Emazte laborariak argitan
Emazte laborariak argitan –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Aurtengo Lurramaren gai nagusia emazteak izanen dira, emazteak laborarien munduan. Batzuek erranen dute gizonen ikuspuntutik dituztela neurtzen desberdintasunak, baina iduritzen zait, Ipar Euskal herriko laborantzaren antolakuntzan, emazteek eta gizonek aspaldidanik rolen banaketa bizi izan dutela.
Duela zenbait hilabete, martxotik ekainera, Irisarriko Ospitalea zentroan, “Emazteak euskal gizartean” erakusketak nahi ukan zuen erakutsi eta argitan ezarri, Lurramak bezala, emazteek ukan duten eta oraino duten lekua gure iparraldeko gizarte- funtzionamenduan. Erakusketa horren karietara, Anne-Marie Lagarde euskal ikerlariak, liburu bat plazaratu zuen: “Euskal matriarkatua” izenburukoa. Euskal herriko ohiduretan, bikoteko, gizon emazteen arteko harremanak bat bestearen errespetuan oinarrituak ziren. Zentzu onak leku berezia zuen ere. Eskubideak berdintsuak ziren.
Euskal Herriko berezitasun bat dugu hemen. Etxaldeen jabetasunean, premutasuna gizon edo emazte bati ematen zen, bereizketarik gabe. Euskal Herriko parropietan, Erdi arotik goiti, emazteek, etxekandereek, bozka zezaketen. Eskumen hori 1944ko apirilean lortu zuten Frantziako Estatuan. Emazteek zuten doluaren kudeaketa beren gain hartzen eta ohidura horrek zituen gizonak gure elizetako galerietara igorri. Laborantzan egoteko, Ezpeletan, plazer dugu aitortzea biperraren historia emazteei esker zela eraiki. Emazteek zuten biperra landatzen, zaintzen, biltzen, errausten. Batzuek erranen dute ez zela indarrik behar biperra lantzeko. Emazteek ikusia zuten, sentitua, biperrak ekarriko zuela janarien kontserbatzeko ahala, baita indar ekonomiko ttipi bat etxalde guzietan ere. Biperraren sormarka emazte bati zor diogu. Bestalde, 1982. urtean emazteek zuten ELB laborantza herrikoiaren sindikatu proiektua bultzatu FDSEA alde batera utziz, dakiten bezala eginez: “gizonak inarrosiz eta akuilatuz”.
Lurrama egunen aurkezpenean, Amaia Iribarren, Itsasuko baratzezain eta ardi hazleak fermuki adierazi zuen: “Betidanik emazteek leku garrantzitsua ukan dute laborantzan”. Ez da dudarik. Hori da argitan ezarri behar dena.
Azken bi hamarraldietan urrats handiak egin dira lan horien ezagutzan. Ondoko urratsean, genero-estereotipoak deseraikitzera pasatu behar gira, laborantza munduan beste sailetan bezala.
Ondoko urratsean, genero-estereotipoak deseraikitzera pasatu behar gira, laborantza munduan beste sailetan bezala.
Biziki sinbolikoa iduritzen zait Lurraman ibiltzen den jende desberdinek mezu hori ukan dezaten.
Gure Iparraldean, gure Euskal Herrian, beste lekuetan baino gehiago, emazte eta gizonen eskubideak partekatuak izan dira. Gizartearen modernizazioak zituen eskubide horiek ttipitu, ezeztatu, baztertu, ukatu. Borrokek segitu behar dute. Berriz ere emazteek dute gizartea akuilatzen. Eta horrek ere argitan ezartzea merezi du.