Erantzun zabala izan du osasun publikoaren alde Osakidetzan deitutako lehen greba egunak

Erantzun zabala izan du lehen greba egunak –

Erantzun zabala izan du osasun publikoaren alde Osakidetzan deitutako lehen greba egunakNazkatuta, kalera atera dira bertako langile ugari aste honetan deitutako lehen greba egunean, zerbitzu publikoaren defentsan eta Osakidetza bizitzen ari den eraispenaren aurka. Goizean, kontzentrazioak eta manifestazioak egin dituzte Donostian, ospitaletik; Gasteizen, Txagorritxutik eta Bilbon, Basurtotik. Eguerdian, kontzentrazioak egin dituzte hainbat osasun zentrotan. Bihar ostirala, bigarren greba eguna egingo dute.

Osakidetzaren garrantzia nabamendu dute, osasun publikoa ongizate estatuaren zutabeetakoa eta oinarrizko eskubidea baita. Izan ere, osasun arretarako sarbidea bermatzen digu, gure egoera sozioekonomikoa edozein dela ere.

Salatu dute Osakidetzako kudeaketa negargarriak eta politika okerrak ekarri duela egungo egoera, baliabide eta profesionalen faltarekin, Etengabeko Arretarako Guneen itxierarekin, Lehen Mailako Arretako hitzorduetarako egunetako atzerapenarekin edota itxarote-zerrenden luzatzearekin. Era berean, onartezintzat jo dituzte gabezia horiek, osasun-arretaren kalitatea ezin baita murriztu gurea bezalako gizarte batean. Horrela, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute gaurko mobilizazioetan.

Azpimarratu dute Osakidetzako langile guztiek ahalegin handia egin dutela azken urteotan, lan-karga handiak eta asistentzia-presioa jasanez, eta horrek eragina izan duela langileen ongizate eta lan-osasunean.

Nabarmendu dute Osakidetzako langileak osasun-sistema publikoaren funtsezko parte direla, eta euren konpromiso eta lan onik gabe ezinezkoa dela osasun publikoa. Bada, bihar ere, bigarren greba egunean, horixe aldarrikatuko dute, eta manifestazioak egingo dituzte 12:00etan, Gasteizen (Burullerien plazatik), Bilbon (Jesusen Bihotzetik) eta Donostian (Bulebarretik).

Jarraipen handia

Azken deialdietan gertatu den bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da Lehen Arretan, arreta-maila horrek bizi duen egoera larriaren ondorioz. ldo horretan, azpimarratu behar da, aurreko deialdietan bezala, Bezeroaren Arretarako Guneetako langileak lanuzteekin bat egiten ari direla modu masiboan, eta erizainen eta fakultatiboen artean jarraipena nabarmen handitu dela ere. Gasteizko Zaramaga, Salburua eta San Martin osasun-zentroak itxita daude. Gauza bera gertatu da Lasarte, Zaratamo, Gernika edo Lemoako osasun zentroetan. Basaurin edo Hernanin, esaterako, gutxieneko zerbitzuak bakarrik ari dira lanean, eta Galdakaon eta Arrigorriagan ere jarraipena oso zabala izaten ari da. Pasa den apirilaren 27an greba egin zuen Arabako landa-eremuan, jarraipena % 80koa izaten ari da.

Gainerako arreta-mailek ere gogor egin dute bat lanuzteekin. Gurutzetako Ospitaleko biltegia langile bakarrarekin hasi du eguna, eta erresonantzia magnetikoko zerbitzua itxita dago; Galakaoko endoskopiako eta ebakuntza-geletako zerbitzuak gutxieneko zerbitzuekin bakarrik ari dira lanean; Urdulizko Ospitaleko traumatolgoian pertsona bakarra ari da zerbitzuak ematen; Galdakaoko Ospitaleko kanpo-kontsultetan erizainen arteko inpaktua oso handia izan da; Mendaroko Ospitaleko ospitalizazioko eta larrialdietako zeladoreak gutxienekoekin bakarrik ari dira lanean; Arabako ESIan ebakuntza-gela batzuk itxi dira, eta aipatzekoa da izpien zerbitzuan izandako intzidentzia handia. Donostia Ospitalean, bestalde, Kirurgia Handi Anbulatorioko zerbitzua gutxieneko zerbitzuekin bakarrik hasi du eguna. Zumarragako ospitalean, ebakuntza-gelak itxita daude.

Erantzun zabala izan du osasun publikoaren alde Osakidetzan deitutako lehen greba egunak