Gure eraikin zatarrenak
Eraikin ederrak eta zatarrak balantza batean jarriko bagenitu, itsusiak aterako lirateke gurean garaile. Ez dut esan nahi politik ez daukagunik, badira, eta guztiok ezagutzen ditugu. Baina tamalez industria iraultzen baitan sortutako porlanezko desastreak Euskal Herriko herri eta hiri guztietan ditugu presente. Antza, eliza bezain beharrezkoa du herri batek gutxiengo sentiberatasun urbanistikoari egurra emango dion eraikin bat. Bilboko jaietan egiten da ba aurpegi itsusien lehiaketa? Horren bertsio arkitektoniko-urbanistikoa da hau. (Politaren politaz lerdea dariola Euskal Herria zein ederra den baieztatu nahi baduzu ikusi ETBko “Tu edificio favorito”)
Post hau dinamitaz lehertzeko eskubidea irabazi duten eraikinei dago eskainia (edo kontrakoa, hain dira itsusiak mantendu egin behar direla berriz horrelakorik errepika ez dadin). Zuk aukeratzen duzu zer mapatik ezabatu (edo ez). Tira, ez gaitezen konplikatu: zatarrenak aukeratu. Iruzkinen bidez edo #zatarrenak traolarekin bota dezakezu zeurea, 140 karakteretan arrazoiak emanez. Ados?
Eraikin bat eraisteko bezain itsusia dela esatea nahikoa gogorra denez (azken finean norbaitek diseinatu, eraiki eta bizi izan du) neuk aukeratuko ditut lehenbiziko #itsusienak.
1. Atxikori paketia (Mutriku)
Altuera mugatuz diseinatu eta harriz nahiz egurrez eraikitako arrantzale herriak eraikin gris, luze eta zatarra altxa zuen bere garaian. Lekuz kanpo erabat. Bere itxuragatik mutrikuarrek atxikori paketia deitzen diote. Ez dago kalamitate hau itxuroso jarriko duen margolaririk.
2. Ugasko dorreak (Bilbo)
1980ko hamarkadan ‘dotoreak’ zirela diote. Gaur kankailu erdoilduak dira, eta urteen joan etorriak fatxada zimurrez bete du. Erraldoi mitologikoei gertatu bezala, oinak dira bere ahulgunea. Supermerkatuak eta ofizinak ziren lekuan ez dago gaur katurik ere. Bilboaldean eraikin itsusien lehia latza da, baina bat aukeratu beharra nuen.
3. Katedral Berria (Gasteiz)
XX. mende hasieran jarri zuten eraikin neogotikoaren lehen harria, eta Francoren tema katolikoz, 1969an amaitu zen mila arazo izan eta gero. Egia esatera, bukatutzat eman zuten, sosik gabe gelditu baitziren. Hasierako proiektuak sekulako katedraltzarra proposatu zuen, apaingarriz betea (santuentzako leku hutsak ikus daitezke arkupean). Gaur, handihustez soberan eta proportzioz faltan den katedrala da. Itsusitasuna biribiltzeko aletxoa: arrano frankista dauka zizelkatua.
4. Atotxa dorrea (Donostia)
Donostia bezalako hiri dotorean Atotxa bezalako erlauntz estiloko koloso grisa auzolotsa sentitzeko modukoa da. Donostiako skyline-a mugatzen du, eta, tamalez, 70 metroko tartaloa hiriko edozein lekutatik ikus daiteke. Zergatik ez zuten lehertu futbol zelaiarekin batera?
5. Untzaga dorrea (Eibar)
Egiazki Eibarren hamaika eraikuntza aipa genitzake, baina Untzaga plazako dorrearekin geratuko naiz. Dorre garaikide gehienak bezala, lekuz kanpo dago, armaginen herriko adreilu oihanean. Aldapa eta zulo guztiekin Eibarrek berezko duen anabasa areagotu besterik ez du egiten.
Iruñeko Corte Inglesa, Navarra Arena, Baluartea.. gehiegi ditugu Iruñerrian tamalez . Hau #YoliStyle da. Edo #BarcinaStyle. Nahieran!
