Elkartasuna borrokan

Elkartasuna borrokan –

Elkartasuna borrokan
Arg: Xiberoko Botza

Joan den ostiralean, Zuberoan, Ezpeize herrian, bazen mugimendua Pierrette etxaldean. Etxalde horretan badira ehun bat abere buru, ttipi-handi. Horietatik bat tuberkulosi azterketan positibo atera zen. Behi bat eri; beraz, beste 99 hil behar zirela manatu zuen Frantziako administrazioak.

Etxalde horretako familia guzia desesperatua zen. Nola ezetz erran erokeria horri? Nola iharduki norbanakoa —laboraria, kasu horretan— porroskatzen ahal duen administrazio guztiz ahaldunari?

Familiak dei egin zion ELB sindikatuari eta honek kasu hori sinbolo bilakarazi du. Laborari eta herritar anitzek ulertu dute zer zen jokoan. Joan den martxoan, segidan 400 herritar bildu ziren Ezpeizen, behien barrukiaren aitzinean administrazioari hordago bat ozen oihukatzeko. Prefeturak eta laborantza ministeriokoek ulertu dute indar harremanen jokoa ez zela arras haien alde. Usaian bezala. Kasu aitzindariak badituzte ELBk eraman dituen beste borroka batzuekin. Orduan, negoziazio luze eta eztabaidatsuak hasi dira ELBren, familiaren eta administrazioaren artean.

Orain arte Frantziako Estatuan sekula zutik eman ez den protokolo sanitario berri bat adostu da. Ondoko egunetan 35 behi hil beharko dira, baina beste 65ek bizirik iraunen dute proba batzuk eginez.

Anartean, behi horiek guziak ez dira borturat joan ahal izan beste urteetan bezala, eta bazka eskas izanen zuten laster etxaldean.

Horretarako dira, beraz, iragan ostiralean, 22 belar erremorka eskainiak izan Sicre familiari ELBk antolatu zuen zuhain-bilketa operazioan.

Elkartasunaren irudi ederrena ikusi izan ahal dugu: familia osoa hunkiturik, negarretan, baita harat hurbildu ziren laborari anitzen begiak ere bustirik…

Elkartasuna borroketan obratzen segituko dugu!

Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua

Elkartasuna borrokan

Landibarren laborari, ELB sindikatuko idazkari nagusia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude