“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan parte hartzeko aukera izango da aurtengo udaberrian

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa –

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan parte hartzeko aukera izango da aurtengo udaberrian

  • Elhuyarren eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren emaitza da solasaldi-ziklo hau, eta 2023an ere izango da parte hartzeko aukera.
  • Egitasmo honi esker, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, zenbait arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izango da.
  • Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu duten Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloak udaberrian izango dira, hiru saiotan: martxoaren 14an, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an.

Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Cortés Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak. Horrez gain, “bi kulturen” estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak) irakurgaien artean, gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.

2023ko udaberriko solasaldi-zikloa

Lehenengo solasaldia martxoaren 14an izango da. Itziar Cortés Etxabe izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Itziar Cortés Etxabe: hizkuntzak aro digitalean.

Itziar Cortés Etxabek Ingeniaritza Informatikoko ikasketak ditu, eta hizkuntzaren prozesamenduan espezializatuta dago. Ingeniaritza-alorreko ikasketetan emakumeek duten presentziari buruz ikertzen ibili zen karrera amaitzear zela; orain, adimen artifizialaren arloan lan egiten du, zehazki hizkuntza-teknologiekin. Ikerketan eta garapenean lan egin izan du, esaterako, elia.eus itzultzaile automatikoaren proiektuan, eta, gaur egun, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko koordinatzailea da.

Marian Iriarte Ormazabal izango da bigarren elkarrizketatua. Polimeroak izango ditu hizpide, eta solasaldia apirilaren18an egingo da, Marian Iriarte Ormazabal: kimika, egunerokoan izenburupean.

Marian Iriarte Ormazabal Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da; Donostiako Kimika Fakultatean dihardu 1991z geroztik. Zientziaren dibulgazioan ere aritzen da, eta, egun, Kimika Fakultateko dekanoa da. Haren ikerketa-arloa polimeroak dira. Polimeroak ontzigintzan hain erabiliak direnez, eta bizitza hain laburra dutenez, eragin oso kaltegarriak dituzte ingurumenean. Horrenbestez, azken urteetan, polimero biodegradagarrien munduan dabil, ontzigintzan erabiltzen diren polimero edo nahaste polimeriko asko ordezkatu ahal izateko.

Azken solasaldia Aiora Zabala Aizpururekin egingo da, maiatzaren 16an. Aiora Zabala Aizpuru: natura gure esku izenburua izango du.

Aiora Zabala Aizpuru Ingurumen Zientzietan lizentziatua da, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Unibertsitateko irakaslea da, eta Nature Sustainability zientzia-aldizkarian editore izan zen lau urtez. Dibulgazioan ere aritzen da, ingurumenari, jasangarritasunari eta giza zientziei buruz, eta iaz (2022an) Natura gure esku liburua argitaratu zuen.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira.

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan parte hartzeko aukera izango da aurtengo udaberrian

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.