Elkartasunerako egunak
Elkartasunerako egunak –
334.000 lagun gizartetik at, baztertuak ditugunean Euskadiko Erkidegoan, (%15.2 Karitasen Foessa Euskadi 2019 txostenaren arabera)… Zahar etxetako langileak 130 egunetik gora greban daramatzatenean, hezkuntzan hilabeteko greba iragartzera iritsi behar izan direnean, alegia zaintzaileak horrela zaintzen dituen gizarte batean, bizitzak horrela zaintzen direnean, zaintza soilik emakumeen eta etorkinen zeregina dela uste denean … bere buruaz beste egiten dutenen kopuruak sabaia jotzea ez da harritzekoa. Inora begiratu gabe, hemen, bertan, benetako krisi humanitario batean gaudenaren sintomak garbiak dira.
Seko despistatuak gabiltzala alegia eta seko despistatzen gaituela gizarte kapitalista honek nere iritzian.
Ba ote gizakiak bizitzaren hasieran, bizitzan zehar edo bizitzako ziklo amaieran behar duen zaintza (hau da hezkuntza) baino gauza ezinbestekorik, beharrezkoagorik, garrantzitsuagorik. Ez dut uste. Ez jasotzen duenarentzat eta ezta eskaintzen duenarentzat ere. Gizakion behar oinarrizkoena dugulakoan nago ondokoen ongizatea, eta gure beharrei erantzutean soilik oinarritzen delakoan gure bizitza, handiena. Ba ote seme alabentzat bere aitak edo amak eskaintzen dion enpatia, maitasuna, baldintzarik gabe entzutea edo ulertzeko ahalegina baino gauza soil eta handiagorik, ba ote aitona edo amona batentzat bere ondorengoek eskaini ahal dien laguntza baino gauza handiagorik, ba ote bizitzan zehar gaixorik denari edonork eskaini ahal dion gertutasuna baino gauza handiagorik. Ez soilik jasotzen duenarentzat, berdin berdin eskaintzen duenarentzat ere. Edo zer da ondoko bat galtzean benetan galtzen dugun gauzarik handiena, berak guganako zuen, enpatia, maitasuna edo entzun eta ulertzea baino.
Aukeraz betea dugu ingurua, gaur eta hemen bertan, urrunera begiratu gabe, gure gizartean.
Animo beraz, aprobetxatu, ez utzi aukerei joaten!
Maitasunez blai.