Elur urte, ezkur urte?
Elur urte, ezkur urte? –
Urtzi Urkizuk kontatu digu BERRIAn: elurra egitean nabarmen igotzen dira ‘Teleberri’-ren ikusle datuak.
“ETBko albistegi zerbitzuek ahalegin berezia egin ohi dute denboraleak eta elurra iristen direnean, toki askotara berriemaileak bidalita. Zuzeneko konexio ugari egiten dituzte eguraldiaren gorabeherak zertan diren kontatzeko, eta hala egin zuten joan den astean ere. Halakotan, ETBren albistegietako ikusle datuek gorantz egiten dute, bereziki Teleberri-renak. Urtarrilaren 17an, eguerdiko Teleberri-k %26,9ko kuota lortu zuen; urtarrilaren 18an, berriz, eguerdiko ETB2ko albistegiak %24,9ko ikusle kuota lortu zuen, eta gauekoak, %25ekoa. Batezbestekotik oso gora daude datu horiek, iaz ETB2ko albistegiek %18ko kuota izan baitzuten batez beste. ETB1eko albistegietan ere izaten du eragina eguraldiarekin lotutako edukiak. Hala, urtarrilaren 18an gaueko Gaur egun lider izan zen bere ordutegian ikus-entzule euskaldunen artean —%11,4ko ikusle kuota—. Datuak apalagoak izan ohi dira gaztelaniazko katean baino. Urtarrilaren 18an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETB2 katea izan zen gehien ikusi zena: %10,2ko ikusle kuota bereganatu zuen. Kontuan hartu behar da 2022. urte osoko datuei erreparatuz gero ETB2 laugarren katea dela gehien ikusien artean; iaz, %8,6ko ikusle kuota izan zuen”.
Beraz, badirudi audientzia lortzeko funtzionatzen duen estrategia bat dela elurteez jo eta su informatzea… eta zergatik utzi albo batera fruituak ematen dituen lan lerro bat? Arazoa da 2023a historiako urterik beroena izango dela aurreikusi dutela meteorologia institutuek, eta aldaketa klimatikoa etxeko sukaldera sartu zaigula. “Ezkur urte, elur urte” dio esaera zahar batek, baina ez du zertan alderantziz izan, hots, elur urteak ezkur ugari ematea kate publikoari, elurra geroz eta urriagoa izan behar baldin bada (beti geratuko dira nazioarteko konexioak).
Bestalde, EITB amateur hutsa da Zaldieroarekin alderatuta. Horrek bai ateratzen diola zukua eguraldiari. Agian gainera etorriko zaizkigun bero zapen berri emateak sortu ahal dituen aukerei erreparatzea egokiagoa litzateke, tamalez. Tamalez, bai eguraldiarengatik, eta bai gure ikus-entzunezko kontsumo ohiturengatik.