Erakundeetan alderdi eta herritar guztiak kontuan hartzea: Batzarlabel

Erakundeetan alderdi eta herritar guztiak kontuan hartzea: Batzarlabel –

 

Udal eta aldundiak datozen 4 urteotan nola kudeatuko diren laster ikusten hasiko gara. Azken 40 urte hauetan bezala, gure gobernantza zaharrari eta historiari kasurik egin beharrean, inguruko herrialdeetatik datorkigun sistema “zapalkratikoak” jarraituko duela ematen du. Eta horrela definitzen dugu, ezin baita demokratikoa izan herritar erdien iritzia etengabe kareletik botatzen duen sistema. “Galdu” dutenen baztertze prozesu hori etengabe ikusten da: gobernu batzordetatik kanpo uztea, informaziorik ez ematea, aurrekontuetan eta erabaki guztietan ia ezer ez onartzea…

Baztertze hori maila guztietara zabaltzen da eta “txikiek” ere egiten dute. Hau da, bazterketa jasaten dutenek, gehiengoa duten herrietan, “handiek” bezala funtzionatu eta “txikiagoak” direnak berdin-berdin baztertzen dituzte gobernu batzordetatik, erabakietatik…

Azkenik, bazterketa hori, herritarrengana heltzen da: botoemaile erdia ez da ezertarako kontuan hartuko, eta alderdi “irabazleen” botoemaileak ere ez, udal gehienetan ez dagoelako parte hartzeko eta erabakitzeko sistema onargarririk. Eta parte hartzeko aukera dagoen lekuetan, gauza folklorikoetan edo aurrekontuaren zati txiki-txikietan baino ez da bozkatzen.

Zoritxarrez baztertze hori beste esparru batzuetara zabaltzen da. Adibidez, hedabideetan, askotan, alderdi edo hautagaitza txikien edo independenteen informazio gutxi agertzen da.

Edozein gaitan, eta gobernantzan ere bai, noski, hobetu nahi badugu, atzera (historiara) eta alboetara (inguruko lurraldeetara) begiratu behar da, beti dagoelako non ikasi.

Erakundeetan alderdi eta herritar guztiak kontuan hartzea: Batzarlabel

Lehendabizi, esan beharra dago foruak galdu arte askok gure gobernantza sistema miresten zutela, herrietan egiten ziren batzarretan herritar guztiek parte hatzen zutelako eta bertan, denen artean, batzar nagusietara joaten ziren bozeramaleak aukeratzen zituztelako. Ez ziren “ordezkariak”, “bozeramaleak” baizik, eta herriak onartutakoaren aurka bozkatzen bazuten, segituan kargugabetzen zituzten.

Bozeramale lana egiteagatik ez zuten ezer kobratzen, herriaren aldeko lantzat hartzen zelako eta sarritan txandakatzen ziren, urtero adibidez, ahalik eta jende gehien zeregin horretan laguntzeko. “Kargua” “karga” bat zen, baina denon onerako zelako egiten zen. Gobernantza sistema hori definitzeko Odon Ulibarrena etnografoak “auzokrazia” hitza erabili du, behetik gorakoa eta auzotik hasita ondo egituratuta zegoelako.

Gure antzinako gobernantza sistema miresten zutenen artean Wilhelm Humboldt dugu, Berlingo unibertsitateko sortzailea. Berak zioenez, “sistema forala ezein estatista edo filosofok irudika dezakeen sistemarik hoberena zen muturreko bi gaitz handiak (iraultza eta absolutismoa) ebitatzen zituelako. Izan ere, euskaldunen artean ez dago beste herri batzuetan (Alemanian, Frantzian, Espainian, Italian…) ikusten den klaseen arteko zatiketa handia. Eta aberats eta herritar xumeen artean ez dago Europako leku gehienetan ikusten den eten izugarri hori (iraultza biolentoaren azken kausa, finean), baizik eta gizarte beraren parte izatearen kontzientzia osoa (Pruden Gartzia euskal-nazioa-eta-iraultza).

Garai hartan Herrigintza auzolan, batzar, komunal eta zuzenbide piriniarraren arabera kudeatzen ziren eta arbasoek ez zuten lehia modura ikusten, non beti irabazleak eta galtzaileak egon behar diren, elkarlan modura baizik. Beraz, historia handi hori izan duen herria bagara, ez al digu lotsarik ematen gaur egun gauza hoberik ez izatea?

Eta alboetara begiratzen badugu eredu pilo bat dugula esan beharra dago. Suitzan adibidez, urtero erreferendum bat egiten dute, gai nagusietan herritarrek erabakitzeko. Eta haien estatu burua ez dakigu nor den, kantoi guztien artean txandakatzen den kargua delako, handiak zein txikiak izan.

Dena den, hemengo gobernantza eredu onak aipatu behar ditugu, egon badaudelako, gutxi badira ere. Batetik sistema auzokratikoa kontzejuetan ikusten dugu, denek erantzukizuna eta botoa dituzte eta denek parte hatzen dutelako. Bestetik, herri txiki askotan, alderdien sistema jarraitu beharrean, herri guztiari begirako hautagaitzak bultzatzen dituzte, erabat horizontalak. Horiei eustea eta zabaltzea garrantzitsua da. Herri handiagoetan, guk dakigula, Gorordo izan zen alkate bakarra, Bilboko Udalaren gobernu batzordean eta kudeaketan alderdi guztiak integratu zituena. Zoritxarrez salbuespena izan zen eta ez da berriro gertatu.

Horregatik guztiagatik eta oraingo gobernantza sistema eskasa hobetzeko, Biltzarrek herritarrei eta eragile politiko eta bestelakoei proposamen hauek egin nahi dizkie:

– Gobernu batzordeetan eta eguneroko kudeaketan alderdi eta hautetsi guztiak integratzea

– Aurrekontuetan alderdi eta hautetsi guztien proposamenak kontuan hartzea, bakoitzak jaso dituen botoen arabera

– Gobernantza ireki, garden eta partehartzailea bultzatzea

Helburu horretarako Biltzarrek Batzarlabel ziurtagiria sortzeko prozesua abian jarri du eta orain eragile politiko eta sozialekin partekatu nahi du, txarto deitutako “demokrazia” honetatik “auzokrazia” edo benetako herritarren partaidetza bermatuko duen sistemara hurbiltzeko. Bertan, zazpi puntutan, udal edo erakunde publiko baten maila neurtu daiteke: Informazio eta gardentasuna, Herritarren partaidetza, Herritarren erabakimena, Funtzionarioak eta langileak zerbitzari publikoak izatea, Politikariak bozeramaleak izatea, Ondasun komunen eta herritarren babesa eta Udal egituratatik haratago joateko aukerak.

Gure sistema zaharretik hartu ahal dugun guztia hartuta, etorkizunerako benetako gobernantza herrikoia sor dezagun!

Erakundeetan alderdi eta herritar guztiak kontuan hartzea: Batzarlabel Erakundeetan alderdi eta herritar guztiak kontuan hartzea: Batzarlabel

Buirujabetzarako ekimenen bilgunea