Emozio artifizialak mundu digitalean
Emozio artifizialak mundu digitalean –
– Teknofeudalismoaren lilura xarmagarria.
“Hodeiko morroiek kapitala ekoizten dute heuren doako lanarekin” hala zion oraintsu Varoufakisek. Eratzen eta indartzen ari den teknofeudalismo parasitarioak aurpegi berria dakarkio kapitalismo zaharrari. Lampedusiar gatopardismoaren ildotik: “Dena aldatu ezer alda ez dadin”. Soziopata sikopatez osatutako armada txikiaren baina ahaltsuaren ardurapean gelditzen da teknofeudalismo horren makinaria ondo koipeztatua.
Sedukzio teknika aurrerakoienak erabilita gizaki aspirazionalaren barruak konkistatu ditu bere errealitate monokromatikoa, polikromia distiratsua eta zirraragarria bihurtuz. Itxuraldaketa hori baina, ondo landu behar du teknika eta testuinguru berriak esploratuz. Horretarako, nahitaez, sare sozialetako estrategiak menperatu eta inplementatu behar ditu arretaren lehian nagusi ateratzeko. Eta nola lortzen da hori? Dopamina dosi neurtuak eta pertsonalizatuak erabilita.
– Bot arakatzaileak eta emozio sintetikoak.
Big Dataren aroan, non klik, scroll eta malko birtual bakoitza zehatz-mehatz zenbatzen direnean, ezin dugu saihestu geure buruari galdetzea: nork behar ditu lagunak edo giza harremanak webguneko bot arakatzaileak(web crawlers ingelesez) ditugunean?
Teknofeudalismo parasitario berri honetan bots arakatzaileak funtsezko pieza bihurtu dira datuen labirintoan. Programa automatizatu horiek informazioa online biltzeaz arduratzen dira, eta erabiltzailearen portaera monitorizatzeaz gain, gure emozio eta sentimenduetan eragin sakona izaten hasi dira. Bot hauek sarean nabigatzeko diseinatutako programak dira. Google bilatzailetik hasi eta sare sozialetako plataformetaraino, botek funtsezko funtzioa betetzen dute informazioaren antolaketan. Zirujauen doitasunarekin, sarean egiten duguna behatzeaz gain, nola sentitzen garen ere kontuan hartzen dute. Ziliziozko arima hauek eraginkortasunaren bila, gure indibidualtasuna zenbaki bihurtu dute gure emozioak arakatuta eta etiketatuta.
Mayer-Schönberger eta Cukier adituen arabera datu masiboen analisiak irauli egin du enpresek gure emozioak ulertzeko eta manipulatzeko duten modua. Interakzio birtual bakoitzaren atzean bot bat dago aiduru, gure emozioez jabetzeko irrikaz.
Klik batekin, sareko saltzaileak, terapeuta digital gisa aurkezten dira, ustez gure bakardadea edo tristura arinduko duten produktuak eskainiz. Giza emozioen eta marketin digitalaren arteko aliantza berri honek emozioak datu bihurtzen ditu, eta datu horiek diru-sarrera. Publizitate gidatuaren eta marketin emozionalaren bidez botek, datuak interpretatzeaz gain, emozioak ere manipulatu ditzakete. Manipulazio hori konbentzitze hutsetik harago doa. Marketin emozionalaren bidez, enpresek kontsumitzaileen ezaugarri emozionalak beren alde erabiltzen ikasi dute. Lehentasunei eta portaerei buruzko informazioa erabiliz, iragarkiek erantzun emozionalak eragin ditzakete, erabiltzailea parte hartzera bultzatuz, dela esteka batean klik eginez, dela erosketa bat eginez, dela edukia partekatuz.
– Zer egin kontsumorako diseinatutako aingeru zaindari hauen eraginari aurre egiteko?
Erresilientzia emozionala garatu. Nola?
-Atseden programatuak hartuz sare sozialetatik ihesiz. Atseden une horiek lagungarri izan daitezke ongizate emozionala berrezartzeko eta benetako konexioak sustatzeko.
-Barne hausnarketarako kontzientzia landu. Funtsezkoa bihurtzen da une oro arreta osoa ipintzea pantailaren aurrean gaudenean. Arreta osoa ipintzeak eta gure emozioei eta erreakzioei buruz hausnartzeak lagundu diezaguke hobeto ulertzen teknologiak nola eragiten duen gure sentimenduetan.