Elkartzen gaituena

Elkartzen gaituena –

Ana Urkiza, Noticiasen.


Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua, Gasteizko Europa jauregian izango da, urriaren 2tik 4ra. “Herri ituna(k) jendartearen eta lurraldeen kohesiorako” izango du goiburu, eta leloa: “Elkartzen gaituena”.

Elkartzen gaituena

Eusko Ikaskuntzaren kongresuak hitzordu historikoak dira, ikerketa eta kultura propioa sustatzeaz gain, gure gizartearen erronken eta beharren prospekzioa egiten duelako. Kongresu honek ere, prospekzioa modu partekatu eta konprometituan egin nahi du, gure gizartearen eta lurraldeen arteko kohesioa hobetuko duen kontratu sozial berri baterako ekarpenak bilduz eta zabalduz.

XIX. Kongresu honetan, Eusko Ikaskuntzak azken sei urteetan egindako lana ezagutzera emango da, hau da, XVIII. kongresutik gaur egunera egindako ikerketa eta azterketen emaitzak emango dira ezagutzera eta, ohi duen bezala, etorkizuneko lan-lerroak zeintzuk izan daitezkeen agertuko du modu propositiboan.

Hiru izango dira kongresuan landuko diren gai nagusiak: Eredu sozioekonomiko berria eta ongizatearen gizartea, Jendartea, eta Lurraldetasuna. Eta egun bakoitzean, Eusko Ikaskuntzak gidatu dituen proiektuetan parte hartu duten pertsona eta lantaldeetako adituez gain, kanpoko begirada ere txertatuko da, errealitate eta proposamen aurrerakoiak partekatuko dituztelarik. Horietako izen batzuk dira, Hilary Cottam, Londreseko University College-eko berrikuntza institutuko ikerlari eta dibulgatzaile ezaguna, CSICeko kidea eta zientzia politikoetan doktorea den Mª Angeles Duran, Lola Almendros filosofian doktorea, edota Northwestern unibertsitateko filosofia katedraduna, Cristina Lafont.

Kongresu dibulgatzailea eta partehartzailea izango da. Eusko Ikaskuntzaren lehenbiziko kongresuan esan bezala, Euskal Herria eta bere kultura maite duten guztientzat irekia. Hori dela eta, herritar guztiak daude gonbidatuta hitzordu historiko honetan parte hartzera. Bertan, Eusko Ikaskuntzak ekarpen berriak egingo ditu, bai gizarte eta lurralde kohesiorako beharrezkoak diren proposamenak egitean, bai zer eraikitzea dagokigun azaltzean: euskal komunitate berria.

Elkartzen gaituena

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude