Geure ereserkiaren bila
Napoleonek esaten ei zuen, ehun kainoi baino hobea zela Marsellesa ereserkia. Eta arrazoia izango zuen kortsikar ttikiak, gerrari buruz bazekien eta apurtxo bat. Baina nago gerrarako ez ezik, beste gauza askotarako ere balio duela ereserki on batek, baldin eta Marsellesa adibide moduan hartzen bada.
Egia da Lamartinek eta Victor Hugok aldatu nahi izan ziotela hitza eta zentzua Rouget de Lisle kapitainak 1792an asmatutako kantuari, baina asmo horiek ez zuten egin aurrera. Esan liteke, gainera, Edith Piafek abestu zuenetik iltzatuta geratu dela frantziarren memorietan. Serge Gainsbourgek eman zion gero errematea.
Bistan da, jendea batzeko ez ezik, egoerari aurre egiteko ere balio duela kantu honek. Egunotan ikusi dugu hori , Pariseko atentatuen ondoren, aho batez eta garrasi betean abestu dela askotan gaitzetsia izan den esaldia: odol zikinez bete daitezela gure erretenak!
Egia esanda, jatorrizkoaren sang impur hori behar bezala itzultzeko hitzik ez datorkit orain gogora (lizun, likits, zikin, lohi… erabil nitzake), baina Kepa Altonagarekin gogoratuta, agian odol inpurua behar nuke hemen idatzi, zehaztasunik ez galtze aldera.
.
Armetara herritarrak!
Osatu batailoiak!
Goazen, goazen,
Odol inpuruak
Busti bitza gure erretenak
.
Ezin esan liteke Marsellesa bakezaletasunaren adibide egokiena denik, baina nork nahi du halakorik ereserki batean? Hobeto esanda, zertarako behar da ereserki bat ez bada jendea batu, hunkitu eta oldartzeko? Alde horretatik, Marsellesa bikaina iruditzen zait. Beste kontu guztietarako badira kantu eder askoak, bakearentzat, amodioarentzat, naturarentzat… baina ereserki bat ez da kantu soil bat, liturgia ere bada.
Zein da gure liturgia ardazten duen ereserkia?
Ez dakit nor daukazun alboan hau irakurtzen ari zaren une honetan, baina aurkitzen duzun lehenengoari eska iezaiozu kantatzeko euskal ereserkia, eta ikusiko duzu zer gertatzen den. Edo hobeto, zer ez den gertatzen. Jakingo du futbol talderen baten kantu txuriurdin edo gorri-zuria, baina beste ereserkirik ez du edukiko ganbaran gordeta, ez, behintzat, Sabino Aranak idatzi eta 1983tik EAEn ereserki ofizial dena:
.
Gora ta Gora Euskadi
aintza ta aintza
bere goiko Jaun Onari
Areitz bat Bizkaian da
zar, sendo, zindo
bera ta bere legia lakua
Areitz gainean dogu gurutza deuna
beti geure goi buru…
.
Umetan erakutsi zidan kantu hori Felisa gure amama errepublikazaleak. Baita EAJren ereserkia ere, Jeiki Jeiki eder hura, oraindik noizik eta behin dutxan abesten dudana. (Memoriak gordetzen duen zatitxoa, bederen). Hala ere, horiek ez dira ereserki eta ez dira ezer. Harrapatuegi geratu dira euren letretan eta kantuen edertasuna agerikoa bada ere, ez dute fitsik balio hemen darabilgun konturako. Gatza eta indarra falta zaie, besteak beste.
Ni gehiago naiz Eusko Gudariaken aldekoa eta, gainera, a capella gustatzen zait musika tresnaz lagunduta baino. Oso ondo etorri izan zait mementu askotan, bai beldurrez nengoelako, pozez, saminez edo beste egoera hunkibera batean. Inoiz baino integratuago sentiarazi nau ingurukoekin eta ez dut konprenitzen zergatik ez dugun egiten, behingoz, geure ereserki. Baita ofizialki ere.
Gogora datorkit Montxo Doral, ertzain jeltzalearen hiletetan nola abestu zen Eusko Gudariak eta oiloipurdi jartzen zait azala oraindik ere. Oso argigarria izan zen gertaera hura, historia desberdinetako euskaldunok batzen gaituen liturgiak badirela egiaztatzeko. Argi geratu zen Eusko Gudariak ez dela inoren propietate, denona izan ezean.
Kantu eder askoak baditugu antzeko funtzioa egin dezaketenak, Txoria txori, Mendizaleak aurrera, Gernikako arbola eta beste hainbat, baina Eusko Gudariak bezalakorik ez dago:
.
Eusko gudariak gara
Euskadi askatzeko
Gerturik daukagu odola
Bere alde emateko
Irrintzi bat entzunda
mendi tontorrean
Goazen gudari denok
Ikurrinaren atzean
.
Kantatzen duzu ahots goraz, eztarria urratzeko puntuan, eta garbituta itzultzen zara mundura. Reseteatuta, gaur esaten den moduan.
Egongo da dioenik hau ere, Marsellesa bezala, militarista eta odoltsua dela, ez baitaude alferrik odolaren eta gudarien aipamenak, baina, zer nahi duzue bada, lizentzia txikiren bat behar izaten dute ereserkiek normalaz haragoko sentipenak eragiteko. Gainera, guk, geure odola emateko prest gaudela diogu, eta ez inorena kentzen ibiltzeko…
Eusko Gudariak-ek funtzionatu egiten du eta beste batzuek ez. Gauza bera gertatzen da askapen oihuekin ere. Gora Euskadi askatuta! esatea eta Gora Euskal Herria askatuta! esatea, ez dira gauza bera. Ez eta gutxiago ere. Batek indarra du, besteak zehaztasuna.
Izanak izan, zurtz eta kontsolamendurik gabe gaude, batzen gaituen kantua erabaki gabe oraindik. Polita litzateke hurrengo batean, zein ereserki nahi dugun galdetuko baligute. Baita erreferendum bat antolatu behar bada ere horretarako, nola egin duten Suitzako erlojugile guztiek jaungoikoa euren ereserkitik kendu eta elkarrekin zer abestu nahi duten erabakitzeko.
Ni ere hunkitzen eta ukitzen nau Eusko Gudariak-ek. Baina politikoki zuzenaren diktadurapean ereserki izateko aukera gutxi du. Zorionez ezin dute zikiratu Agur Jaunak-ekin egin duten bezala.
Politikoki ez zuzena? Irakurri Els Segadors euskaraz (Kataluniarra, Wikipediatik):
Katalunia garaile,
aberats eta betea izango da berriz ere.
Atzera jende hau
hain harro eta handigura.
Igitai zartada ona,
Igitai zartada ona,
Herriaren defendatzaileak!
Igitai zartada ona!
Orain da ordua, segalariak.
Orain da erne egoteko ordua.
Beste ekain bat datorrenerako
ongi zorrotz ditzagun tresnak.
Igitai zartada ona,
Igitai zartada ona,
Herriaren defendatzaileak!
Igitai zartada ona!
Egin beza dardar etsaiak,
gure bandera ikustean.
Urrezko galburuak erorarazten ditugun bezala,
komeni denean kateak segatzen ditugu.
Igitai zartada ona,
Igitai zartada ona,
Herriaren defendatzaileak!
Igitai zartada ona!
Horregatik batzuk independentziarantz doaz besteok poziktibity foralarekin erridikuloa egiten dugun bitartean.
Nik urteak daroadaz gauza bera esaten: Pirritx eta Porrotxen Maite Zaitut, Euskal Herri berrirako ereserkirik egokiena.
Bai arrazoi duzu ! Gure errepublika bakezale, flower- power, begano eta feministarentzako ereserki ezin egokiagoa !
Estatua al gara? Bai? Orduan Estatuaren erresekia http://www.bing.com/videos/search?q=el+himno+de+las+cortes+de+navarra&FORM=VIRE3#view=detail&mid=56EF470C7DFDB8F1888656EF470C7DFDB8F18886
Gora Nafarroa osoa!!!
Nafarroako gorteen ereserkiaren aldeko puxtarri bat: ez zaio hitzik paratu beharrik.
Errugby partidatan entzun ahal duzue jendea (ipar eta hego, eskuin eta ezker,euskaldun eta erdaldun,…) Txoriak Txori abesten?
Horrek indarra ematen du gero .
Eusko Gudariak borrokarako hobea.
Nere ustez, Gora ta Gora ereserkia zahar geratu da. Gañera ez dot uste euskal herritarrok ordezkatzen deuskunik, alderdi politiko baten ereserkia dalako.
Eusko gudariak kanta oso indartsua da, baie geur, 21. mendean, gudaz berbaitea ez dot uste hoberena danik.
Beraz, neure abutuz, euskal ereserkia alaia izan beharko luke, denok dakiguna. Ikusi mendizaleak izan leike aproposena.
🙂
Niretzat Ikusi Mendizaleak izango litzake ereserki aproposa.
Gauzak nahasten ari gara nire ustez, eta norberak inspirazio iturri aberkoitzat dauzkan abestiak ereserki bihurtzen. Hasierren umetako oroitzapenen errespetu osoz, baina egia esateko kantu horiek (Euskal abendaren ereserkia…) artifizial samarrak iruditzen zaizkit ereserki izateko, eta ez dute onarpen zabalik.
Hor dago Agur jaunak ere, baina errezeloa dut ez ote den motz geratzen eta edukiz hutsal. Batek esan dezake ereserkia Benito Lertxundiren Itzaltzuko bardoa edo Altabizkar (Astobi…) dela, baten batentzat Pintxo pintxo gure txakurra ere bururatuko zaio (hamaika entzuteko) baina hori ez da kontua, baizik eta Euskal Herri osoan hedadura eta esangura historiko handien eta elementu sinbolikoz (identifikagarriz) jantzien dagoen abestia, emozioa pizten duena, eta hori zalantzarik gabe Gernikako arbola da, Iparralden ere begirunez kantatzen dena eta 1912 aldera Fiteron herriko plazan diputatu foruzaleei ongi etorria egiteko kantatu zena. Esan dut…
Neretzat Eusko gudariak hoberena, baina Euskadi izena amortizatua dagoela iruditzen zait, iada ez duela indarrik.
[…] ereserkia”. Horrela hasten da Hasier Etxeberria zenak gurean orain bost urte luze idatzitako “Geure ereserkiaren bila” iritzi artikulua, non proposamen batzuk egiten […]
Aupa Hasier ! Urteak pasa dira baina zure artikuluak gustoz irakurtzen jarraitzen dugu !. Gustoz ez bakarrik ondo idatzita daudelako, dokumentazio eta esanagaitik ere !