Erabateko ezintasun iraunkorra

Erabateko ezintasun iraunkorra –

2018/03/01
Azken eguneraketa: 2024/04/30

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren XI. Kapitulua

Ezintasun iraunkorren mailetako bat da hau. Ezintasun hau erabatekoa da zure ohiko lanbiderako, baina ez lan egiteko. Esan nahi baita, momentura arte zure jarduna izan den horretan ezin zara aritu, baina bai beste batzuetan. Lan egitea guztiz galarazten duten ezintasunak ezintasun absolutua eta baliaezintasun handia dira.

Hortaz, erabateko ezintasun iraunkorrak zure ohiko lanbidea galarazten dizu, baina ez du esan nahi beste lan batean aritu ezin zarenik.

Oraintsu arte, pertsona bati ezintasun iraunkorra aitortzen zitzaionean, egoera hau %33eko desgaitasun mailarekin homologatu ohi zitzaion, eragin guztietarako. Hala ere, araudia aldatu egin da eta, desgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntzez zein enpleguen erretserba kuotaz profitatu ahal izateko, balorazioa egiteko eskatu beharko duzu. Hau guztia hobeto azalduta daukazu ondoko artikulu honetan:

Hauexek dira, laburbildurik, erabateko ezintasun iraunkorraren gako nagusiak:

  • Langilea bere ohiko lanbiderako ezinduta badago ere, ez dago guztiz ezinduta lan egiteko. Hau da, beste lan batzuetan aritu zaitezke eta, gainera, soldata edo langabezia-prestazioa pentsio honekin bateragarriak izan daitezke.
  • Garrantzitsua da zehaztea zer hartzen den ohiko lanbidetzat. Era berean, ondo zehaztu beharko da noiz hasi den ezintasun iraunkorraren egoera (hau da, noiz izan den gertaera eragilea edo gaztelerazko “hecho causante”)
  • Erabateko ezintasun iraunkorragatik pentsioa jaso dezakezu. 55 urte edo gehiago badauzkazu, pentsioaren zenbatekoa %20 igo daiteke (erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua). Ordainketa bakar batean ere eska daiteke, zeure kabuz lan egiten hasi nahi baduzu.

Erabateko ezintasun iraunkorra

Kotizazio betebeharrak

Istripuagatik izan bada (laneko istripu edo istripu arruntagatik, alegia) edo lan gaixotasunagatik izan bada, ez duzu gutxieneko kotizaziorik behar. Hala ere, gaixotasun arruntagatik balitz, gutxieneko batzuk eskatuko lirateke :

– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu.
– 31 urtetik gorakoa bazara: 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da eta gutxienez 5 urte kotizaturik izan behar dituzu.

 

Gertaera eragilea

Zenbaitetan gerta liteke aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Hau da, gaixotu eta laneko baja eskatu dugu ezer baino lehen dugu. Hala ere, baja arrunta amaituta edo baja bitartean, baliteke konturatzea gure patologiak ondorioak utzi dizkigula eta ezintasun iraunkorra eskatzeko prozeduran hasi beharko garela.

Honelakoetan, hau da, ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasun egoeraren ostean datorrenean, ulertuko da gertaera eragilearen data dela aldi baterako ezintasuna (laneko baja) amaitu denean. Amaiera hau izan daiteke, bai bajan egon daitekeen gehieneko denbora pasatu delako, bai alta medikoa eman dizutelako ezintasun iraunkorra aitortzeko proposamenarekin.

Eragin ekonomikoak, hau da, pentsioa jasotzen hasteko momentua izango da Gizarte Segurantzak ebazpena ematen duenean. Hala ere, pentsioagatik jaso behar duzun diru kopurua handiagoa bada laneko bajagatik jasotzen zenuena baino, atzeraeraginez aplika dezakete. Hau da, bajagatiko prestazioa jasotzeari utzi zenionetik hasiko zinateke pentsioa jasotzen.

Beste batzuetan, ezintasun iraunkorra ez dator aldi baterako ezintasunean egon ostean. Honelakoetan gertaera eragilearen data izango da ezintasunak baloratzen duen taldeak ebazpen-proposamena eman duen eguna. Eragin ekonomikoak ere egun berean hasiko lirateke.

