Arantza Ibarra: “Errespetuz heldu nahi izan diot gaiari, erantzukizunez”
Arantza Ibarra: “Errespetuz heldu nahi izan diot gaiari, erantzukizunez” –
Gertatutakoa ezagutzean ezintasuna sentitu zuen Arantza Ibarra zinegile ondarroarrak. Bere herriko gazte transexual batek bere buruaz beste egin zuen 2018an, eta berehala ekin zion informazio biltzeari. Gazte horrek Ekai Lersundi zuen izena, eta haren omenez 21 minutuko iraupena duen Mi pequeño gran samuari (2020) film labur dokumentala aurkeztuko du zinemagileak Zinegoak – Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen 17. Nazioarteko Jaialdian. Izaskun Arandiak ekoiztu du lana.
Iaz bertan, Zinegoak jaialdian proiektuaren teaserra erakutsi zenuen Work in Progress saio berezi batean. Aurten, aldiz, zure lana Arriaga Antzokian egingo duten inaugurazio galan emango dute. Esan daiteke, nolabait, zikloa itxi egiten dela?
Betidanik bertaratu naiz Zinegoak jaialdiko emanaldietara, izan ere, nahiz eta ondarroarra izan, hemezortzi urte eman ditut Bilbon bizitzen. LGTBI+ jaialdietan garrantzitsuena da, Madrilen egiten dutenaren atzetik, eta Mi pequeño gran samuari hemen estreinatzeko aukera honek asko pozten nau. Ezin zitekeen beste inon izan. Abiapuntu polita izan zen iazko Work in Progress saioa, eta orain, hilabete luze hauetan egindako lanaren emaitza Zinegoaken aurkezteak borobildu egiten du.
Gizarteak orokorrean, eta jaialdiak berak ere, Ekairi zor ziola uste al duzu?
Bai, dudarik gabe. Dokumentala omenaldi bat da, eta inaugurazio galan pantailaratzea oso berezia da. Baina lanaren asmoa urrunago doa. Ekairen aitak esan bezala, film labur honek norbaiti laguntzeko balioko balu primeran legoke, gazte bakar bati balitz ere. Ikusgarritasuna eman nahi diogu bai Ekairen kasuari baita haur transexualen egoerari zein horiek bizi duten burokraziari. Ez dugu Ekairena bezalako heriotza gehiagorik nahi, eta mezua zabaltzeko zinema tresna egokia dela uste dut.
“Film labur honek norbaiti laguntzeko balioko balu primeran legoke, gazte bakar bati balitz ere”
Ekairen gurasoek ez dute oraindik filma ikusi. Zergatik hartu duzu erabaki hori?
Ez dut nahi beraiek filma ordenagailu batean edota kazetariz betetako prentsa emanaldi batean Mi pequeño gran samuari ikus dezaten. Nik nahi dudana da gu guztion babesa izatea, eta horretarako momenturik ederrena Arriaga Antzokiko inaugurazio ekitaldiko saioa izango da. Hala ere, jatorrizko planteamenduan edo gidoian egin ditudan aldaketen jakitun izan dira prozesuan zehar. Zer sartu, nola sartu… beraiekin hitz egin dut, sorpresarik ez egoteko. Adibidez, Eusko Legebiltzarreko bideoak erabiltzerakoan, denon artean adostu dugu zein pasarte, esaldi edo momentu sartu.
“Nik nahi dudana da gu guztion babesa izatea, eta horretarako momenturik ederrena Arriaga Antzokiko inaugurazio ekitaldiko saioa izango da”
Bildutako materiala sailkatzen eta muntatzen lanak izan dituzu?
Uste dut inoiz ez dudala horren grabaketa zoroan parte hartu. Hiru taldetan banatuta geunden eta kontrolaezina egin zitzaidan egoera. Kaos hori muntaketa fasean ere sufritu nuen. Krisialdi handi bat izan nuen, izan ere, errespetuz heldu nahi izan diot gaiari, erantzukizunez. Ekairen gurasoak dokumentalarekin pozik eta eroso sentitzea nahi dut, eta horrek presioa eragin dit. Kontu garrantzitsu asko kanpoan utzi behar izan ditut, eta transmititu nahi nuen horretan zuzenean zentratzea erabaki dut.
Proiektua erakundeen laguntzarik gabe finantzatzea erabaki duzu. Zergatik?
Ekairen gurasoekin harremanetan jarri nintzenean esan zidaten ez zituztela diru-laguntzen deialdiak itxaron nahi, momentuan bertan egin beharreko zerbait izan behar zuela. Izan ere, gazteak bere buruaz beste egin zuela urtebete pasatzera zihoan eta, omenaldia egin nahi zioten herrikideek Ondarroan. Asteburu horretan bertan hartu behar genituen irudiak. Bagenekien erakundeengana joz gero proiektuan eskua sartuko zuketela, eta guk geuk kudeatu nahi genuen dena. Gauzak horrela, diru-bilketa egitea otu zitzaigun, eta horretarako, herrian kartelak jarri genituen bizilagunen laguntza jasotzeko.
(…) Irakurri elkarrizketa osoa, ZINEAn.