Zoritxarrez, bost eraikin hauek EHko eraikin itsusien lagin txiki-txiki bat baino ez dira.
Euskal Herriko herri gehienetan eraikuntza itsusiak daude, EH bera azken 50 urte neurri gabe eta edozelan eraiki delako… eraikuntza historiko ugari bota egin dira, eta betiko desagertu, ea horien lekua zementuzko eraikuntza ezin itsusiagoek hartu dute….
penagarria…. argazkiekin konformatu beharko gara…
Donostiako Artzain Onaren katedrala dugu beste adibide bat
Nik neogotikoa, orokorrean, gustuko dut. Donostiakoa nahikoa txukuna iruditzen zait, ingurukoarekin ondo lotuta. Ez da irudi txarra Donostian. Dagoen dagoenean, katedral horrek zortzi mende balitu, edertzat joko litzateke, ziur, baina berria denez… ez du balio. New Yorkeko Chrysler etxe-orratza ere, nolabait, neogotikotzat jotzen dut, agian neo-neogotikotzat, ados. Barrokoari, ordea, jator-jatorra eta zahar-zaharra izanda ere, gorrotoa diot, dinamita sartuko nioke oinarrien azpian. Gustu kontua da, noski. Hala ere, Donostia batean arkitektura gustuko duenak, erdiguneko horietan ibil ordez, hobe luke Gros auzoan zehar ibilarditxoa egin eta lepoa luzatu. Benetako altxor ederrak daude Grosen. Horiek ez dira ETBko saio berri horretan agertuko.
Mordorreko Barad-Dûr dorrea aka Ibertrola.
Basajaunen bozka ere Olentzerorekin bat Ibertrola Mordorrentzako.
Bost aborto euskaldun, galiziar batekin lagunduta http://www.argazkiak.org/txikillana/tag/abortuak/
Laidako etxeak, Bizkaiko kostaldean… ze tokitan dauden kontuan hartuta, ez dute parekorik!
Hondarribian (herri aski paradigmatikoa espekulazio urbanistikoaren alorrean) badaude bi ale “eder”, bi klasiko Euskal Herriko disparate arkitektonikoen artean: Interlimen etxesailak, hondartza inguruan, Torremolinostik aterata diruditenak, eta Miramar eraikina. Azken horrek, gainera, “escurialense” esaten zaion estilo frankista ezin itsusiagoa… Bien inpaktua neurtzeko, ikuspegi onena Hendaiatik izango dugu. Miramar horrek, adibidez, bere bolumen erraldoiarekin txiki uzten du eliza eta gazteluaren soslaia, halako desoreka bat sortzen du. Eta herritik atera gabe, zer esan Eskola Musika berriaz?
Ba niri Oierrek bialdutakoetan Sanpedrope oso ederra iruditzen zait… gusto arraroak edukiko ditut…
nire gustukoak dira betiko estilo arkitektonikoak, adibidez antzinako estiloak: gotiko, plateresko, churrigueresko.. zein koloniala ere.
Baina joan den mendean EH zehar desoreka dezente dago, nonnahi ere. Esaterako hiri handiak hazi ziren ordenik gabe ezta arkitektoniko estilorik gabe, izan ezik, hainbeste arazo datorkion bilbo udalari Kalatrabaren zubiak, nahiz Isosaki dorreak, Bilboko Alondiga berria, baina eraikin hauek azken urteotan eginik dira.
Nola nahi ere auzo asko dagoen Bilbon kolmenak zatarrak ematen dituzten eraikinek.
Adibide argiegia Barakaldo da Barakaldoko eraikin zatarrenen baten batzuk izendatzeko… Mega Parken bizitzeko egin zituzten eraikinak, zein Bilbao Ria 2000an, Nervionaren bazterrean Barakaldon egin zituzten ere bai. Barakaldon zehar eraikin zatarren dezente ditu.
beno, nire iritsian.Nahiz eta barakaldokoa naizen