Erandioko sententziak herritarren eskubideak eta udalen eskumenak kaltetzen ditu
Erandioko sententziak herritarren eskubideak eta udalen eskumenak kaltetzen ditu –
- Euskararen normalizazioaren aurkako sententzia botere judizialaren oldarraldiaren urrats berri gisa jo du Kontseiluak.
- Euskara-eskakizuna kentzeak erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzaingoarekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea.
- Maiatzaren 10ean agerraldia egingo dute eskuhartze judizialei desadostasuna agertzeko.
Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko epaitegiak Erandioko Udaleko udaltzain baten hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun data atzera bota du. Udaltzainak helegitea jarri zion Udalari bere lanpostuak B2 mailaren derrigortasuna atzera botatzeko asmoz. Eskatutakoa lortu ez zuenez, auzitara jo eta epaileak lanpostuaren derrigortasun-data ezabatzea erabaki du. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu du epaia.
Udalen hizkuntza-politikarako eskumena jopuntuan
Sententziak errekurrituta dagoen Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako epaia baliatzen du argudio gisa, «erabat aplikagarria» dela iritziz, nahiz eta oraingoan ez duten lan deialdi baten kontra egin, zuzenean Erandioko udaltzaingoko lanpostuen ezaugarrien kontra egin dute. Izan ere, 2007an iraungitako euskararen nahitaezkotasuna zuen lanpostuak. Halere, sententzian argudiatzen da, 14 urtez lanpostuan izan den langileak euskara ikastaroak egin dituen arren, gutxieneko eskakizuna ez duenez desabantailazko baldintzetan lehiatu beharko lukeela euskararen ezagutza frogatuta duten gainerako hautagaiekin. Horrela, langile publikoaren nahitaezko euskara-eskakizuna ezabatu duen epaiak herritarren eskubideetan izan dezakeen eragin negatiboaz ohartarazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: «Udaltzaingoak herritarrei zuzeneko zerbitzua ematen diela kontuan harturik, lanpostu horiei derrigortasun-data kentzeak erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzainekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea, herritarren segurtasuna bera ere kaltetu eta baldintzatu dezaketelarik».
Epai honetan beste behin, agente guztiek euskararen gutxieneko ezagutza izatea jartzen da ezbaian, lanpostu batzuk edukitzearekin nahikoa dela argudiatuaz, beraz, herritarrei edozein agentek eman behar dion zerbitzuaren ezaugarrietan oinarritu beharrean, hautagaiek egun duten ezaugarrien araberako lan-postuak diseinatu nahi dira epaitegietatik.
Gainera, Kontseiluko eledunak adierazi du epaia ez dela gertaera isolatua, azken boladan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik. Oraingoan, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jopuntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia.
Eskisabelen hitzetan, «ikusten ari gara epaitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea are eta errazagoa izatea ahalbidetuko duten epaiak. Egun indarrean dagoen legeriak hizkuntza eskubideak bermatzeko uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegiak. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira». «Horrelako epaiak euskararen normalizazio eta biziberritze-prozesuan oztopoak besterik ez dira. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea, ez da ez bidezkoa, ez eta zilegia ere» esan du Kontseiluko eledunak. Amaitzeko, idazkari nagusiak aurreratu du Kontseilua Erandioko Udalarekin harremanetan jarriko dela, «helegitea jartzeko babesa emateaz gain, laguntzailekide gisa jarduteko prestutasuna agertuko diogu».
Agerraldia maiatzaren 10ean
Halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak, bere bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, agerraldia egingo dute maiatzaren 10ean Bilbon, goizeko 11:00etan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, herritarren eskubideak murrizten ari diren eskuhartze judizialei desadostasuna agertzeko.
Erandioko sententziak herritarren eskubideak eta udalen eskumenak kaltetzen ditu