Emakumeentzako kirol jantziak nola saldu

Aitortu beharra daukat erosketak egitea gorroto dudala. Dendaz denda ibiltzea, eranztea, janztea, berriro eranztea, poltsekin alde batera eta bestera ibiltzea… Horregatik, denda birtualak iraultza izan dira ni bezalako pertsonentzat.

Kaleko erakusleihoetan ez bezala, online dendetan, saldu nahi duzun produktuaren argazki on bat erakustea bezain garrantzitsua da jantzi hori soinean daraman modeloaren estilismoa. Kasu bitxi bat gertatu zait berriki gai honi lotuta, kirol jantziekin.

Badira interneten denda asko eta asko, baina horietatik gehien gustatzen zaizkidanak deskontu handiak eskaintzen dituztenak dira: BuyVip eta Privalia, adibidez. Webguneok marka onetako produktuak eskaintzen dituzte ikaragarrizko deskontuekin, egun gutxi batzuk irauten duten kanpainetan.

Kirol jantziak erosi ohi ditut normalean, errazagoa baita neurriarekin asmatzea. Beraz, kirol marka on baten kanpaina martxan dagoela ikusten dudanean, berehala jotzen dut hara gustuko edo behar dudan zer edo zeren bila. Bizikletan ibiltzeko maillotak ikusi nituen halako batean. “Primeran!”  Sagua sarrera botoira eraman nuen berehala, sakatu eta katalogoa zabaldu zen. Baina, hara sorpresa hartu nuena!

Maillota soinean zeraman modeloa ez zen batere sinesgarria eta, berehala, produktuaren irudia “deformatu” egin zitzaidan, errefusa sortu zidan. Modeloa “modeloegi” zen: Orrazkera txukuna kizkur ia perfektuekin (ile-apaindegitik atera berria?), makillaje nahiko nabarmena (ezpainak, begiak…) eta jarrera “arraroa”. Emakumeok ez gara etxetik horrela irteten kirola egitera goazenean! (serio hartzen dugunok behintzat).

Orbearen webgunean dagoen modeloa etorri zitzaidan orduan burura; hura bai, modelo sinesgarria: ilea motots batean jasoa eta makillaje apal-apala, argazki saiorako behar den gutxienekoa (ez noa Photoshopak eta abarrak aipatzera). Harekin bai identifikatzen naizela. “Rollo” hobea ematen dit.

Detaile txikiak zaindu behar dira (agian nire gauzak izango dira, guztiok baititugu geureak…), eta ez utzi praktikotasuna edertasunaren menpe, biak guztiz bateragarriak dira eta.

 

UDAZKEN KOLOREAK