 

Ohiko lanbidea

Gogoratu erabateko ezintasun iraunkorrak ohiko lanbidean aritzea galarazten dizula. Baina zer jotzen da ohiko lanbidetzat?

Ezintasuna gaixotasunak (gaixotasun arruntak zein lanekoak) sortu badu: ohiko lanbidea izango da azken 12 hilabeteetan egin duzun lana.

Ezintasuna istripuak (laneko istripuak edo istripu arruntak) sortu badu: ohiko lanbidea izango da langilea momentuan egiten ari zena, berdin zenbat denboraz egon den horretan.

 

Zenbat jasotzen da?

Bizi osorako pentsioa da, hilabetero kobratzen dena. Nahiz eta ordainketa bakar batez ere eska daitekeen, geroxeago ikusiko dugunez.

Normalean oinarri arautzailearen %55 jasotzen da. Hala ere, portzentaje hau igo daiteke:

  • Lan gaixotasun edo istripuagatik izan denean, kopurua %30-%50 bitartean handitu liteke, enpresak lan osasun eta segurtasun arauak ez betetzeagatik suertatu bada. Gainkargu hau enpresak hartuko luke bere gain.
  • 55 urtetik gorakoa bazara, pentsioaren kantitatea %20 handitu daiteke (erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua), beste sektore batean edo beste funtzio batzuk betetzeko (prestakuntza falta dela eta) zailtasun handiagoak baitaude. PFEZari dagokionez, ezintasun iraunkor kualifikatuak ez du kenketarik.

Esan dugunez, ordainketa bakar batean eska liteke (zeure kabuz lan egiten hasteko). Honetarako betebeharrak:

– Ezintasuna aitortu zaizunean 60 urte baino gutxiago izan behar dituzu
– Ezintasun egoera aldatuko ez dela aurreikusi behar da
– Negozio berri bati ekiteko edo autonomo moduan aritzeko proiektua aurkeztu behar duzu

Ordainketa bakar honen zenbatekoa izango da pentsioagatik jasoko zenukeen zenbatekoa (aipatutako %55 hori) bider hilabete kopuru zehatz bat zure adinaren arabera:

• 54 urtetik beherakoa bazara: 84 hilabeteko pentsioa jasoko zenuke
• 54 urte badituzu: 72 hilabeteko pentsioa
• 55 urte badituzu: 60 hilabeteko pentsioa
• 56 urte badituzu: 48 hilabeteko pentsioa
• 57 urte badituzu: 36 hilabeteko pentsioa
• 58 urte badituzu: 24 hilabeteko pentsioa
• 59 urte badituzu: 12 hilabeteko pentsioa

Honela egiten baduzu, 60 urte betetzen dituzunean berriro jasoko duzu hilabeteroko pentsioa.

 

Gutxienekoak

2024rako gutxienekoak honako hauek dira:

Erabateko ezintasun iraunkorra

Zelan eskatzen da?

Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio. HEMEN kontsulta ditzakezu INSSen helbideak.

Eskaera-orria bete beharko duzu. HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

Honetaz gain, beste dokumentu batzuk ere beharko dituzu:

  • Identifikazio dokumentua (NAN edo NIE, pasaportea)
  • Osakidetza edo Osasunbidearen historial klinikoa
  • Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.

Dokumentazio guztia HEMEN kontsulta dezakezu.

 

Pentsioa jaso bitartean, lan egin daiteke?

Bai, guztiz bateragarria da. Jakina, burutzen dituzun funtzioak ezin dira izan zure ezintasunak galarazten dituenak. Hau da, ezin zara jarduera berean aritu: garraiolaria bazinen edo pisuak altxatu behar bazenituen eta lan horretarako ezinduta bazaude, lan egin dezakezu, baina beti ere beste jarduera batean.

Salbuespen bakarra da lehentxoago ikusi dugun erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua aitortu bazaizu (pentsioa %20 handiturik). Kasu honetan ezin izango duzu lanik egin.

