“Enderren jokoa” eta zinema euskaraz ikusteko zailtasunak

Hara! Irratian aditu dut Enderren jokoa filma estreinatu berri dutela, eta euskaraz ere ikusgai dagoela. Film bat euskarara bikoiztua! Berriako karteleran begiratu, eta ikusten dut Iruñean ez dutela euskaraz ematen. Tira, euskarazko beste pelikula bat Iruñean estreinatu ez dena. “Donostian eta Bilbon emanen dute”, nire baitan. Baina ez, han ere erdaraz bakarrik. Azkenean, “Bikoizketa euskaraz” taldearen facebook-aren bidez aurkitu dut informazioa: Durangoko Zugaza eta Irungo Ocine aretoetan bakarrik estreinatu omen zuten euskaraz, eta hurrengo egunetan beste areto batzuetara eramanen omen dute. Iritsiko ote da hiriburuetara? Iruñera ere bai? Eta bitartean, interesa duenak erdaraz ikusiko du.

Zinema euskaraz ikustea, oztopo lasterketa!

Ender181_1_gra

 

4 pentsamendu ““Enderren jokoa” eta zinema euskaraz ikusteko zailtasunak”-ri buruz

  • Bikoizketa diru publikoz lagunduta egin delarik, gainera!
    EAEko administrazioak ere, interes handiegirik ez du agertzen, emandako diruak behar bezala erabil daitezen.

  • Peru Dulantz 2013-11-13 16:35

    Joan den igandean ikusi genuen filma, erdaraz ikusi ere, Irunen geunden, igandeko familia bazkaria amaituta eta zinera joatea erabaki genuen. Tamalez, filma euskaraz ikusi ahal izateko beranduegi erabaki genuen zine-plana: aukera bakarra 16:00etan zen, gu oraindik bazkalondoko mahai-inguru goxoan geundela. Gaztelaniaz, berriz, 18:00etan eta 20:00etan, eta areto bat baino gehiagotan ikusteko aukera izan genuen. Nola liteke euskarara bikoizteko lanak eta gastuak hartu eta gero horrelako zabalkunde eskasa ematea?

  • Nik ez dut zalantzarik: gero esango dute alferlana, zentzugabeko iriote hutsa dela euskarara itzultzea, jendeak ez baitu erantzuten, audientziak eta blar eta blar.

  • iazko gabonetan pasatu zitzaidan gauza bera Asterixen pelikula batekin. Euskaraz ematen zuten baina ez dakit ze herritan eta beste halako herritan. Baina Donostian ez… Eta ez dut ulertzen ,ze Zineuskadiko webgunea ikusita zinea euskaraz ematen omen duten areto sarean Donostiako aretoak ere agertzen dira.

    Eta bai, badakit herri horietara joan nintekeela, baina euskaraz pelikula bat ikusi nahi eta garai batean Hendaiara izterrak eta izterrak ez zirenak ikustera txangoa egin behar zutenen modura ibili beharra ere…

    Ez dakit zein den arazoa, baina arrakastarik eza ez dut uste: azken aldian euskarazko pelikula batzuk eman dituzte (umeentzat gehienak) areto komertzialetan, eta ez dut uste publikoaren erantzuna txarra izan denik.