euskadiko erlijio-aniztasunaren errealitatea zertan den azaltzen dugu eskura ditugun datuen azterketan oinarrituta, bai eta euskal erakunde publikoek erlijio-pluraltasunaren kudeaketan egindako urratsak ere, eta erlijio-elkarteek erlijio-askatasunerako beren oinarrizko eskubidea erabat gauzatzearekin lotuta dituzten beharrak ere bai.
Sarrera. Azken hamarkadetan, errealitate sozio-erlijiosoa zuztar-zuztarretik aldatu da Euskal Autonomia Erkidegoan –aurrerantzean, EAE–. Aldaketa horiek Estatuko beste erregio batzuetan bizi izan dituztenen ildo beretik doaz, baina euskal gizartearen ñabardurak eta berezitasunak ere badituzte. Izan ere, Euskadi erroerrotik aldatu da gizarte gehienbat katolikoa izateari utzi zionetik, eta aniztasun eta dibertsifikazio handiagoa du gaur egun erlijio-adierazpenei dagokienez, eta horrek argi eta garbi erakusten du erlijioa prozesu dinamiko bat dela. Bilakaera hori giza eskubideen onarpenari zor zaio hein handi batean, batez ere 1970eko hamarkadaren amaieran, demokrazia iristeaz batera, gurean nagusitu zen pentsamendu-askatasunaren ezarpenari. Horren ondorioz, nabarmen-nabarmena da katolizismoaz bestelako gero eta erlijio gehiago errotu direla gure gizartean, nazioarteko migrazioen ondorioz neurri batean. Mundua gero eta globalagoa eta anitzagoa den gure testuinguruan, hizpide dugun fenomenoa oso adierazgarria da gizarte garaikideetako dinamikak ulertzeko; hortaz, gaur egun Euskadin nagusi den erlijio-aniztasun horren errealitatea ezagutzeak sekulako garrantzia du.
Txosten honen asmoa EAEn gaur egun erlijio-aniztasunaren errealitatea zertan den azaltzea da; horretarako, bi alderdi mota hartu ditugu kontuan: batetik, alderdi kuantitatiboak, gure ikergaiaren tamaina ezagutzen lagundu diezaguketen datuak aztertzen ditugunez gero; bestetik, alderdi kualitatiboak, euskal erakunde publikoek erlijio-aniztasunaren kudeaketan egindako urratsak azaltzen eta erlijio-elkarteek erlijio-askatasuna den oinarrizko askatasuna praktikan jartzeari dagokionez dituzten premiak zehazten ditugunez gero.
Hori dela eta, hain zuzen, azken hamarkadetako aldaketa sozio-erlijioso nagusiak testuinguruan jartzea helburu duen atariko atalaz gain, txosten diagnostiko honek bi zati ditu. Lehenengoa kuantitatiboa da, eta euskal gizartearen erlijio autoidentifikazioari buruzko datuak eta erlijio bakoitzak EAEn duen pisuaren balioespena aurkezten dira bertan, bai eta erlijio-sinesmen minoritarioek Euskadin han-hemenka dituzten kultu-lekuei buruzko datuak ere.
Bigarren zatia kualitatiboa da, eta aurreko kapituluan azaldutako informazioa osatzen ahalegintzen gara bertan; horretarako, erakundeek erlijio-aniztasunaren kudeaketari eman izan dizkioten erantzunak bildu ditugu, eta Euskadiko erlijio-entitate minoritarioen premiak eta eskariak azaldu. Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko Gorka Urrutia Asua, Trinidad L. Vicente eta Asier Martínez de Bringas ikertzaileek egin dute atal honetan aurkezten dugun ikerlana.
…
MAPA INTERAKTIBOA
Euskadiko erlijioen mapa
Mapa interaktibo honetan, EAEko erlijio-aniztasunari buruzko informazioa jaso da, bai biztanleriaren erlijio-atxikipenari dagokionez, bai konfesio bakoitzeko kultu-lekuen kopuruari eta kokapenari dagokienez (ugarienak diren horiek). Horretarako, kultu-lekuen kasuan, Espainiako Erlijio Aniztasunaren Behatokiaren eta Espainiako Gotzain-Batzarraren datuak erabili dira (2024). Erlijio-atxikipenari dagokionez, berriz, estatistika-zenbatespena egin da (2022) Pew Research Center-ek, CIA Factbooks 2022k eta Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) emandako datuetan oinarrituta. Horrela, munduan dauden erlijio-atxikipenen zerrenda eskuratu da eta, INEren datuen arabera EAEn bizi diren biztanleen jatorria kontuan hartuta, ehunekoak biztanleriari aplikatu zaizkio zenbatespen kuantitatiboa lortzeko. Zenbatespen hori egungo errealitate sozialerako hurbilketa gisa ulertu behar da.
Ez dago erlijiorik, nik dakidala, giza eskubideak babesten eta aintzat hartzen dituenik. Giza eskubideen antipodetan daude.
“… euskal erakunde publikoek erlijio-aniztasunaren kudeaketan egindako urratsak azaltzen eta erlijio-elkarteek erlijio-askatasuna den oinarrizko askatasuna praktikan jartzeari dagokionez dituzten premiak zehazten ditugunez gero”.
EAJk iragarri zuen, onartzeko dagoen lege berri baten aginduz, udalek eliz desberdin eta beste erlijioei tenpluak altxatzeko lursailak eman beharko dizkietela, nahitaez. Eta hezkuntza sarean dotrina erlijiosoa jasotzeko “eskubideak” ere hor segitzen du…