Enpresarean Azokarako izen-ematea zabalik
Enpresarean Azokarako izen-ematea zabalik –
“Etorkizuneko lan munduari begirada partekatua. Pertsonen ongizatea eta industria adimenduna aztergai”. Horixe izango da aurtengo azokan hizpide izango dugun gaia. Ezegonkortasun eta eraldaketa garai honetan lan munduan abiatu diren estrategia, adibideak eta ikasitakoak partekatuko ditugu. Dagoeneko prest dugu egitaraua.
Azaroaren 3an izango da azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin. Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango dugu: Arin-arin lehiaketa.
- Azaroak 3, osteguna
- Orona Ideo (Hernani)
Eraldaketa garaia
Garai aldakorra bizi dugu. Ezegonkortasuna dago, oro har, gure egunerokoan, enpresetan eta merkatu globalean. Etorkizuna nolakoa izango den asmatzen ez da sekula erraza izan, baina gero eta zailagoa dirudi ezegonkortasun egoera honetan. Globalizazioa, digitalizazioa, klima aldaketa, gizarte egituren aldaketa… Dena ari da aldatzen, eta eraldaketa horrek lan munduari ere eragiten dio, ezinbestean.
Aurtengo Enpresarean Azokan, euskal profesionalekin eta enpresekin batera, etorkizunera begira jarri nahi dugu, ezegonkortasun eta eraldaketa egoera honen aurrean abiatu diren estrategiak, adibideak eta ikasitakoak partekatzeko asmoz.
Instituzioetatik zein enpresetatik eraldaketa garai honen eta etorkizunean etorriko denaren inguruko hausnarketak egin eta neurriak hartzen ari dira. Zentzu honetan, digitalizazioak eta teknologiak garrantzi handia dute, baina ezegonkortasun garai honetan pertsonen ongizatea ere jarri nahi dugu erdigunean. Zein da gai honen inguruan euskal enpresen estrategia? Nola uztartu pertsonen ongizatea eta garapen ekonomikoa? Zein aurrerapen daude industria adimendunean? Nola eragingo dute pertsonen ongizatean?
Galdera horiei erantzuten saiatuko gara profesional ugariz inguratuta.
Enpresarean Azokarako izen-ematea zabalik