Emaidazu titular bat

Emaidazu titular bat –

Elkarrizketak arte bat dira bere horretan. Elkarrizketa on bat entzutea bi lagun piano bera jotzen entzutea bezala da, txalapartaren ttakuna eta herrenaren antzeko zerbait, elkarrizketatzailearen eta elkarrizketatuaren arteko vals bat.

Emaidazu titular bat

Baina batzuetan elkarrizketatzaileak erritmoa bizkortzen du, supituki, eta elkarrizketatuaren oina zapaltzen du dantzan, bere txalaparta kolpea aldamenekoari gainjarri. Asonantzia bat sumatzen da.

Bada edozein partituratan nekez sartu ahal den galdera bat: “definitu ezazu hitz batean”.

Beno, “galdera” denik ere ezin esan. Gaia, gehiago. Gai-jartzaileak bertsolariari eskatu dio konplexutasun, ertz eta korapiloz jositako gai sakon bat kopla bakarrean lantzeko. Kritikoak gara bertsolariarekin, baina existitzen al da gai horri kopla batean taxuz erantzuteko modurik ?

Galdera hori luzatzerako orduan aurreikusi daiteke titularra hortik aterako dela. Alvarezek bere twiterrean tarte hori azpimarratu du, eta beste hedabide batzuk ere albiste moduan zabaldu dute.

Kazetaritza ez da neutrala, eta titularrak ere ez. Hori azpimarratu bada elkarrizketa osotik hautu bat egin delako da, gogoeta batzuk alboratuz eta bakarra hautatuz. Bestalde, hedabide espainiar batzuek hori haizatzeak ere zerbait esan nahi du: asko interesatzen zaiela Mugimendu Sozialistaren eta Ezker Abertzalearen arteko talka. Eta Donostiko alde zaharrean bezala bada, elkarri ostiaka ikurriña baten azpian, hobe.

Ezinezkoa da galdera batzuetatik onik ateratzea. “Defini ezazu hitz batean” delakoa hitz batean definitu beharko banu: amarrua.

Emaidazu titular bat