Erabakitzea erabakitzearen endredua
«Euskal Herria decide decidir». Horra giza katea izan eta biharamunean Gara egunkariak lehen orrialdean ateratako titulu nagusia (bakarra). Eta zergatik ez, pixka bat demokratikoago dirudi eta, «… decide sobre si decide decidir»? Esan nahi dudana da independentistok halako zilegitasun demokratiko bat lortu beharra sentitzen dugula, halako konplexu bat dugula (sartu digutela), eta inor baino demokratikoagoak garela erakutsi behar dugula. Eta ahaztu egiten zaigu geuk pairatzen dugula demokraziarik eza, zapalduak gaituzten bi estatuen aldetik (beren konstituzio eta legeek ondo legeztatuta, noski).
Denon artean, sentsibilitate guztien artean erabaki behar omen dugu (independentzia nahi ez dutenek ere bai). Zaila egiten zait onartzea espainolei edo frantsesei nire Herriaren independentziaren inguruan esku hartzeko aukera ematea (edo are gehiago eskatzea), hain zuzen haiek eta frantses eta espainol gisa dituzten eskubideak bermatzen dizkieten estatuek baitaukate bahituta Herri honen askatasuna.
Iruditzen zait ahaztu egiten zaigula herri kolonizatu bat garela, Euskal Herrian hiru herri edo naziotako jendea bizi dela, espainolek eta frantsesek beren eskubideak bermatzen dizkieten estatuak dituztela atzetik, eta gure arazoa hasten dela esaten dugunean ez garela ez espainol eta ez frantses. Estatu horiek, beren herritarren eskubideak bermatzeaz gain, gure Herriarenak zapaltzen baitituzte. Horrela, gure lurraldean bigarren mailako herritarrak gara.
Egoera honetan nola proposatu galdeketa bat, denok berdinak izango bagina bezala? Zapaldu eta zapaltzaileak maila berean bageunde bezala? Nola, gure Herria eta herritarren existentzia bera ere onartzen ez badira?
Hedoi Etxarteren hitzak neure eginez, galdera batzuk ezin dira egin (ezin da galdetu ez dakit zein herritan esklabotzak legezkoa izan behar duen edo ez, edo beste herri batean emakume bat hiltzea ondo dagoen familiak nahi ez duen batekin ezkondu delako). Era berean, ezin da galdetu gure Herriak independentea izan behar duen ala ez. Askatasuna ez da bozkatzen. Herri honek erabakita dauka aspalditik independentzia nahi eta behar duela bizirik jarraitu nahi badu. Independentzia ez da aukera bat, herri honen iraupenerako bide bakarra baizik.
Igandean, ikusi zen herri hau prest dagoela mugitzeko eta gaitasun handia duela mobilizatzeko. Eta ahalmen hori guztia independentziaren bidean jarri behar da. Ez prepolitika eginez, politika baizik: gure politika, espainiar eta frantses inperialismoari aurre egingo diona.
Asier Ezpeleta Jauregi
Orreagako kidea
Espero dut mobilizatutako milaka herritarrak ohartuko garela askatasunaren alde egitea dela balio duen bakarra, erabakitzeko eskubidea defendatzeak itxurakeria besterik ezin duela izan.
Oso ongi. Orain, kristo guztia Interneten kritikatu beharrean, egin zuek BEHINGOZ proposamen bat mundu errealean… Bildu ezazue dirua eta sortu zuen gustuko egunkari bat, mobilizatu jendea nahi duzuenaren alde edo kontra. Besteen ekimenak kritikatu, bai, ongi baino hobeto dakizue. Egin zerbait, zerbait egiten saiatzen direnak kritikatzen amaitzen duzuenean!
Herri honen askatasun gogoaren ondorio da duela bi igande jazotakoa. Modu batera edo bestera, baina herri honek aske izan nahi du. Ez da nahikoa speech bat bakarrik; proposamenak behar dira.
Orrega Taldeari, benetako proposamen bat mahai gainean jartzean, ziur herri honek babesa emango diola. Bien bitartean, goazen indarrak batzera orain ditugun bideak eraikiz, izan erabakitzeko eskubidearen bidez edo izan herri iraultza bidez.
Goazen abertzale guztiok indarra biltzera norabide berean, izan ere, gaur egun badirudi helmugarako bidea dela garrantzitsuena. Ez gara ohartzen, ordea, batzen gaituen hori helmuga bera dela, ez bertara iristeko bidea. Egin dezagun bidea batera helmuga berera iristeko.
Kaixo Darta: testuan esandakoaren zeren kontra zaude? Zure argudioa zera da: ez bazaude gurekin utzi gu bakean, segi zuen bidea. Zuen ekimena da bai, baina Herria denok gara, ezta? Hau da, Herriaren parte bezala: ezin da kritikatu gaizki badago gure ustez? Testuaren puntuak kritikatu behar dituzu ados ez bazaude, ez kritikatu izanak, demokraziaren funtsean dagoena beste alde batetik (ez dut esaten dena gaizki dagoela eh!, testuak dioen bezala: Herri honek badu indar nahikoa, hori argi gelditu zen, orain, zelan bideratu behar dan ari gara eztabaidatzen)
Nineu, ni ere ados nago guztiok elkartu behar garela, noski, herriak ez badau egiten jai daukagu. Baina noski garrantzitsua dala zeren inguruan biltzen garen. Igandean katera joandako asko bihotzak ukituta joan ziran, independentziaren alde egiten ebelakoan, nahita edo nahigabe baina engainatuak joan ziren.
Zelai Nikolasi 3 galdera egin neutsozan hitzaldi baten:
1.-Inbasio militar bat sufritu izan badogu, nola da posible orain demokrazian bizi garela esatea?
2.-Autodeterminazio eskubideak emaitza bakarra ekartzen dauan bitartean (askatasuna), erabakitzeko eskubidean askatasuna aukeratako bat da, bozkaketa egiterakoan galduz gero zapalkuntza egoeran jarraituko bait gendun. Zergaitik jartzen dozuez bi kontzeptuak plano bardinean orduan? Zergaitik erabiltzen dozuez sinonimoak izango balira bezala?
3.-Herri bat gara, euskal herria osatzen dogu, hizkuntza bat daukagu, historia luze bat… baina gero “guztion” artean konpondu behar garela diozu. Aklaratu zeinke zein dan sujeto politikoa mesedez?
Ez neban erantzunik jaso. Ez nik ez bertan bildutako 30 pertsonek.
Herria elkartu behar da, noski, baina zeren inguruan batzen garen definitzea onarrizko lehen pausua da. Ze bestela herriaren indarrak alperrik erabiltzen bait dira.
Idatzi interesgarria, argia. Posizio hauetatik egiten diren ekarpenetan MUNDU ERREALEKO PROPOSAMENEKIN topo egiten dugu, hau da, etsaiaren lojika eta joko arauetatik aterata, HERRI IKUSPEGITIK egindako proposamenekin. Ekarpen eta idatzi hauek Jarraitzen dituenak, eta bilatzen ari denak, errez ikusten ditu proposamenak eta eman beharreko urratsak. Ikusten ez dituenak, bere buruari galdetu diezaiola zerk sortzen dion itsutasun hori. Zorionak Asier, eta eskerrik asko zure ekarpenagatik!