Erkoreka jaunari gutuna
Erkoreka jaunari gutuna –
Erkoreka jaun agurgarri eta lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun kontseilari hori: Joan den abenduaren 15ean, Eusko Legebiltzarreko Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasun Batzordearen aurrean agertu zinen, gure seme Iñigoren heriotzaren inguruko zenbait egintza argitzeko eta zegozkion erantzukizunak ebazteko asmoz, gure begietara diziplina alorrean oraindik emateko zeuden pauso batzuen inguruan; orain, zenbait aste joan zaizkigularik zuri agerraldi hartan entzundakoek eragin ziguten kalte eta oinaze izugarria mendean hartu ahal izateko, honako hau jakinarazi nahi genizuke:
– Batetik, harrituta gaude, ordura arte ez genekien zerbait jakin baikenuen: hainbeste espero genuen diziplina espediente hura bere hartan bukatua zegoela. Erabat atsekabetuta gaude, pentsatzen baikenuen diziplinaren bide hura ibili ahal zela eta ibili beharra zegoela, eta, hartara, argi egin zitekeela ordura artean izandako irregulartasun, neurrigabekeria eta, are, protokolo, agindu eta instrukzio urraketa guztietan, denak ere ongi jasotakoak egintzen kontakizunean, 2018ko azaroaren 29an Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren Lehen Sekzioak emandako epaiak ezartzen duenez. Gure iritzian, Iñigoren heriotzak justizia galdegiten zuen, eta, hain zuzen, zure Sailaren ekimenez ukatu zitzaiolarik, pentsatu genuen barneko zigor prozeduraz ezarri ahal zitzaizkiela eta ezarri behar zitzaizkiela zegozkien erantzukizunak hain zuzen irregulartasun, neurrigabekeria eta urraketa haiek egin zituztenei, eta, zehatz-mehatz, egoera oker ebaluaturik agindu ilegitimoak eman zituztenei, haien ondorio hilgarriak eragotzi ez eta zuhurtziagabekeria profesional larriz jokatu zutenei, protokoloak zioenaz bestera tiro egin zutenei, ikerketa oztopatu zutenei, frogak desegin zituztenei eta justizia auzitegi batean gezurretan aritu zirenei.
– Zure ahotik jakitea eta entzutea, ez behin baizik eta baita lau aldiz ere, ezen epaian aipatzen diren egintzetan nahasita zeuden ia guztiek ezintasun medikoa lortua dutela prozesu hark ekarri zien kalte pertsonalaren eta profesionalaren eraginez, hori bera ikaragarria da, eta ezinago mingarria. Eta ikaragarria da, halaber, auzian nahasitako gainerako ertzainak ere zerbitzutik aldenduta egotea, erretiroagatik edo bestelako arrazoiren batengatik. Esate baterako, zerbitzutik aldenduta dago kondenatua izan den bakarra, De Pablo ofizialordea, zeinak hartara ez baitu bere gain hartu beharko epaiaren inolako ondoriorik. Eta halaxe dago Ugarteko bera, erantzun beharrik ez izateko orduan emandako agindu ilegitimoetatik bakar batengatik ere. Aldekoa jaunaz ez hitz egitearren, zeinak bere gain hartu baitzituen «erantzukizun» zenbait, Ertzaintzako zuzendari gisa zegokion erantzukizuna bertan behera uzteko; erantzukizun horiek ez dituzte ezarri diziplina ikerketapean, eta, hortaz, sekula ez dute eragingo zigor ondoriorik. Kasu horiek guztiak salbazio pertsonalak dira, baina, ezbairik gabe, katebegi ezinbestekoa dira Sailak izkin egin diezaion edozein talde erantzukizuni, norbanakoen erantzukizunez harago.
– Ez zinen gai izan, sailburu jauna, enpatia edo hurbiltasun mezurik helarazteko, ez eta gureganako elkartasun mezurik ere, nahiz eta jakin Eusko Legebiltzarrean bertan geundela abenduaren 15ean, zuk zure hitzaldian zenioen orori adi-adi; lur jota geratzeko modukoa izan zen. Ez hori bakarrik. Errekonozimendu bat baino ez zenuen egin, prozedura judizial haren pean izan ziren ertzainei egindakoa hain zuzen; izan ere, zure ustez, «bizipen larria eta mingotsa» jasan behar izan zuten, eta «beren karrera profesionala» deseginda ikusi. Halako hurbiltasun adierazpenek -lau alditan ere errepikatuak- handitu egiten dute bai zuk eta bai zure aurrekoek agertu izan diguzuen distantzia.
Hain zuzen ere, Maria Diaz de Haroko gau zorigaiztoko hartatik jasan dugun mina areagotu egin dute zure jarrerak eta zure adierazpenek; erantzule guztientzako inpunitate eta babes eskema bat diseinatu eta garatu izanak, eta hori eraginkortasun osoz bete izanak. Agian sinetsi egin genituelako bai zuk eta bai egungo lehendakariak duela ia hamar urte publiko egindako exijentziak: azken ondorioetara iritsi arte ikertzea eta egileek eta erantzule profesional eta politikoek erantzukizuna beren gain hartzea. Zeren hori eskura izan duzuenean, zure ardurapean izan duzunean, kikildu egin baitzara, eta erabaki koldarra hartu baituzu.
Horregatik, Iñigo gure seme bakarraren heriotzaren hamargarren urteurrenerako hilabete gutxi falta diren honetan, zera eskatzen dizugu, gure eskura jartzeko 2012ko apirilaren 5eko operatiboarekin lotutakoen inguruan duzun dokumentazio guztia, baita geroago egin diren ikerketen, erabakien, erregistroen eta abarren ingurukoa ere: zabaldu diren eta gero artxibatu diren diziplina prozeduren berri; prozedura judizialpean egondakoen ezgaitasun deklarazioari bide ematen dioten txosten medikoen inguruko informazioa; gainerako inplikatuak zerbitzutik kentzeko deklarazioaren eta horretarako arrazoien informazioa…
Era berean, bilera presentzial bat eskatzen dizugu informazio hori dena eman diezaguzun eta gure aurrean adieraz dezazun, aurrez aurre eta begietara begira, horren inguruan egoki irizten diozuna.
Azkenik, eta alde batera utzita aurrez azaldutakoak, bazter utzita prozedura judiziala eta Ertzaintzaren barruko erantzukizun indibidualak eta erantzukizun kolektiboa, gustatuko litzaiguke zuek gogoeta egitea eta pentsatzea zer egin eta esan duzuen zuk, zure sailak, dagokion gobernuak, zure aurrekoek eta Eusko Legebiltzarrak instituzio gisa gure kasuari buruz eta gure seme Iñigoren heriotzari buruz. Ia hamar urte pasatu diren honetan, sentitzen dugu gure mina sakondu besterik ez duzuela egin, hura onartu eta arindu beharrean. Urte hauetan esan eta egin duzuenaren inguruan hausnartzeko eskatzen dizuegu, eta esan dezazuela ea horrek guztiak ekarpenik egin dien gure ustez merezi ditugun justiziari, egiari eta aitortzari. Izan ere, zer egin duzue zuek? Zuetako inork eskatu al du barkamenik edo esan al du sentitzen duela gertatutakoa? Aitortu al duzue egindako mina? Esan al duzue gertatu zena ez zegoela ondo edo ez zuela inoiz gertatu behar? Eskatzen dizuegu zintzoki gogoeta egin dezazuela eta esan diezaguzuela ea guk eta gure semeak, Iñigok, ez ote dugun merezi aitortza horietako bakar bat ere.
Adeitasunez,
Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu