Elkarkidetza nola eszenaratu
Elkarkidetza nola eszenaratu –
Azken berrogei urte hauetan bizi izan ditugunak adierazten digu -nahiz helburuak zehazten lagundu-, konfrontazioa eta zatiketak norentzat diren mesede. Ikusi besterik ez dago nork eta nolako helburuekin kudeatzen dituzten Carlos III eta Ajuria Eneako jauregiak. Baita boterea eskuratzeko, zer nolako indar metaketa bitxiak gauzatzeko gaitasuna erakusten duten. Baina esperientziak esaten digu ere, beti izan ditugula etsai indartsuak aurrez aurre. Ez baita gaurkoa Paris eta Madriletik jartzen diguten amu zitala: Demokraziaren aroan bizi gara, Instituzioak inpartzialak eta demokratikoak dira. Instituzioen bidez autodeterminazioa lor dezakegu. Gure herriaren biziraupenerako gaindiezinezko muga Federalismoa da. Guk daramagun erresistentzia da “bakea” oztopatzen duen bakarra, eta abar.
Baina egia beste bat da, Gobernuak, alderdien oligarkiak erabakitzen dituztela, eta Parlamentuak ez direla erabakien gune nagusia, ezta benetako eztabaidaren aretoa ere. Horretaz asko ikasi zuena Laudion jaiotakoa da, galdetu berari.
Alferrik ari dira, diskurtso hori zaharkitua eta gezurrez hornitua dago. Hedabideen laguntzarekin urteak daramatzate gerra ideologikoan sakonduz. Egia baita, ideologia eta psikologia, garrantzi handiko tresnak direla asimilazio prozesuan. Horretaz gogora dezagun Thomas Hobbes, filosofo ingelesak zioena: “Force, and fraud, are in war the cardinal virtues” -Indarra eta iruzurra, gerra guztien bertute kardinalak dira-.
Bai Frantziak, bai Espainiak, beraien diskurtsoa aldatzen ez duten arte, hauei muzin egin eta nahiago dut AEBtako 28garren presidentea zelarik, Thomas Woodrow Wilsonek, 1918an esandakoari heldu. Europan nazioarteko bakea lortzen lagunduko zuelakoan, autodeterminazio eskubidearen arrazoi eta edukiak plazaratu baitzituen, nahiz egia izan, juridikoki indarrean 1976an sartu.
Ez dago esan beharrik erabaki honen esanahia, garrantzi handiko eta sakona dela, mundu osorako noski, baina bereziki Euskal Herria bezalako herri estaturik gabekoentzat. Honek esan nahi du, jasaten dituzten-ditugun legediak, instituzioak, administrazioak, egitura politikoak, militarrak, kulturalak, sozialak, administrazioa, eta abar, zilegitasunik gabekoak direla, autodeterminazioaren eskubidea gauzatzea debekatzen zaien-zaigun bitartean. Zergatik? Herrien autodeterminazio eskubidea, demokraziaren, bakearen eta instituzio guztien hastapen eta iturria delako.
Beraz, Estatuak herriari burujabetza ukatzen dion bitartean, armada edo beste indarkeriak erabiliz, ez dago demokraziarik eta uko egiten dio bakeari.
Horrela, ustelkeri politikoen lokatzez leporaino daudenak, eta nahiz bozka sostenguak behar adina indarrik ez, dirua eta boterea kudeatzen ari dira. Harro, demokraziaren zaindari balira bezala. Beti daude dirua dagoen tokian. Dirua baita beraien elikadura nagusia. Asebeteta daudenean neurririk gabe xahutzeko, eta gosez daudenean, bereganatzeko.
Askotan -liskarra saihestu nahian edo-, erantzunik gabe uzten ditugu, ozen eta batere lotsarik gabe, gezurrez beteriko hitz potolo bezain maltzurrak entzuten ditugunean. Egia baita, berdinen arteko partaide izan gaitezke, “baina nazio inposatzaileko kide garela onartzen dugun neurrian”.
Ildo beretik, Nafarroan, Corellako semeak zioen gauza berbera esaten digu, orain Cintruénigon jaiotako alabak, alegia, nafarrak espainolak garela. Ez dago aldaketarik, EAEko lehendakari izanik Patxi López jaunak, nortasun euskaldun edo espainiarra aurrez aurre jarri ziotenean Gasteizko Parlamentuan, gaztelania ederrean esan zuen: “me gustan los peces de colores”. Ez nahiz hori zalantzan jarriko duena. Onartzen dut arrain koloretsuak dituela gustuko, zergatik ez? Baina argi daukat, soilik bi kolorekoak, horia eta gorria.
Horrelako ika-mikak, betiko folklorea da, ez du batere mamirik, kazetarien “bazka” besterik ez dira. Garrantzi sendoa duena zera da, EAJ-k daraman ibilbide argia eta ezaguna, horrek bai duela garrantzia. Bere politika egiteko era ez baita gaurkoa, ez dute bere betiko gidoia aldatuko; Madriletik adostasun mezua jasotzen dutenean, bakarrik azken urratsa emango dute; elkar kidetza nola eszenaratu. Eta hori, EAJ-k egiten badaki.