Elkarlanaren ideiak zeharkatzen du goitik behera Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023
Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023 –
Iazko urteak eman duenaren azterketa eta 2023an dauden erronka nagusiak jasotzen ditu Behategiaren urteroko Euskal Hedabideen Urtekaria argitalpenak. Azken horien artean dago digitalizazioaren eta adimen artifizialaren garapena baliatzeko urrats sendoak eman beharra; dela eleaniztasuna, ikus-entzunezkoak, audientzien neurketa edo berrikuntza bezalako eremuetan.
Hamalau artikuluk eta hiru eranskinek osatzen dute alea, eta hogeita hamazazpi sinatzaile ditu orotara. Lehenengo biak, Behategiko koordinatzaile den Libe Mimenza Castillok eta Hekimen elkarteko zuzendari den Igor Astibia Teiletxeak idatzitako kronika bana dira. Nazioarteko joerak aztertu ditu lehenak eta euskal hedabideen ikuspegitik iazko urtearen errepasoa egin du bigarrenak.
Itziar Laka Hizkuntzalaritzan katedradunak ekarri du aurten gogoetaren atalera eleaniztasunari buruz aspaldi lantzen dabilenaren lagin bat. Euskara arrain elektrikoen itsasoan izena darama idazkiak eta esparru horretan erabakiak hartzeko eta urratsak emateko noranzkoa aski definitua dauka.
Bost dira sektorean (edo beragandik oso hurbil) dihardutenen ahotik jasotako artikulu laburrak, eta honako gaiak jorratzen dituzte: Goiena, Tokikom eta EITBren arteko elkarlana (eta 22. Korrika hedatzeko elkarlanaren inguruko eranskin labur bat); sortu berria den Badalab egitasmoa; Zibererasoen aurrean hartu beharreko neurriak; Wikipedian edukiak partekatzearen garrantzia; eta EnpresaBidea komunikabide berriaren sorrera.
Sei dira ikerketa lan luzeen ondorio diren artikuluen saila osatzen duten lanak: EHU-EITB Multimedia Komunikazioan Masterra duen Eneko Iriondo ikerlariak idatzitako Euskarazko ikus-entzunezkoen egungo produkzioa. Ekoizpenaren, kontsumoaren eta zabalkundearen azterketa, begirada kualitatiboa ardatz. IƱaki Zabaleta ikertzaile buru duen UPV/EHUko HEKA taldeak egindako Europa txikiaren sareko albisteak: hizkuntza gutxituen online agenda orekatua, mundu mugatua azterlana. Twiterren jarraitzaile gehien dituzten Behategiari lotutako zazpi hedabideen komunitateen analisia egiten duen Hedabide euskaldunen audientziari buruzko sareen analisia artikulua; Jordi Morales i Gras eta Amaia Perez de Arriluzea Madariaga Eudan.eus-eko analistek eginikoa. CodeSyntax enpresako Josu Azpillagak Libe Mimenzaren laguntzaz aztertutako Hekimen elkarteko webguneen analisia dakarren Hekimen elkarteko webguneak 2022. urtean eta azken 10 urteetan artikulua.
Amaitzeko, podcastgintzara zuzendu dugu antena eta bloke bat osatu dugu bi ikerketarekin eta beste bi eranskinekin. Batetik, Euskarazko podcasten egoera landu du Mondragon Unibertsitateko graduatu talde batek, Eneko Bidegainen gidaritzapean. Eta, bestetik, Feminismoa Euskal Herriko euskarazko podcast unibertsoan aztertu du Arantza Gutierrez-Paz buru duen UPV/EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldeak. Blokea osatzen duten eranskinak dira, LGTBIQ+ podcastak euskaraz, animalia mitologiko hori, azken talde honen eskutik; eta Podcasten kontsumoari begirada bat, UPV/EHUko NOR Ikerketa Taldeko Edorta Aranak sinatuta.
Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023 sarean dago eskuragarri, behategia.eus helbidean. Berrikuntza gisa, lanean ari gara laster artikuluak ingelesez ere emateko webgunean, Elia itzultzaile automatikoaren bidez.