Lanean hasiz gero, Gizarte Segurantzaren Institutuari (INSSi) jakinarazi behar diozu. Zure ezintasuna lan gaixotasunak eragin badu, baimena ere eskatu beharko duzu.

 

Enpresak berriro hartu behar zaitu?

Arestian komentatu dugunez, beste lan batean eta beste enpresa batean, baita autonomo moduan ere, lan egiteko aukera daukazu. Baina, momentura arte lanean egon zaren enpresara itzul daiteke?

Erabateko ezintasun iraunkorra aitortzen badizute, askotan, enpresak ez zaitu berriro hartuko. Izan ere, Langileen Estatutuko 49.1.e) artikuluak jasotzen duenez, lan harremana bertan behera uzteko arrazoia izan daiteke langilea ezintasun iraunkor egoeran egotea (erabatekoa, absolutua edo baliaezintasun handia).

Edozelan, badira salbuespen bi:

  1. Gizarte Segurantzaren Institutuak bere ebazpenean adierazi badu zure patologia hobetzeko aukerak daudela. Hobekuntza honen gehienezko epea bi urtekoa izan behar da. Esan bezala, ebazpenean adierazi behar da hau eta, honekin batera, berrikuspenaren data ere azaldu behar da. Kasu honetan enpresa behartuta dago urte bi horietan lanpostua gordetzera. (Langileen Estatutuaren 48.2 artikulua)

Urte bi horiek pasaturik, ez balitz hobekuntzarik egongo, lan harremana bertan behera geldituko litzateke. Hortaz, berdin da gaixotasunak edo lesioak beranduago hoberantz egiten duen, enpresa lehen urte bietan baino ez baitago behartuta lanpostua gordetzera. Gogoratu zeure kabuz ere eska zenezakeela errebisio bat, baldin eta ikusten baduzu lan egiteko ondo zaudela, jakina.

  1. Zure hitzarmen kolektiboan hala ezarrita badago. Hitzarmen batzuek (oso gutxik) langilea berriro hartzeko eta bere ezintasunarekin bateragarria den beste lanpostu batera mugitzeko aukera jasotzen dute. Hala ere, normalean hau ez da automatikoa izaten, baizik eta itxaron behar izaten dela enpresan lanpostu egoki bat hutsik geratu arte.

Laburbilduz, enpresak langilea beste lanpostu batean hartzeko aukera dauka, baina ez dago derrigortuta. Horrek ez du esan nahi borrokatu ezin denik. Horregatik  gomendatzen dizuegu, ezer baino lehen, zure ordezkaritza sindikalarekin kontaktuan jar zaitezen edo, horren ezean, sindikatura jo dezazun, aukera posibleak aztertu ahal izateko.

 

Erabateko ezintasun iraunkorra eta langabezia

Ezintasuna dela eta, zure lana galtzen baduzu, lehenengoz langabezia kobratu ahal duzu eta, gerora, pentsioa. Baina kasu honetan ez dira bateragarriak.

Bestalde, pentsioa kobratzen duzun bitartean lan egiten baduzu eta, handik denbora batera, lanik gabe gelditzen bazara, langabezia prestazioa eta pentsioa, biak batera, kobratu ahal izango dituzu.

Hau da, langabezia eta pentsioa bateragarriak izateko, langabezian gelditu baino lehenago pentsioa jasotzen eta lanean egon behar izan zara.

Bestalde, jubilatzeko adina heltzen zaizunean, aukeratu ahal duzu; hau da, erabateko ezintasuna kobratzen jarraitu edo erretiroa eskatu. Ez da automatikoa: erretiroa eskatu egin behar duzu; ez baduzu egiten, ezintasun prestazioa kobratzen jarraituko zenuke. Onena da, jubilatzeko sasoia heltzen denean, kontsultatzea ea zer datorkizun hobeto. Kontuan izan behar duzu erabateko ezintasun kualifikatua aitorturik badaukazu, honek ez daukala PFEZ erretentziorik.

 

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

https://t.me/BizilanEus

Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra  Erabateko ezintasun iraunkorra

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude