Epikarik gabe, hobe
Epikarik gabe, hobe –
Ez dakit hain sakonak izan garen beti ala konfinamenduak gure alderik sentikorrena atera duen. Pandemiak ekintza oro politiko bihurtu duen honetan, ondorioak begi-bistakoak dira eta, zer esango dizuet, apur bat nekagarria ere bada. Ez dut ezer ortzadarrak leihoetan eskegitzea edota 20:00etan koronabirusi aurre egiteko euren osasuna arriskuan jartzen dutenei txaloka hastearen aurka, bereziki langileak animatzen baditu, baina talde-liturgiek lotsa ematen didate. Gauza arruntagoetarako eginda nago, errutinan eroso bizi naiz, eta une epikoak beste batzuentzat nahiago ditut. Askotan pentsatu dut denbora izanez gero, zera hori edo beste egingo nukeela, baina konfinamenduak frogatu du ohiturak ondo finkatuta ditudala eta moldagarriak direla. Aldaketak egitekotan, apurka-apurka eta era ordenatuan, herrialde serioetan bezala.
Zoritxarrez, koronabirusak gure plangintzak hankaz gora jarri ditu eta, zeozer faltan izatekotan, miseria txikiak faltan ditut, errutina goxotik ateratzen nauten arren, lasai bizi naizela gogorarazten didatenak. Adibidez, puntual ez diren lagunengatik tabernan pasatzen den estualdia, ezagutzen ez dudan jendeak zer pentsatuko duen beldurrez (alkoholikoa al da? Bakarrik etorri da?). Edota larunbat batean euria egiten duelako eguraldiaren aurkezlea madarikatzea (aste osoan eguraldi ona egin du!). Ondo jantzita noan ala ez kezkatuta etxetik ateratzea edota atea ondo itxi dudalako zalantza. Gauza asko aldatu dira hiru asteetan, guztiontzat, gainera. Lehen, pintxo bat jan aurretik eskuak garbitzea ekintza iraultzailea zen, orain hil ala bizikoa da. Lehen, gazteak kritikatzen genituen ez direlako gaztetan gu ginen bezalakoak, orain Tik-Tokeko bideoak zabaltzen ditugu. Lehen, parrandan ateratzen ginen, orain etxean geratzen gara. Auskalo hemendik hiru astera.
Ziurrenik, heldu izatea izango da ginen nerabe gogorrari traizio egitea eta gure gurasoen nahi baino antza handiagoa dugula onartzea. Zer dakit nik, 18 urteekin The Beatles gorroto eta 30ekin dutxan kantatzea, urduri nagoelako ilea ukitzea, txiste berberak barreka kontatzea; denbora normal doala frogatzen duten jarrerak, ez albiste historikoen segida amaigabe bat, bihurgunearen gailurra, #ZainduGaitezen etab… Ondo bizi ginen bizimodu aspergarria izaten genuenean. Epika handirik gabe, baina lasai, edozein herrialde garatuk izan beharko lukeen helburua: heroiak estatuetan eta asteburuak kalean. Gainera, ez dago alternatiba hoberik, gure ekintzarik epikoena etxean geratzea izango baita. Txaloka eta leihoetan ortzadarrak eskegita.