Erabaki handia (4/7)

Jar ezazu zure burua zeurea ez den lekuan”, proposatzen du situazionismo estetikoak. Berea egiten du Atxaga idazleak proposamen hori. Lehen esandakoaren arabera, erraz uler daiteke agindu horren zentzua. Gure burua eguneroko saltsan murgilduta egonez gero, zaila da idazkerari dagokion lekua aurkitzea. Aldaketa hori, Atxagaren kasuan bezala, fisikoa izan daiteke, baina berez aldatze prozesu hori barrukoa da. Ezertarako ez du balioko munduko muturrera joateak, barne aldaketa burutzen ez bada.

Atxagak proposatzen duen idazteko bidea orokorra da, baina bertsolarien adibideari esker hobeto ikusten da zein den bide horren funtsezko egitura. Idazkerak mintzoa agindu eta gidatu behar du liburua sortzeko. Idazkeraren agindurik gabe, mintzoa alferkerian eta berritsukerian amiltzen da. Hori gertatuko litzaieke bertsolariei, hain zuzen, idazlearen ustez. Idazkeraren uhalik gabe, erretorikan murgiltzen den masaren aurrean bertsolariak nahitaez saltsa horretan harrapaturik geratuko eta behin eta berriro berritsukeriaren amildegian  eroriko dira.
Funtsezko buru aldaketa beharrezkoa da, bada, liburuaren bidean sartzeko. Baina burua aldatzeko, aurretik horretarako premia sumatu behar da. Eta hori da arazo larriena, zeren eta, erretorikaren saltsan murgiltzen denak, mintzozaleak alegia, ez baitu inoiz behar hori sentituko.

Mintzozalea “etxean bezala” sentitzen da erretorikaren saltsan, ezberdina eta arrotza agertzen ez baitira. Saltsa horretan gauza guztiak etxekoak dira. Saltsa horretan arnasa ere hobeto hartzen da, airea ere “gutarra” delako. Mintzozaleak, drogazale baten antzera, erretorikaren saltsa behar du bizirik eta gustura sentitzeko. Eta drogazaleei gertatzen zaien bezala, saltsa horretan zenbat eta gehiago murgildu, hainbat eta harrapatuago geratzen da. Bertsolariak ere, mintzozalea den neurrian, ez du gabezia hori sumatuko eta ez du idazkeraren bila abiatzeko premiarik sentituko.

Irakurlea dagoeneko konturatuko zenez, Atxagaren hitzez egiten ari naizen iruzkinak libre samarrak dira. Nirea ez da kritika positiboa edo negatiboa, errespetuz eta asmo onez edo zitalkeriaz eta asmo txarrez egindakoa, suntsitzailea edo eraikitzailea (konstruktiboa). Nire kritika ez da politikoa ere, hau da, “erretorikak” sortutakoa. Nire kritika hasiera batean , Derridaren antzera, “deseraikitzailea” da, baina ez da hor bukatzen. Nire kritika — arkitekturako ikasleen artean ikasitako hitz bat erabiliko dut — ehunkoia (konstruktibista) da. Alegia, Atxagaren teoria “deseraikitzeko” prozesuan azaltzen diren elementuekin beste teoria bat ehunduko dut. Teoria berri horretan Atxagak esan duena — baliotsuena agian— agertuko da (kritika ehunkoiak bestearen pentsamendua ondo aztertu eta ulertzea eskatzen du). Baina elementu deseraiki horiekin, zimendu berrien gainetik beste eraikin bat sortuko da. Hala bada, kritika ehunkoia zimenduetaraino iritsiko eta zimendu horiek zaharberritzen ahaleginduko da. Gure kasuan, zaharberritze horrek — hala espero dut behintzat — ustekabe ederra emango dio irakurleari eta bat baino gehiago aho zabalka geratuko da. Eta, bertsozalea izanez gero, ahoa itxi gabe oihu egingo du: gora kritika ehunkoia! Izan ere, kritika ehunkoiak ustekabea eta harriduraz sortzeaz gain itxaropena eta bozkarioa ere ekartzen ditu. Zaharkituaren menderatze harroaren bukaerarako bide ematen du, alde batetik; ezinezkoa zirudiena litekeena dela erakusten du, bestetik. Hori bai, kritika ehunkoiak, irakurle aldetik, bi baldintza hauek eskatzen ditu: pazientzia eta, horrekin loturik dagoena, “sinple” ez izatea (ironia apur batez esanda).

Jarrai dezagun.

Ezinezkoa dirudi, beraz, erretorikatik askatzea. Halere, bertsolariaren baitan — gizon-emakume guztion baitan bezala — idazle bat ezkuturik dago. Baina, idazle hori esnarazteko, mintzozalea isilarazi behar da. Hori da ezinbesteko baldintza. Idazteko bidea “Ixo!” batez hasten dela esan liteke. Baina nork emango du isiltzeko agindua?  “Idazkeraren aingerua”  omen da. Itxura asko hartzen ditu idazkeraren aingeruak (Atxagak, nolabait ere, aingeruaren papera hartuko eta Ametsen barruan lo dagoen idazlea esnarazi nahiko luke).

Isiltzeko aginduak erabaki handiaren bidea irekiko du.

Esnatu ondoren, susperturiko idazleak bere buruari galdetuko dio: “Zer egiten dut jende honen belarriak lausengatzen? Zer egiten dut gezurretan ? Hau ez da nire janaria! Hau ez da nire etxea! Erabaki handiaren garaia da!” Eta, txerrijana jateari utzirik, idazkeraren etxerantz abiatzea erabakiko du.
Erabaki handia: idazteko erabakia, liburu bat egiteko erabakia.

Oharra: primitibo samarra naizenez, zibilizatuen konbentzioak ez ditut  oso ondo ezagutzen. Izan ere, azaldu gabe utzi nuen nor izan zen Atxagari Argiako elkarrizketa egin ziona. Miel Elustondo izan zen  egilea. Eskerrik asko, Miel. De bien nacidos es ser agradecidos, amigo Sancho.

FILOSOFO OHIA